Pilota

Etxarri Aranatzen jokatzeak ea Ezkurdia animatzen duen

Guaixe 2021ko uzt. 30a, 12:00

Ezkurdiak Elezkano izango du aurkari, aurreko koadroetan, Etxarri Aranatzen.

Gaur, ostirala, Masters CaixaBank Torneoko hirugarren jardunaldiko partida hartuko du Euskalerriari pilotalekuak, Ezkurdia-Imaz eta Elezkano II.a-Mariezkurrena III.aren artekoa. Jaialdia zabaltzen duen partidan Joanes Bakaikoa etxarriarrak jokatuko du

Asteburuan Masters CaixaBank Torneoko hirugarren jardunaldia jokatuko da, eta jardunaldietako bat Etxarri Aranatzen jokatuko da, gaur, ostirala, 22:00etatik aurrera. Ezkurdiak eta Imazek Elezkano II.a eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari. Bi bikoek ez dute punturik, eta sailkapenean azkenak dira; horregatik, lehia garrantzitsua izango da, azkeneko postutik ateratzea baitago jokoan. Jaialdia zabaltzen duen partidan, Joanes Bakaikoa etxarriarra lanean ikusteko aukera izango da. Bakaikoak eta Aretxabaletak Salaberriaren eta Ladis Galarzaren kontra jokatuko duten partidak zabalduko du jaialdia.

Sarrerak salgai daude, Etxarri Aranazko udaletxean (20 euro), goizez. Pilotalekuko lehiatilan 25 eurotan salduko dira.

Bestalde, eta Masters CaixaBank Torneora itzuliz, bi arakildarrak, Martija eta Zabaleta, elkarren kontra ariko dira larunbatean Zestoan. Badirudi Etxarrengo atzelaria jokatzeko moduan egongo dela, aurreko jardunaldian ez baitzen aritu, eskuko mina baitzuen. Olaizola II.ak eta Zabaletak euren lehendabiziko puntua lortu nahiko dute dagoeneko euren lehen puntua duten Urrutikoetxearen eta Martijaren kontra. Gainontzeko partidatan, larunbatean Altuna III.a eta Aranguren Peio Etxeberriaren eta Albisuren kontra ariko dira, Zeanurin, eta igandean, Oñatin, Jakak eta Tolosak Peña II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari.