Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi du aurten ez duela ez festarik ez Ama Birjinaren egunik ospatuko, eta ofizialki bertan behera utzi ditu. Udalak azaldu duenez, “erabakia Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak emandako aholkuei jarraituz hartu dugu. Aurtengo festa guztiak bertan behera uztea eskatzen dute, osasun publikoa dela eta”. Udala “jabetzen da herriko festek etxarriar guztiendako duten garrantziaz. Hori dela eta, erabaki hau atsekabe handiz hartu dugu, baina gauden egoeran uste dugu bizitzak erdigunean jartzea ezinbestekoa dela”.
Udalak nabarmendu duenez, “mota guztietako ospakizun eta ohituren gainetik jarri behar dira osasuna eta zaintza, baita jai eremuan ere. Arduraz eta irmotasunez jokatu behar da, birusaren zirkulazioan berragerpenak edo berraktibazioak saihesteko”. Aldi berean, etxarriarrei “arduraz jokatzeko eta osasun-gomendioak betetzen jarraitzeko deia” egin die udalak.