Udalak hiru epaitza salduko ditu

Guaixe 2021ko uzt. 13a, 13:01

Epaitza ateratzeko lanetarako makina enborren ondoan. ARTXIBOA

Haiek eskuratzeko proposamenak larunbatera arte egin daitezke

Etxarri Aranazko Udalak 2021 eta 2022 urteetarako baso ustiapen eta hobekuntza planaren barruan, hiru epaitza saltzeko deialdia egin du. Zuhaitz horiengatik guztiengatik guztira 159.556,95 euro eskatzen ditu. Haiek eskuratzen interesa duten enpresek beraien eskaintzak erregistro elektronikoaren bidez egin beharko dute larunbaterako. 

Lehenengo epaitza Utzubar, Galardi, Elordiko zuloa eta Opolin dermioetan dago, eta bertako haritzez eta amerikar haritzez osatuta dago. Haiengatik udalak 17.742,64 euro eskatzen ditu. Bigarren epaitza Osoin, Osoingo gaina, Osoingo zabala eta Sasibeltzan dago. Amerikar haritzek, pagoek eta bertako haritzek osatzen dute epaitza. Haren balioa 84.616,34 eurokoa da. Azken epaitza, berriz, Epele, Epeleko sarea eta Epelaundin dago, eta amerikar haritzez eta zenbait pagoz osatuta dago. Azken horrek 57.197,97 euroko balioa du.