Album ilustratuak erakusketa bihurtuta

Guaixe 2021ko ira. 21a, 11:16

2021eko Etxepare sariaren sari banaketa ekitaldia. ARTXIBOA

Etxarri Aranazko liburutegian Etxepare Sariko album ilustratu irabazleen erakusketa dago hilaren 30era arte

Haurrendako album ilustratu bat egiterakoan, bi aldiz pasatzen da inprimategitik, Castillo Suarez Sakanako Mankomunitateko euskara teknikariak azaldu duenez. Lehendabizikoa aldian plantxa batzuk daude marrazkiekin, eta bigarrenean testua doa. Horregatik, argitaratzen diren album ilustratu gehienak itzulpenak direla esan du Suarezek, testua bakarrik aldatu behar denez, gastuak merketzen direlako. Egoerari buelta emateko, eta euskarazko liburu gehiago sortzeko asmoz, duela zenbait urte Nafarroako 23 toki entitatek Etxepare Saria jarri zuten martxan. Sari bikoitza da: 5.000 euro eta album ilustratua argitaratzea, Pamielaren eskutik.

Album ilustratu bat inbertsio bat da. Ez direla hain garestiak azaldu du Suarezek. "Nire sentsazioa da gurasoek albumek letra gutxi dutela ikusten dutela eta iruditzen zaie dirua botatzen dutela. Baina albumek denbora luzerako ematen dute: ilustratuak direlako, behin eta berriz har daitezkeelako, beti agertuko da marrazkien artean zerbait berria…"

Sariak hamabost urteko ibilbidea du, eta urte hauetan "liburu asko egin dira". Liburu horien azalekin erakusketa sortu dute, eta dagoeneko Etxarri Aranazko liburutegian ikus daiteke. Hilaren 30era arte egonen da. Erakusketan album ilustratuen erreferentzia bat ematen dute ere, album ilustratu hori erosi edo oparitu nahi duenarendako aukera izateko. Etxepare sarietako liburu guztiak, gainera, Sakanako liburutegi eta ikastetxe guztietan daude. Erakusketaren helburua "liburuak plazaratzea" da.

Suarezek ezin du album ilustratu gogokoena aukeratu. Egileaz oroitzen da, baita sari banaketa momentuaz ere. "Maite Gurrutxaga bere anaiarekin joan zen, Leire Salaberria gazte-gaztea zen eta bere aitarekin etorri zen eta ondoren aitak pote batera gonbidatu gintuen, Liebana Goñiren lehenengo lana izan zen ere…". Liburuekin baino, egileekin du oroitzapen "polita".