Futbola

Etxeko lehen garaipena gogoz ospatu zuen Etxarrik

Guaixe 2021ko urr. 4a, 12:10

Etxarri Aranatz futbol taldearen azkeneko kartelaren irudia. ETXARRI ARANATZ K.E.

Preferente maila. Lehenengo multzoa. Laugarren jardunaldia: Etxarri Aranatz 4 – Amaya 1

Etxarri Aranatzek Amaya taldea hartu zuen larunbatean San Donato zelaian. Eguraldi ona lagun aritu ziren bi taldeak, eta hasieran Etxarri Aranatz nabarmendu zen. Sortutako bi jokaldi eder modu ezin hobean borobildu zituen Fernandez de Garaialdek, eta etxeko taldea 2 eta 0 aurreratu zen. Baina Amaya hobeki jokatzen hasi zen eta arriskua sortu zuen. Horrela, atsedenaldira baino lehen 2 eta 1 hurbildu zen Iruñeko taldea. 

Bigarren zatian Amaya berdintzen saiatu zen, baina Etxarrik ongi defendatu zuen bere atea. Are gehiago, aldi berean erasoan aritu ziren etxarriarrek eta Pascualek eta Goikoetxeak sartutako golei esker, 4 eta 1 irabazi zuen Etxarri Aranatzek, eta etxean lortutako lehen garaipena gustura ospatu zuten. 

Injerto taldea da preferente mailako lehenengo multzoko liderra (12 puntu). Etxarri Aranatz zazpigarren postuan dago (7 puntu), eta asteburuan sailkapenean hamaikagarren postuan dagoen Arrotxapea taldea izango du aurkari, Iruñean.