Astekaria

Izaera propioa duen taldea

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ira. 21a, 13:21

Skabidea taldeko kideak. UTZITAKOA

Skabidean taldeak kontzertua eskainiko du Etxarri Aranazko plazan, ostegunean, irailaren 23an, 20:30ean. Talde iruindarrak ska, reggae eta, azken lanean, funky doinuak eskaintzen ditu. Datorren abenduan hamar urteko ibilbidea ospatuko du

Iruñeko Iturrama institutua, 2011. urtea. Bertako zazpi ikaslek musika talde bat sortu zuten: Skabidean. "Gauza bat eta beste" talde hori banandu, eta beste institutuko bi kide sartu ziren taldean, gaur egungo formazioa sortuz. Guztira, hamaika kide dira orain. "Nafarroan kultura ikaragarria dago, eta txikiak garenean musika entzuten eta ikasten hasten gara. Askoren ametsa talde bat sortzea da". Nikolas Leonardo Skabidean taldeko tronpeta jolea da. Skabidean sortu zenetik hamar urte pasa dira eta "ez genuen inolaz ere espero honaino iristea". Bost disko kaleratu dituzte, azkena, 2020. urtean, pandemiaren urtean: Izaera. Egoera zela eta, ezin izan zuten dagokion bezala aurkeztu, baina ostegunean, irailaren 23an, 20:30ean, Etxarri Aranazko plazan, disko horretako abestiak "baita aurrekoak ere" eskainiko dituzte kontzertuan. Etxarrin uda bizi programaren azken emanaldia izanen da. Gonbidapenak udaletxean har daitezke. 

El Trono de Judas, La Polla Records, Cicatriz, Eskorbuto, Tijuana in Blue eta abar taldeak entzuten hezi dira Skabidean taldeko kideak. "Hemengo taldeek eragin handia izan dute, eta ikaragarria da jakitea talde bat sortzea posiblea dela. Proiektu gisa finkatuz, eta lan eginez, posiblea da". Iruñeko eszena Nafarroa osora hedatzen ari dela esan du Leonardok.

Ska, reggae...
"Taldearen eboluzioa izan zen". Rockaren influentziatik urrundu, eta "musika berria ezagutzen" hasi ziren. Horrela ska eta reggae estiloan murgildu ziren. "Hari horretatik tira egitea erabaki genuen". Azken aldian funky gehiago egiten ari direla esan du musikariak. "Gu ere gauza berriak entzuten ari garelako".

Taldekideen arteko harreman onak irautearen sekretua izan dela esan du Leonardok. "Hasi ginenetik garrantzitsuena izan da gure arteko harremana. Disfrutatzeko egiten dugun zerbait da, ez sufritzeko zerbait". Harremana asko zaindu dute, eta lan arloko erlazioa eta pertsonala uztartzen dute. "Lanak ateratzen direnez eta eskuartean proiektuak ditugunez, erlazioek funtzionatzen dute". "Oso" lagunak direla aitortu du, "nola utzi behar dugu taldea gure artean oso ongi pasatzen badugu?". Momentu latzak ere bizi izan dituztela eta pasako dituztela esan du, "baina hori da zailena, momentu horiek pasatu eta berriz aurrera egitea".

Abenduan hamar urte beteko dira Skabideanek, Iturrama institutuan sortutako talde horrek, bere lehenengo emanaldia egin zuenetik. "Hasi ginenean taldekide batzuek 13 edo 14 urte genituen. Nik 14 urte nituen. Gurasoek asko lagundu digute". Egiten dutena gurasoen gustukoa dela azaldu du Leonardok, "eta ongi pasatzen genuelako ere". Garai horretan sortutako talde asko desegin direla esan du, "lanagatik eta beste arrazoi batzuengatik"; baina Skabideanek aurrera jarraitzen du, "gozatzen, gainera".

Pandemia
2020. urtean bere azken diskoa kaleratu zuen Skabidean taldeak. Ezin izan dute aurkeztu, "guztiok dakigun arrazoiengatik". Pandemia dela eta, "bi urte daramatzagu kontzertuak egoera berezian egiten. Oraindik ez gara ohitu". Haien musika dantzagarria da, "eta jendeak horrela ikusten du". Egoerara moldatu dira, eta aulkian egon arren jendea mugitzen dela esan du Leonardok. Antolakuntzako kideei baimena eskatuta, badira dantzatzeko aulkitik altxatzen direnak ere.

Etxarriko osteguneko kontzertuan batez ere Izaera diskoko abestiak joko dituzte, baita aurreko diskoetako abestiak ere. Guztira, bost disko kaleratu ditu Skabidean-ek: Maketa (2015), Skabidean (2017), Bideak darrai (2018), Maravillas social club (2018) eta, azkena, Izaera.