Mendi lasterketak

Gustoko tokiyen, aldapaik ez!

Guaixe 2021ko urr. 1a, 12:00

2019an jokatu zen azkeneko edizioa, eta Beñat Katarain eta Igone Campos izan ziren irabazleak.

Igandean 11:00etan abiatuko da, Etxarri Aranazko plazatik, Udaberri elkarteak antolatutako lasterketa. Izena emateko epea zabaldu dute, larunbateko 20:00ak arte, eta antolakuntzatik lasterketan parte hartzera eta proba jarraitzera animatu dituzte sakandarrak 

Ostiraletik aurrera bertan behera geratu dira pandemiagatik ezarritako murrizketak eta horrek bete betean harrapatu du Udaberri elkarteak iganderako antolatutako 46. Mendira Joan Etorria. Goizter, 11:00etan abiatuko dira korrikalariak Etxarri Aranazko plazatik Bargara bidean, Hartzabalera igotzeko (1.065 m). Handik buelta hartu, eta plazaraino jaistea da egin beharrekoa, guztira 10 km eta 557 metroko desnibela gainditu eta gero. Etxarri Aranazko lasterketa Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatzen duen Mendi Lasterketen Zirkuiturako puntuagarria da. 

Izena ematea luzatu dute
Hasiera batean lasterketarako izena ematea gaur, ostirala, ixten zen, 23:59ean, baina antolakuntzak epea zabaltzea erabaki du eta bihar, larunbata, 20:00etaraino eman ahalko da izena. Horretarako, 16 urtetik gorako interesatuek www.kronoak.com webgunera jo beharko dute (10 euro). Hala ere, antolakuntzak gehienez 150 korrikalarien aforoari eutsi dio. 

Udaberri elkarteko Aiert Lizarraga Peruskik azaldu duenez, izena ematea azkeneko edizioen antzerakoa da une honetan, baina gora egin dezake. “Azken edizioan, 2019an, 93 korrikalarik eman zuten izena, eta astearte gauean 94 korrikalari zeuden izena emanda. Guztira 100-110 kirolari inguru espero ditugu. Asteburu honetan mendi lasterketa asko daude, eta zaila izango da gehiago betetzea. Dena den, guk, partaide bakarra egonda ere, lasterketarekin aurrera egingo genuke. Korrikalari bat, bost, ehun… guretako denak berdin” nabarmendu du antolakuntza lanetan dabilen etxarriarrak. 

Eskertuta
Udaberrikoek antolatu izan dute beti Mendira Joan Etorria, eta lasterketa oso herrikoia da. “Horregatik Etxarriko jendea laguntzeko prest egoten da” adierazi du Lizarragak, eta jasotakoa bihotzez eskertu du. “Lasterketan lan egingo duten boluntario guztiei eskerrak eman nahi nizkieke, eta baita urte hauetan guztietan babesle izan ditugun Etxarriko denda, komertzio eta Sakanako enpresa askori eta Etxarri Aranazko Udalari, beti ondoan izan ditugulako” gaineratu du. 

Ildo honetan, aurten ez dela diru saririk emango azaldu du Lizarragak. “Pandemia dela eta komertzio eta lantegi guztiendako egoera zaila dela jakitun garenez, aurten ez dugu diru laguntzarik eskatu, eta, hortaz, ez dugu diru saririk emanen. Hortaz, txapelak eta trofeoak banatuko ditugu” aipatu du. Horrela, irabazleek txapela eta trofeo bana jasoko dituzte, bigarrenek eta hirugarrenek trofeo bana, lehen beteranoek trofeo bana eta lehen hiru etxarriarrek trofeo bana. Eta, horretaz gain, urtero moduan Borda Saria banatuko da. Hau da, Borda jatetxe paretik pasatzen diren lehen gizonezkoak eta lehen emakumezkoak aipatu jatetxean otordua lortuko dute. Errekorra gaindituz gero (Juan Mari Garain, 42:50, eta Virginia Perez, 52:18) korrikalariek gazta jasoko lukete sari. 

2019ko edizioan, azkenekoan, Beñat Katarain lakuntzarra (45:24) eta Igone Campos (56:36) gailendu ziren. 

Aiert Lizarraga: "Sakandarrak animatu daitezela, korrika egitera edo proba ikustera"

Zain
Guaixeko erredakzioa ixterakoan, Udaberrikoak erabaki eta jaki- narazpen ofizialen zain zeuden. "Pandemiagatik zeuden murrizketak zirela eta, hasiera batean korrikalarien irteera mailakatua egitea aurreikusten genuen, hau da, lehenengo 75 korrikalari ateratzea eta gero gainontzekoak. Baina murrizketak bertan behera geratzen direla jasotzen duen erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratzen badute, pentsatzen dut batera irtengo direla korrikalari guztiak. Esperoan gaude" azaldu du Lizarragak. 

Lasterketa bukatutakoan auzatea izanen da. “Orain arteko murrizketekin auzateak egin ahal ziren, baina modu indibidualizatuan. Hau da, denondako jarri beharrean, korrikalari bakoitzari berea emanda. Eta guk ideia hori geneukan, argi baikenuen auzatea egingo genuela. Ikusten dugulako oso polita dela, jendea elkartzen dela, korrikalariek euren artean hitz egiten dutela, lasterketa nola joan den aipatzeko eta beste. Beraz, erabaki ofizialen esperoan gaude, auzatea nolakoa izanen den erabakitzeko" azpimarratu du Lizarragak. 

Proban aritzera eta animatzera gonbidatu dituzte sakandarrak
Bukatzeko, sakandarrak lasterketan aritzera eta proba ikustera hurbildu daitezela animatu ditu. “Jendea animatu dadila Etxarri Aranatzera etortzen, bai korrika egitera eta lasterketan parte hartzera, eta baita basora joatera lasterketa jarraitzera, oso polita izaten baita korrikalariak Bargan gora eta behera korrika ikustea. Pentsatzen dugu herrian sekulako giroa egongo dela, ziur. Murrizketarik gabeko lehendabiziko asteburu famatu hau dator, eta jendea animatu nahi dugu Etxarrira etortzera, ongi pasatzera eta disfrutatzera” gonbidatu du Aiert Lizarragak.