Pilota / pala

Etxarri Aranazko pilota eskola biziberritzeko deia

Guaixe 2021ko uzt. 13a, 12:00
Gure Pilotako pala eskola sendotuta dago, baina pilota eskola ez dago bere unerik gozoenean, eta hura sustatzeko ahalegin berezia egin nahi dute.

Gure Pilota pala eta pilota eskolan izena ematea zabalik dago uztailaren 16ra arte. Pala eskola oso egonkortuta dago, baina pilota eskola indartu eta biziberritu nahi dute

2021/2022 ikasturterako izena ematea zabalik du Etxarri Aranazko Gure Pilota klubak, uztailaren 16ra arte. Bi modalitate eskaintzen dituzte: pala eta esku pilota. Gure Pilotako pala eskola oso egonkortuta dago –aurten pala eskolan 35 neska trebatu dira, eta, aparte, zortziren bat aritzen dira txapelketetan–, eta datorren ikasturterako harrera ona espero da. Baina pilota eskola ez dago bere unerik gozoenean, bukatu berri den ikasturtean ez baitzen pilota talderik atera. 

Horregatik, pilota eskola berpiztea eta biziberritzea da Etxarri Aranazko Gure Pilota klubaren helburuetako bat. Izan ere, Etxarri Aranatz pilotarien sorleku aparta izan da. Horren adibide dira Oscar Lasa, Aitor Zubieta eta Adur Lasa pilotari profesional ohiak, Etxarriko taldean trebatu zirenak. Horregatik, berriro ere Etxarri Aranazko pilota eskola martxan jarri nahi da, eta Etxarriko neska-mutilak pilota eskolan izena ematera animatu dituzte. 

Izena emateko
Gure Pilotako pilota eta pala taldetan izena ematea zabalik dago uztailaren 16ra arte. Neskak eta mutikoek dute horretarako aukera, palaaris@gmail.com posta elektronikora idatziz edo 638 138 231 telefonora hots eginez.