Idazle alderdiagatik ezaguna da Joxe Aldasoro etxarriarra. Hainbat literatur lehiaketa irabazi ditu, nahiz eta azken aldian "nahiko frustratuta" dagoela aitortu duen: "Ez zait fundamentuzko ezer ateratzen". Irakaslea da, eta aurten jantokiko arduraduna izanen da. Irakasle bezala ipuin asko kontatzen ditu, eta udazkenean ipuin kontalari saio bat egin zuen ere. Badu asmoa horrekin saltseatzen jarraitzeko. Bateria ere jotzen zuen. Eta, duela gutxi, agertokiaren gainera igo da bakarrizketak egitera. Irailaren 9an, osteguna, 20:00etan, Antton Telleriaren "teloneroa" izanen da. "Kontzertuetan gertatzen den bezala, talde onaren aurretik, jendea biltzen den bitartean, ni egonen naiz".
Dena Oreretako antzerki labea eskolan izena eman zuenean hasi zen. Ipuin kontalari bezala trebatzeko antzerkian "muturra sartzen" hasi zen Aldasoro, eta bi ikasturte eta erdi aritu zen bertan, pandemiarekin bertan behera geldituko zirelako saioak. "Nire ideia zen trebatzea ipuinak kontatzeko, gestualidadea, hitz jarioa eta abar". Baina antzerki eskola horretan gehienbat gorputz adierazpena lantzen zen. "Oso interesgarria da, baina testua ez zen hainbeste lantzen". Udazkenean bakarrizketa ikastaro batean izena ematea erabaki zuen. "Lau hilabete izan ziren". Ikasturtea amaitzean emanaldi bat egin behar zuten, pandemiagatik bertan behera gelditu zen, baina Aldasorok dagoeneko testuaren erdia sortua zuen.
'Barre Librea'
Orduan iritsi zen Barre Librea ETBko umore saioan agertzeko aukera. Jendeak parte hartzeko kanpaina zabaldu zuten, eta bi minutuko bideo bat bidaltzeko eskatzen zuten. "Agurainen, kalean, grabatu nuen eta bidali nuen. Ez zuten erantzuten, eta programa ikustean jende berria ateratzen zela ikusten nuen. Bueno, ez naute onartu edo". Aste Santuko oporrak baino lehen kastina egiteko deitu zioten. "Donostiara joan nintzen, eta han Aitziber Garmendiarekin eta Jon Plazaolarekin egon nintzen. Maiatzean programa grabatzera joan nintzen". Astelehenean grabatu, eta ostegunean emititu zuten.
Grabatu aurretik baldintza bat jarri zieten bakarrizketalari gonbidatuei: hiru minutuko bakarrizketa izan behar zuen. "Nire bakarrizketa hiru minutu eta 20 edo 25 segundokoa izan zen". Ostegunean saioa bota behar zuten egunean abisatu zioten beste bakarrizketa guztiak bezala berea ere moztu beharko zutela, bestela, programa asko luzatuko zelako. "Banekien zerbait moztuko zutela, baina ez nekien zer". Hiru txiste moztu zituzten: "Bat mintzaldiaren erdian eta beste bi txiste moztu zituzten, eta gelditutako zatia beste txiste batekin elkartu zuten". Hurrengo egunean Aldasorok programarekin zuen kontaktuari deitu zion, eta kexa lasai jartzeko esan zioten. Ofizialki erantzun zioten gonbidatuek hiru minutuko muga zutela: "Baina aurreko asteko gonbidatua lau edo bost minutu aritu zen, eta ondorengo saioan ere muga hori gainditu zuen".
"Esperientziarekin pozik, baina ikusten da zein ahulak diren askatasunak ". Bakarrizketa grabatu aurretik Aldasorok testua bidali zien, "hor hasten da kontrola". Baina, dirudienez, gidoia irakurri behar zuenak edo "guraizeak pasatu behar zituenak" ez zuen irakurri, eta, ondoren, grabazioan zer esan nuen entzun zuten.
Bakarrizketak
Bakarrizketa mota asko daudela azaldu du Aldasorok. "Ni hasiberria naiz, ez dut autoritate handirik. Nik egiten dudana edo egiten saiatzen naizena da orain edo azken urteetan modan dagoen bakarrizketa egiten; bakarrizketa barregarria". Bakarrizketa sortzearen prozesua hunkitzen duten gaiak, ideiak eta egoerak idaztearekin hasten da. "Apuntatzen ditut, edo buruan gordetzen ditut. Horiei ikuspuntu barregarria txertatu behar zaie, edo ikuspuntu barregarri batetik kontatzen saiatu behar da". Garrantzitsua da, bakarrizketak egiten hasi aurretik eta edozertaz barre egin baino lehen "geure buruaz barre egiten ikastea".
"Bakarrizketalaria ni naiz, eta ez naiz ni. Pertsonaia nahastu egiten da". Aldasoro bakarrizketalariaren papera "oso serioa" da. "Nahita egiten dut. Nire karta izan daiteke hori. Serio jokatu eta umorearekin kontraste hori egin". Bakarrizketalaria ona bada inprobisazioarekin jolasteko aukera duela azaldu du Aldasorok: "Bakarrizketalari onek gaitasuna dute sortzen diren elementuak bakarrizketan txertatzeko". Barre Librea saioko bakarrizketa etxarriarraren lehenengoa izan zen, "eta dut uste ahalmen hori daukadala". Gasteizen beste bakarrizketa saio bat egin zuen zazpi bakarrizketagilerekin batera eta aurkezleak bakarrizketak "lotzen" zituela esan du, "ona zen. Inprobisatzen, publikoarekin interaktuatzen eta abar bazekielako".
Herrian
Barre Librea saioaren ondoren Etxarri Aranazko kultur zinegotziak "ea egingo nuen zerbait" komentatu zion. Antton Telleriaren emanaldia itxita zegoen, eta baimena eskatzeko esan zuen Aldasorok. "Ikuskizuna berea da, eta prest agertu zen. Nik egingo dudana sarrera bat da". Emanaldia ostegunean, irailaren 9an izanen da, 20:00etan, Etxarri Aranazko plazan eta gonbidapenak udaletxean har daitezke. Lehenengo bakarrizketa herrian egin aurretik "Tuteran edo Maulen" egitea nahiagoko zuela esan du, erdi txantxetan, Aldasorok.
Testua dagoeneko prest dauka. "Baina denarekin gertatzen den bezala, zenbat eta gehiago entseatu, orduan eta detaile gehiago bururatzen zaizkit, gauzak kentzen ditut… fintzen". Bakarrizketa prestatzeko, Aldasoro "etxean paseotxoak" ematen hasten da, eta testua memorizatuta duenean telefonoan grabatzen du. "Grabatu eta ikusi, etengabe".
"Nik jorratzen ditudan gaiak atenporalak direla esan dezakegu, ez da zerbait oso sakona. Hemendik sei hilabetetara berdina izan daiteke". Bakarrizketalari "onek" aktualitateko gaiak sartzeko gaitasuna dutela esan du. "Nik landu dudan gaia ez da aktualitate politikoa edo kiroletakoa, eta topikoetatik aldetzen saiatu naiz". Jendeak esan beharko du.
Antton Telleriaren "teloneroa" izanen denez, aurretik bere lana ezagutu nahi izan zuen Aldasorok, eta Errenteriara joan zen Nekatutak ikuskizuna ikustera. "Beregana joan nintzen, eta neure burua aurkeztu nuen". Aurretik telebistan agertzen zelako ezagutzen zuen bakarrik.