Aiegiko Javi Martinez zelaiak Arenasen eta Etxarri Aranatzen arteko partida bizia hartu zuen. Lehen zatian Arenas bitan aurreratu zen, baina Etxarrik primeran erantzun zuen eta bina berdintzea lortu zuen Fernandez de Garayaldek sartutako bi golei esker. Bigarren zatia hasi eta berehala Aristorenak 2 eta 3 aurreratu zuen taldea, baina etxekoek ez zuten etsi eta hiruna berdindu zuten. Eta, azken unean, 90. minutuan, Jakak Etxarrikoen garaipen gola sartzea lortu zuen, denboraldiko lehen garaipena lortzea ahalbidetu zuena. Pozik, oso pozik itzuli ziren etxarriarrak Aiegitik.
Preferente mailako lehen multzoko liderra San Miguel taldea da (9 puntu). Etxarri Aranatz hamargarren postura igo da (4 puntu). Asteburuan Etxarrik sailkapenean azkena den Amaia taldea hartuko du San Donato zelaian.