Trikuharri forma dute, baina txikiagoak dira eta zista edo harkutxa izena dute. Arkaitz Errazkin Beltzak Etxarri Aranazko beheko basoan, San Adrian eta Bordaburu artean, bat opatu zuen. Metro bat inguruko altuera du.
Zer da opatu zenuena?
Izen teknikoa zista da. Nik izena ez nuen ezagutzen. Nik opatu nuenean Mikel Markotegirengana joan nintzen, pentsatuz zerbait izan zitekeela. Argazki batzuk atera nizkion eta berak esan zidan ez zela trikuharria… Ulertu dudanez, trikuharrien eratorpen bat bezalakoa da. Trikuharriak handiak ziren, harlosa handiekin, normalean harriz tapatzen zituzten gero, tumulu batekin. Kolektiboak ziren: trikuharri batean hildako bat baino gehiago lurperatzen omen zituzten. Zistak txikiagoak dira, harrizko kutxa batzuk dira, harkutxak. Indusketa egin zuten adituek esaten zutenera, batzuetan gorpu osoa ere ez zuten sartzen. Beharbada, lehena erraustu eta gero, normalean, buru hezurra eta gorputzeko hezur luzeren batzuk sartzen zituzten. Testigantza emanen zuten zatiren batzuk lurperatu. Beste batzuetan gorpua. Baina banakoak izaten ziren. Behar bada, denborara, berrerabili ere. Eta historian gertuagokoak dira.
Batek nola opatzen du zista bat?
Kasualitatea bada, gauzak diren bezala. Parean pasa nintzen, eta han zegoen. Gero norberaren afizioak ere badira. Ni basotik edo menditik joaten banaiz harri montonei begira ibiltzen naiz. Historia eta aurre historia beti gustatu izan zaizkit.
Eta honetan zerbait ikusi zenuen?
Basoan, sekula ibili gabe nengoen toki batean, ikusi nuen halako muino bat. Han edo enborren bat falta da, edo arbola erori eta zuloa egin zuen, edo gerrieturen bat (lurra maldan behera mugitu), edo, bestela, bakarren batek harriak ateratzen zuloa egin zuen. Halako muino batean zulotxo bat zegoen. Izkin batean harlosa bat zegoen. Zuloan sartu nintzen eta: aiba, harlosa hau! Etzinda zegoen harlosaren azpian beste bi zutik ikusten ziren, mahai forma egingo balute bezala. Eskuarekin hasi nintzen lurra kentzen eta harriek segitzen zutela ikusi nuen. “Ematen du biak beheraino doazela”. Gero adituengana joan nintzen eta hobe begiratu zuten.
Norengana joan zinen?
Mikel Markotegirengana, banekien Sakanan eta Urbasa-Andian ibiltzen dela. Argazkiak atera nituen eta zerbait izan zitekeen galdetu nion. Berari interesgarria iruditu zitzaion: honek agian merezi du! Ezpileta taldekoa da eta askotan Euskal Herriko Unibertsitateko Joxan Mugika arkeologoarekin ibiltzen dira. Omen da aurre historian nahikoa eminentzia. Etorri eta esan zuen han indusketa egitea merezi zuela. Eta egin zen.
Indusketa. Eta inguruan zerbait begiratzen da?
Hilobi bat da eta hura begiratu zuten. Esandakoa, harlosa horiek bistan gelditu ziren zulo bat dagoelako. Orduan, zuloa ere pixka bat begiratu zuen. Ez zuen gauza handirik opatu: bi zeramika puska, zentimetro pare batekoak. Eta ez dakit haietatik gauza handirik aterako duten.
Indusketa bukatuta dago?
Bai. Ikerketa ez dakit zein puntutaraino akabatuta dagoen. Argazki pila bat atera zituzten. Egin dute hiru dimentsioetan halako erreprodukzio grafiko bat ordenagailu bidez.
Zerbait arrunt bezala hartu zuten?
Zistak txikiak dira eta esaten dute opatzeko zailak omen direla. Gehiago egonen dira, seguru. Trikuharriak, normalean, harri pilo batek tapatzen du. Eta ikusten da harri piloa. Eta handiak dira, Etxarrikoak, Urbasakoak metro batzuetako diametroa izaten dute. Zulo hori ez balitz egon, gainean, metro bateko zabalerara ailegatuko zen harlosa bat ikusiko zen. Eta harri bat ikusita ere, bakarren bati otu egin behar zaio, eta begira hasi behar du. Horrela oso jende gutxi hasiko da, gainera, harri gehienetan ere ez da egonen. Opatzeko zailak dira. Ulertu nuenez, zistak, normalean airean zeuden eta hau pixka bat lurperatuta dago. Hemen egin omen zuten lurrean zulo bat, zutikako harriak jarri eta gero gainean tapatu. Zisten artean berezia omen da.
Zer garaikoa da?
Duela 4.000 edo 3.500 urte ingurukoa da. Urbasako trikuharriak-eta 5.500 eta 4.500 urte artean eraiki ziren eta duela 3.000 urtera arte hilobiratzeko erabili ziren.
Zer pasa zitzaion zistari?
Barrabasen bat joan eta hautsi egin zuen. 2019ko irailean opatu nuen. Joan den urteko udaberrian egin behar zen indusketa, pandemia etorri zen, atzeratu eta irailean egin zuten. Indusketa egiterakoan lurra kentzen da, hor zer opatzen den aztertzeko. Eta zutikako bi harriak kili-kolo gelditu ziren. Nafarroan ondarearen kudeaketa Vianako Printzea erakundearena da. Indusketa bukatzeko galdetzen zaio nola utzi behar den, nola irmotu behar den. Hasieran erabaki zen tapatzea. Urte bat tapatuta egon da. Jendeak zistaren berri izan du eta noizean behin bakarren batzuk joaten ziren. Gainean bi harri handi dauzka. Agorrilaren hasieran esan ziguten norbaitek gaineko harri bat lurrera bota zuela, eta bestea atzera. Argi eta garbi, bakarren batek nahita eginda. Ez dakit ba ote zekien zer zen. Egia da ez genuela jakinarazi, irmotu gabe zegoelako. Nafarroako Gobernukoak nola egin behar zen esatera pasako dira. “Ea tapatuta kontserbatzen den”. Hori izan zen irizpidea. Ez genuen asmatu. Horren aurrean jakinarazi dugu, pentsatuz jendeak jakinda, gehiengo batek baloratuko duela.
Horren aurrean zer egin duzue?
Ezpileta taldeak kartela jarri du. Batez ere, atzera ere, ez pasatzeko. Kartelak azaltzen du zer den, noizkoa den, indusketa egin zela eta gero hautsi egin zutela. Handik hurrena pasatzen dena kontuz ibil dadila. Hori nahi da kartelarekin. Oraintxe, dagoen bezala, hauskor dago.
Bakarren batek zerbait ikusiz gero, zer egin beharko luke?
Argazkiak hartu, lokalizazioa garbi izan, azaldu ahal izateko. Eta, ondoren, jakinarazi; egokiena, dakienari. Ni Markotegirengana joan nintzen, baina Ezpileta taldeko beste edozeinengana joanez gero ere… Joanen da bakarren bat dakiena, begiratuko du eta baloratuko du. Eta ez badute inor ezagutzen udaletxera joan eta jakinarazi. Eta udalek badute gaitasuna harremanetan jartzeko Ezpileta taldearekin edo beste bakarren batekin, eta norbaitek begiratu dezala, benetan, merezi duen edo ez. Eta horrela dokumentatzen dira. Hori eginda beti har daitezke neurriak, bai ikusarazteko, edo, behintzat, jakin eta zerbait egin behar bada basoan, kontuz ibiltzeko.
Eta badaude merezi duten gauzak, 3.000 edo 4.000 urte izan gabe ere. Nik Etxarriko basoan errotarriak ikusita dauzkat. Uharte Arakilen ere ba omen daude. Harrobiak, haize-olak (metala lantzeko lekuak)… Gauzak daude. Basoa makina bat norabidetan baliabide oso garrantzitsua zen, eta horrek aztarna pila bat utzi ditu.