Udalak 2,4 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu

Guaixe 2021ko uzt. 21a, 13:03
Eskuineko eraikina da jaso berri dutena.

Pandemiak baldintzatutako aurrekontuetan 575.000 euro aurreikusi dituzte inbertsioetarako. Kopuru hori gehiago handituko da joan den urteko kontuak itxi eta diruzaintzako gerakinarekin lanak egitea aurreikusi baitute.

Udalaren aurrekontuak “nahiko kontinuistak” direla zehaztuz hasi du Silvia Marañon Chasco alkateak azalpena. Zehaztu duenez, “pandemiak gauzak nahiko gelditu eta baldintzatu zituen. Horregatik, joan den urtean egin beharreko inbertsio batzuk aurtengo aurrekontuarekin ordainduko dira”. COVID-19 gaitzaren eraginak batez ere lanen atzerapena ekarri zuela argitu du alkateak: “ez da diru falta, baizik eta obrarako materialak jasotzea asko kostatu zitzaiela enpresei, langileak aldi baterako enplegu erregulazioan zituzten… Obren martxa dexente baldintzatu du horrek. Esaterako, hiltegiko zatikatze gelako lanak egiteko epea luzatu behar izan da”. Eskolan galdara ordezkatzeko lanak ere pandemiak harrapatutakoen artean daude. 

Etxarri Aranazko Udalaren aurtengo aurrekontua 2.400.773,7 eurokoa da. Haietatik 575.319,31 euro inbertsioetara bideratutakoak dira. Aipatu bi lanek eramaten dute atal horren zatirik handiena: hiltegiko lanak egiteko 250.000 euro bideratu dira eta eskolan pellet edo ezpala erregai gisa darabilen galdara jarri, biltegia eta beste egiteko 118.000 euro bideratu dira. Gainera, udalak zaharkituta zegoen ibilgailu bat ordezkatu eta pick-up erako bat erosi du 32.000 eurotan. 

Hiltegiko zatikatze gelako lanak oso aurreratuta daude. Marañonek azaldu duenez, “ahal den azkarren bukatu nahi dugu. Gero antolaketa heldu da. Sakanako Garapen Agentzia eta ekoizleak nola kudeatu aztertuta dute, eguneroko martxa zehaztea da falta dena. Baita makineria erostea eta muntatzea ere”. Gela urte akaberarako erabilgarri nahi lukete, baina zuhurtasunagatik ez du data zehatzik eman nahi izan. 

Gehiago 
Baso lanak eta abeltzaintza azpiegitura lanak bi urteko aurreikuspenarekin egiten ditu Etxarri Aranazko Udalak, gero Nafarroako Gobernuari haien finantzaziorako laguntza eskatzeko (inbertsioaren erdia da). Aurtengo udan Ahuntzetxerako bidea konponduko da, beste bide batzuekin batera. Horretarako udalak 45.000 euro aurreikusi ditu. Beste 40.000 euro abeltzaintza azpiegiturak hobetzeko izanen dira. Zehazki, Lizarragabengoko behitegi batera daraman bidea konponduko da, hara egunero kamioia joaten baita esnea biltzera. 

Energia eraginkortasuna handitu eta argindar kontsumoa murrizteko inbertsioak egiten segituko du udalak, hau da, LED argiak jartzen eta beharrezko argindar koadroak aldatzen. Marañonek azaldu duenez, “gehiena eginda dago, ez da asko falta aldatzeko. Esaterako, Burundabide kalea falta da, LEDak jarri eta koadroa aldatu behar da, zaharkituta dagoelako. Hori eginda, zati txikiak geldituko lirateke aldatzeko”. Alkateak azaldu duenez, inbertsioa 80.000 eurokoa izanen da eta erdia dirulaguntza batekin ordainduko dute, izan ere, “2017an IDAEri eskatu genion dirulaguntza bat orain onartu digute”. Bestalde, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatu zioten San Donato eskolako argiteria LEDengatik ordezkatzeko. 8.288,5 euroko aurrekontua du lanak. Marañonek esan duenez, “Next Generation edo beste laguntza batzuekin eginen da, baina lan hori eginen dugu”. 

Azkenik, aurten 25 urte bete dituen kanpineko azpiegiturak berritzeko urtero inbertsioak egiteko asmoa dute Etxarri Aranazko Udalean. Alkateak gogorarazi du joan den urtean igerilekuko ur ihesak konpontzeko lanak egin zituztela. Aurtengoak finantzatzeko dirulaguntzak eskatuko dituzte. Marañonek aurreratu duenez, “jatetxearen eraikinean edo kanpineko zerbitzuak hartzen dituen eraikinean eguzki plakak jarri nahi ditugu. Teknikoek zehaztuko duten zein den kokapen egokiena”. Horrekin batera, motor, bizikleta eta patinete elektrikoendako karga puntu bat jarri nahi dute, erabiltzaileei zerbitzua eskaintzeko. Horretara 12.000 euro bideratuko lituzke udalak. Beti ere, dirulaguntza lortuz gero. 

Diruzaintza 
Gastu araua indarrean zela, udalek dirua inbertsioetara bideratu beharrean zorra pagatzera bideratu behar zuten lehentasunez. Diruzaintzako gerakinarekin inbertsioak egiteko jarritako baldintzek ia ezinezko egiten zuten halakorik egitea. Baina Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Organikoan jasotako zerga-arauak 2021. eta 2022. urteetan etetea onartu ondoren, udalek gordetako dirua erabiltzeko aukera eman zaie udalei. Marañonek argitu duenez, “oraindik ez ditugu joan den urteko kontuak itxi, baina 2019koek emaitza ona eman zuten eta 2020koak horrela izatea espero dugu. Finantza aldetik, udala oso saneatuta dago, ongi gaude. Eta horrek inbertsioak egiteko aukera ematen digu”. Joan den urteko kontuak itxi ondoren, beraz, herrian egin daitezken inbertsioak zehaztuko ditu udalak.