Astekaria

"Pole Sport-ak dena eman dit"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko uzt. 28a, 14:07

Graciela Prado Garcia-Jove Pole Sport egiten.

Etxarri Aranatzen bizi den Graciela Prado Garcia-Jovek istripu baten ondorioz hanka galdu zuen, eta Pole Sport-ari esker segurtasuna eta konfiantza lortu ditu.

Engantxatzen duela esan du. Backflip Pole Sportean entrenatzen du, eta Amaia Beloki da bere entrenatzailea

1. Zer da Pole Sport-a?
Amaia: Barra batean elementuak eta akrobaziak egitea da. Mota asko daude: Pole Sport, Pole Dance, Exotic Pole, Ultra Pole eta abar. Elementu askorekin lan egiten dugu: malgutasuna, mugikortasuna, indarra, memoria, koordinazioa… Hasieran, elementuak lan egiten ditugu, kirol bat da, eta oinarrian teknika eta elementuak daude. Pixkanaka, besteak egiten joan daiteke.

2. Nola ezagutu zenuen kirol hau?
Graciela: Errehabilitazioa egiten ari nintzela, Ubarminen. Errehabilitazioa egiten zidanak Amaia ezagutzen zuen, eta egitea proposatu zidan. Nik aurretik ez nuen beste kirolik egin. Ibiltzera joaten nintzen, baina kirolik ez. Gainera, hasi nintzenean, ez nuen hanka protesikorik. Ez nuen ezagutu ere egiten, telebistan zerbait aipatu izan dutenean.

3. Zergatik erabaki zenuen egitea?
G.: Lehen, Amaiarekin malgutasuna eta gorputz prestaketa egiten nuen ere. Lehen ez nintzen mugitzen, eta nabaritu dut. Bakarrik barra eginez mugikortasuna asko hobetzen da. Oso ongi ikusten dut neure burua: konfiantza irabazi dut.
A.: Hasieran, beldur handiarekin etorri zen. Hankagatik esaten zuen ezin zuela egin, eta nik esaten nion baietz, behintzat saiatuko ginela. Ezin baduzu modu batera egin, beste batera saiatuko gara. Baina ez esan ezin duzula egin!

4. Noiz hasi zinen?
G.: Duela hiru urte inguru. Tarte honetan geldirik egon naiz ebakuntzak egin dizkidatelako. Orduan, hilabete batez gelditzen nintzen, itzultzen nintzen… Baina urritik gelditu gabe aritu naiz. Astean hirutan etortzen naiz: astearteetan, ostegunetan eta larunbatetan. Ordu eta erdi egun bakoitzean. Gainera, etxean barra daukat, eta ez dut hemen egiten dudana egiten, baina gora eta behera aritzen naiz indarra hartzeko. Konfinamenduan online egiten genuen ere.

5. Zer nolako ariketak lantzen dituzue?
A.: Lehenengo egunean beroketak eta gorputz prestaketak egiten ditugu. Oinarriaren araberakoa izaten da. Ez da gauza bera ezer egin ez duen neska bat edo dagoeneko oinarri batekin datorren bat. Normalean, buruz gora jartzen gara, buruz behera, barra igo…
G.: Lehenengo eguna oso txarra izan zen. Zer ari nintzen ni hemen? Bakarrik igotzea ezinezkoa zen. Ipurditik heltzen zidan, eta bultzatzen ninduen. Orain igotzen eta jaisten naiz. Azkenean, egiten duzu. Gehiago edo gutxiago kostatuko zaizu, baina egiten duzu.

6. Dirudiena baina errazagoa da?
G.: Ez. Zaila da. Nire kasuan, barran irauten mina hartzen dut. Batzuek hobeto irauten dute indar handiagoa dutelako, beste batzuek gutxiago. Ariketa batzuk errazagoak dira. Bera ikusten duzu, eta erraza dirudi. Baina jartzen zarenean, ez da hain erraza.
A.: Erraza da, baina hasieran uste dute ez direla gai gauza horiek egiteko. Orduan, teknika ikasten zoaz, konfiantza irabazten… Taldekideen artean ere harremana izugarria da, eta haien artean elkarri laguntzen diote. Hirugarren klasean barra gora eta behera aritzen dira, edo buruz behera jartzen dira. Hobekuntzak laster ikusten dira, lehenengo hilabetean.


Graciela Prado Pole Sport egiten Amaia Beloki entrenatzailearen laguntzarekin. 

7. Zer eman dizu?
G.: Niri dena eman dit. Horrelako zerbait gertatzen zaizunean (istripua) pentsatzen duzu: honaino, hemendik aurrera ez dago ezer ez. Oso gaizki nengoen hasi aurretik. Baina niretzako dena izan da. Autoestimua, zerbait egin dezakedala ikustea… Nire mugekin, badakit noraino iritsi naitekeen, baina egiten dut. Ateratzen naiz ere. Ez nintzen ausartzen kalera bakarrik ateratzera. Fisikoki ere neure burua hobeto ikusten dudanez, ausartzen nahiz gehiago ateratzera. Seguritatea eman dit. Adiktiboa da.

8. Zaletasuna da, edo lehiatzea pentsatu duzu?
G.: Momentuz, afizioa. Ez dut nire burua lehiatzen ikusten. Egoera berean dagoen jendea ikusten duzu, eta izugarria da egiten dutena. Modalitate artistikoan ere ez dut neure burua ikusten, oso arritmikoa naizelako.
A.: Inoiz ez duzu zeure burua ikusten, eta gero dena ateratzen da. Ezin zara beste jendearekin alderatu, zure egoeran dauden asko sofan etzana daudelako.

9. Zer esango zenioke hasi nahi duen pertsona bati?
G.: Animatzeko, asko gozatuko duelako. Sufrituko du ere. Amaia oso gogorra da. Beti hartuko zaitu, baina gogorra da. Nik gomendatuko nuke, engantxatzen zarelako. Oso kirol osatua da.
A.: Ikasleekin komentatzen dut, eta denek esaten dute edozein arazo duzula hemen sartzen zarenean ahazten duzula. Zeure buruari eskaintzen diozun momentu bat da, zeuri, zure gorputzari eta disfrutatzeari.

10. Jantzi berezia eramaten duzue, ezta?
A.: Top-a eta short-a. Barrara azalarekin heltzen zara. Seguritatea zure azalak ematen dizu. Praka bereziak daude ere, baina hoberena azala da. Azkenean, guk maskurra dugu.
G.: Hasieran konplexu asko nituen. Denak. Oraindik baditut, baina hasieran ez nuen elastikoa kentzen, eta short luzeagoak eramaten nituen. Orain lotsa kendu dut. Oso lotsatia naiz, baina hemen dena galtzen da. Orain, zenbat eta arropa gutxiago, hobeto.

11. Stripteaseko artisten estereotipoa dago. Nola egin aurre?
A.: Ni soinketa artistikotik nator, eta hasi nintzenean oso jende gutxik egiten genuen. Galdetzen zidatenean ea zer egiten nuen eta barra batean akrobaziak egiten nituela erantzuten nuenean, esaten zidaten ea noiz dantzatuko nien. Eta zergatik dantzatu behar dizut? Gero eta gutxiago identifikatzen dute, baina zaila izan da.
G.: Hollywoodek jarri duen estereotipoa da. Egia da lehengo gauza horrekin identifikatzen dutela, baina askoz gehiago dago.