Asteartean aurkeztu zen Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketa. 8 pilotari lehiatuko dira, Joanes Bakaikoa tartean. Etxarri Aranazko pilotaria taldeburuetako bat izango da.
Txapelketa asteburuan hasiko da. Lehenik eta behin final laurdenetako ligaxka jokatuko da, eta lau pilotari onenak finalerdietarako sailkatuko dira. Finala azaroaren 6an jokatuko da.
Final laurdenetako lehen jardunaldia asteburu honetan dago jokoan. Lehen partida Altsasun jokatuko da, ostiralean. Salaberriak Zabala izango du aurkari. Egun berean, Iurretan, Egiguren V.a eta Zubizarreta lehiatuko dira. Joanes Bakaikoak Alberdi izango du aurkari larunbatean Balmasedan, eta, igandean, Dariok eta Larrazabalek itxiko dute lehen jardunaldia, Eibarren.