Sakana Trail Estazioa –estazioan jasotako 5 ibilbideen artean Triku Traila jasota dago– larunbat goizean zen aurkeztekoa Etxarri Aranatzen, 10:00etan, Triku Trail Kirol Elkarteak mendi lasterketekin lotutako erronka berezi batekin, baina ekimena bertan behera geratu da partaide baten lesioa tarteko. Erronka berezi horretan, eta Etxarri Aranazko kanpina irteera eta helmuga izanda, bina korrikalariz osatutako bi talde Triku Trail bidea egitekoak ziren; talde batek betiko noranzkoan, eta kontrako noranzkoan besteak. Arkaitz Munarriz Pul Pul-ek eta Zarranzek kontrako norabidean egingo zuten, eta Igor Artiedak eta Iñarrak, aldiz, betikoan. Baina, korrikalari lesioren bat tarteko, ekimena bertan behera utzi dute.
“Erronkarako 4 egun besterik falta ez direnean, korrikalarietako baten lesio bat tarteko, erronka bertan behera geratzen dela iragarri beharrean gaude. Penaz hartu dugu erabakia, baina gutako bakoitzaren osasuna beste ezeren gainetik dago. Ilusioz genbiltzan prestaketatan. Gutxi barru data berri bat iragartzeko aukera izanen dugu eta erronka polit hau baldintza egokitan burutu. Eskerrik asko” dio Triku Trail Kirol Elkarteak kaleratutako oharrak.