Euskarabideak Erdozia saritu du

Guaixe 2021ko uzt. 6a, 12:30
Jose Luis Erdozia Mauleon Etxarri Aranazko toponimiari buruzko liburuaren aurkezpenean. ARTXIBOA

Jose Luis Erdozia Mauleonek 'Lehengo harenez. Nafarroako euskal hizkeretako lexia konposatuak' lanarekin Euskarabidearen euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketan saritu dute, eta ikerlana argitaratu da.

Euskarabideak, Euskararen Nafar Institutuak, euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketa antolatzen du 2018z geroztik. Lehiaketa honen helburua euskararen inguruko lexikografia, dialektologia, toponimia eta soziolinguistikako ikerketak bultzatzea da eta arlo horretan ikertzaileek egiten dituzten azterlanen argitalpena sustatzea. Joan den urteko deialdia saria handitu zuen, eta horretara 12.000 euro bideratu zituen. Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi du bi saritu izan direla. Alde batetik, Koldo Colomoren Hiztegi ttipia. Izarbe eta Mañeru Ibarretako euskal izengoitiak liburuaren egilea, eta Jose Luis Erdozia Mauleon etxarriarraren Lehengo harenez. Nafarroako euskal hizkeretako lexia konposatua lana. 

Erdoziak bere ikerketa lanean hiztegietan sarrera nagusi edo azpisarrera moduan, normalean, agertzen ez diren bederatziehunik gora lokuzio, esapide edo esamolde, aditz perifrasi eta gainerakoak bildu ditu. Nafarroako euskal hizkeren eremuetako hiztunek erabili izan dituztenak dira, eta horietako zenbait, oraindik erabiltzen direnak.

Jose Luis Erdozia Historia eta Geografiako lizentziaduna eta Euskal Filologiako doktorea da. 2005etik Euskaltzaindiko Euskalkien Lantaldeko kidea da eta 2006an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Aldizkari espezializatuetan (FLVn, Euskeran, ASJUn, Príncipe de Vianan, Cuadernos de Etnología y Etnografían) hogeita bost artikulu argitaratu ditu eta, horretaz aparte, sei liburu argitaratu ditu, guztiak Sakanako euskarari eta toponimiari buruzkoak: Sakana erdialdeko euskara (2001, doktore tesia), Sakanako hiztegi dialektologikoa (2004), Sakana erdialdeko bitxikeriak: esaerak eta beste (2004), Altsasuko euskara (2006), Sakanako hizkeren araberako idazkera batua (2007) eta Etxarri Aranazko leku-izenak herrigune historikotik kanpo. Egungo toponimia ofiziala (2019).