Boluntarioak behar dira 1.231 km-ko erronka osatzeko

Guaixe 2021ko ira. 7a, 10:34

Presoak etxeratzearen aldeko manifestazioa egin zen agorrilaren lehenean Etxarri Aranatzen. @SareEtxarri

Sarek guztira 80 herritar behar ditu guztien artean, herritik mugitu gabe, Etxarri Aranatz eta herriko presoak dauden kartzelen arteko distantzia osatzeko. Erronka irailaren 11n osatu nahi dute, bizikletan ibiliz, korrika eta oinez. Izena emateko gonbidapena egin du. 

Ibilian-ibilian dinamikaren barruan, Sarek Beyetz 1.231 km erronka bota die etxarriarrei: 1.231 km egitean herrian larunbatean. Distantzia hori da Etxarri Aranatz eta Jon Gurutz Maiza Artola, Asier Karrera Arenzana, Luis Mariñelarena Garziandia, Unai Parot Navarro, Juan Ramon Karasatorre Aldaz eta Karlos Apestegia Jaka presoak dauden kartzelen artean dagoena. Erronka joz, Sarek “herritarren etxeratzea aldarrikatu” nahi du. 

Sarek jakinarazi duenez, 1.231 km-ak zortzi ordutan osatu nahi dituzte, irailaren 11n. Gutxienez 80 pertsona behar dituzte honakoak egiteko: bizikleta estatikoan edo arrabolan ariko diren 40 pertsona, (orduko bost), korrika eginen duten 16 pertsona (orduko bi) eta oinez ibiliko diren 24 pertsona (orduko 3). 

Beste etapa bat
Sarek aitortu duenez, “espetxe politikan aldaketak izan dira, beste etapa bat zabaltzeko momentua dela erakutsi dute. Urteetan iraundako salbuespen legediaren oinarri nagusi izandako urruntze politikaren akabera iristen hasi da”. Hurbiltze hori “akaberaraino ailegatzeko pausoak eman behar ditugu”, gaztigatu dute Sareko kideek, eta gaineratu dute: “orain salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arrunterako bidea egia bihurtu behar dugu, euskal presoen etxeratze bidea egia bihurtzeko”. 

Horretarako, Sarek bost egiteko ezinbesteko jo ditu: preso guztiak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea; preso guztiei gradu progresiorako bidea ahalbidetzea eta, bereziki, zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenei 3. gradua ezartzea; larriki gaixo dauden eta 70 urtetik gora dituzten presoak etxeratzea;  7/2003 Lege Organikoaren baitan zigortutako presoei legedi arrunta ezartzea eta zigorren batuketa egitea, aurrez betetako zigorrak birritan betetzea ekidinez.

Hori guztia lortzeko, Sareko kideek argi dute “kalean mobilizatzen segitu” beharra dagoela. Etapa berri horretan herritarrei haien aldarrikapenekin bat egiteko eta zentzu horretan “pausoak emateko”  deialdia egin du Sarek. Horregatik, hurrengo deialdietan parte hartzera deitu du: ostiralean, 19:30ean, Altsasuko Zumalakarregi plazatik abiatuko den eskualdeko manifestazioan; larunbatean, 10:30ean, Arbizun herrikoen eta aulestiarren arteko herrien arteko erronkan edo Etxarri Aranazko erronkan parte hartzea. Gainera, “Ibilian-Ibilian, etxerako bidean” lelopean, irailaren 29tik lastailaren 2ra, gau eta egunez, geratu gabe, Nafarroa zeharkatuko duen martxa ibiltarian parte hartzera gonbidatu du.

Km gutxiago 
Sakanako senide eta lagunek haien senidea kartzelan bisitatzeko joan den urtean astebururo, 8.850 km egiten zituzten. Gaur 2.462 km egin behar dituzte. Sarekoek diotenez, “arindu da zama, bada zerbait, baina ez da nahikoa. Euskal Herrian nahi ditugu denak, eta etxean nahi ditugu denak”.