Pilota

Joanes Bakaikoa, ikusgarri

Guaixe 2021ko urr. 11a, 10:00

Aurrelari etxarriarrak Alberdi 5 tantotan utzi zuen Promozioko Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako lehenengo jardunaldian

Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketako ordezkari sakandar bakarra da Joanes Bakaikoa. Asteburuan txapelketako final laurdenetako lehenengo jardunaldia jokatu zen eta ikusgarri aritu zen pilotari etxarriarra. Larunbatean Balmasedan jokatutako partidan Alberdiri ez zion inolako aukerarik ere eman. Hasieran 0 eta 2 aurreratu zen azpeitiarra, baina etxarriarrak aginte makila hartu eta 22 eta 5 gailendu zitzaion. Horrela, lehen puntu garrantzitsua eskuratu du Bakaikoak. 

Larunbatean, Labriten, Promozioko Lau eta Erdiko final laurdenetako bigarren jardunaldia jokatuko du Bakaikoak, eta ostiralean Altsasun gailendu zen Zabala izango du aurkari. Jaialdi berean Olaizolak Labriten jokatuko duen azken partida jokatuko da eta Lau eta Erdiko txapelketan Urrutikoetxeak Ezkurdia edo Jaka izanen du aurkari, astearteko emaitzaren arabera.