Larunbaterako iragarritako erronkarik gabe, Etxarri Aranazko Udalak feriena izan behar zuen egitaraua larunbat arratsaldean hasi zen. Plazak garai bateko argazkien eta lanabesen erakusketa hartu zuen, etxarriarren eta bisitarien interesa piztu zuena. Plazan jendetza bildu zen eta animazio handia izan zen gau guztian. Igandea euripean esnatu zen eta artisau eta ekoizleek plazako estalopean opatu zuten aterpean. Kosta zitzaion jendeari ateratzea, baina eguerdirako animazio handia zegoen plazan. Eta horrekin gora egin zuen artisau eta ekoizleen postuetako salmentak.
Kioskoan 17. Sakanako gazta txapelketa jokatu zen. Bost gazta aurkeztu ziren lehiaketara. Oskar Lasak, Maria Saez de Albeniz, Amaia Ijurra eta Unai Artieda izan ziren epaileak, beti ere, Idiazabal jatorri izendapeneko kata komiteko Ramon Agirianoren laguntzarekin. Dastaketaren ondoren, Uharte Arakilgo Sustrai gaztandegiak eskuratu zuen lehen saria. Duela urtebete martxan jarritako gaztandegia da Jokin eta Miren anai-arrebek eta azken horren bikote Unai Martinezek kudeatzen dutena. Bigarren postuan Arruazuko Albi gaztandegia sailkatu zen. Podiuma Arbizuko Araña-Etaio gaztandegiarekin osatu zen.