Urte hasieran agur esan zuen Hesian taldeak. Baina sortzaile batek ezin dio sortzeari utzi, eta Fran Uriasek abestiak egiten jarraitu zuen, zertan amaituko zuten oso ongi jakin gabe. Orain, Zelanda talde berria aurkeztu du.
Zer da Zelanda?
Musika proiektu berri bat da. Musika talde berri bat. Nolabait Hesianen errautsetatik jaiotako proiektu bat dela esan daiteke. Nik sortutakoa, Ane Bastida eta bere neba Iñaki Bastidarekin batera. Hesian amaituta zegoenean, nahiz eta ofizialki despeditu ez, baina erabakia hartuta geneukanean, baneuzkan abestiak buruan. Hainbat idei nituen eta konposatzen eta forma ematen hasi nintzen inongo helbururik gabe. Baina gutxinaka abestiek beraiek itxura hartu zuten. Abestiek bultzatu zidaten pentsatzera agian zerbait polita egin nezakeela horrekin. Ez izatea ni bakarrik etxean gitarra jotzen. Zerbait indartsuago egin nezakeela; asmo handikoagoa.
Argi zeneukan ez zirela Hesian-erako?
Ez neukan batere argi nora joan ahal ziren. Hesianen azkenengo diskaren ondoren abesti berriak sortzen hasi nintzen etxean, nire kabuz. Momentu horretan pentsatzen nuen Hesian-erako izango zirela. Oker ez banago. Denbora dezente pasa da eta Hesian-en erabaki hori ere aspaldi hartuta geneukanean. Seguruenik, hasiera batean Hesian neukan buruan. Baina berehala ikusi genuen ez genuela jarraituko, eta orduan pentsatu nuen nik hori neukala eta nire ikuspegitik abesti politak zirela. Etorkizuna ikusten nien. Hesian amaitzean zerbait egitea pentsatu nuen. Baina, hori; zer edo zer. Ez neukan buruan talde bat sortzea. Denborarekin hartu zuen beste itxura bat.
Eta nola sortu zen proiektu berria?
Hori bai izan zela Hesian praktikoki amaituta zegoenean. Konfinamendu garaian, eta gaixotasuna pasa nuen, denbora luze pasa nuen etxean. Orduantxe hasi ginen pixka bat. Aurretik entseguren bat egina geneukan, entseatu ahal zenean, eta hori ere moztu zen. Abestiak entsegura eramaten nituen osatzeko zeudela. Erdizka. Ezin nuen aurrera egin ez nekielako nora zihoazen. Nire kabuz moldatu behar izan nuen eta ordenagailuko programa batzuekin lortu nuen ezin nituen instrumentuak sartu. Horrela hasi nintzen maketa batzuk egiten. Taldekoei bidaltzen nien iritzia emateko. Nire berrogeialdia bukatu nuenean, urte amaieran, hamabost abesti nituen grabatuta. Egoerak prozesua aurreratu zuen pila bat. Nahi gabe lan pila bat egin nuen, material asko bildu nuen. Nola gorde behar nituen abesti horiek? Irteera eman nion. Egia da denbora gutxi pasatu zela Hesian amaitu zenetik, baina zeren zain gaude zer edo zer egiteko? Taldea amaitu zen, eta ez da zertan dolua pasatu behar. Egia da uzteko momentua emozionalki handia izan zela. Baina aspalditik hartutako erabakia zen. Dolua pasata zegoen.
Zer eman dizu proiektu berriak? Horrelako zerbait behar zenuen?
Beti edukitzen dut kristoren beharra. Normalean musikari bati galdetzen diozunean zer den musikari izatearen hoberena, nik dakidanagatik, zuzenekoak esaten dizute. Horri pisurik kendu gabe, niretzako gauzarik aberasgarriena da abestiaren sorkuntza prozesua bera. Abestia borobiltzen den arte, grabatzen den artea. Ordura arte ematen den prozesu horren barruan ematen diren gorabehera guztiak, abestia erdipurdi uzten duzula ez zaizulako ezer gehiago bururatzen eta hurrengo egunean estribilo boroboil bat ateratzen zaizula… Prozesu hori oso polita da. Behar nuen. Sortzea hustutzea da, barruan daukaguna ateratzea, eta lan horretan islatzea. Hori behar nuen, eta asetu nuen. Egia da etxean egon behar izate horrek, bakarrik eta isolatuta, prozesua aurreratu eta aberastu zuela.
Zertan bereizten da Zelanda?
Pop-rock oinarriko talde bat izaten jarraitzen dugula uste dut. Hesianekin alderatuta ez dugu haize instrumenturik sartu, ez daude bi ahots… Zerbait modernoagoa; ezberdinagoa. Gaur egun euskal musikan entzuten den mainstrain musika horretatik ezberdina. Saiatu gara barrura begieratzen, eta ez hainbeste jendean pentsatzen. Azkenean zirkulu batean sartzen zara. Musikari askok esango dute ez dutela jendea kontuan harzen, eta gezurra da. Saihestezina da. Galdera horiek egiten ditugu guztiok. Orain ez gara inor. Hesianetik gatoz, baina kontziente gara irudia Zuriñe zela. Bera izan da aurpegia. Orduan karga gutxiago nabaritzen genuen. Publiko berria izango da. Hesianetik etorriko da ere, seguruenik, baina gehiena berria izango da. Talde berri bat gara.
Rockeroagoa dela esan daiteke?
Nik baietz esango nuke. Horrantza jo dugula uste dut. Beste batzuk esan didate elektronikoa dela, Zetak-en antzera. Baina biak entzunda ez dute zerikusirik. Ez dakit musika mota hori egiten. Baina erritmoak pisu handia dauka. Ekoizpenaren aldetik sinte batzuk ditu, soinu modernoagaoak. Zetak-ek hartu duen pisuagatik orain sinte-ak edo elektronika pixka bat entzutean Zetak-era jotzen dugu. Egia da soinu hori lehenengo planora eraman duela, eta haiekin konparatzen bagaituzte, ez dago gaizki. Baina ez du zerikusirik, gurea rock and roll-etik dator.
"Abestiek bultzatu zidaten pentsatzera zerait polita egin nezakeela"
Lehenengo abestiak haria markatzen du?
Ez nuke esango Amarena-k musikalki bereziki markatzen duenik taldearen estiloa. Abesti honekin Hesianekin apurtzea nahi genuen. Ez zentzu negatiboan, baizik eta ezagutzen gaituztenak pentsatuko zuten Franek egin du abestia, berak abestuko du… Horrekin apurtu nahi genuen. Zerbait berria da. Ez du zerikusirik orain arte egindakoarekin. Datozenak? Agian ez doaz hain urrun. Gauza hauek definitzeko, baloratzeko edo deskribatzeko okerrenak sortzaileak gara. Baina denetarik esan digute. Nik hona eraman nahi nuen, gero bakoitzak nola hartzen duen ez dago nire esku.
Zergatik Zelanda?
Zelanda izatez Herbereetako zonalde bat da. Zelanda Berria imajinatzen dut kolonizatutako irla bat dela eta Zelanda Berria jarri ziotelako. Taldeko kide batek zerrenda bat ekarri zuen aurreko talde batekin egindakoa, eta Zelanda Berria atera zen hasieran. Baina Zelanda motzagoa zen eta Bizkaiko euskaran askotan erabiltzen da: Zelan da zure izena?
Zein da hurrengo urratsa? Diskoa grabatzea?
Pixkanaka goaz. Azkenean, diskaren kontzeptu hori apurtzen ari da. Bere logika badu. Kontsumitzeko moduak aldatu dira eta dagoeneko CD erreproduktore bat aurkitzea oso zaila da. Beraz, diskoa erosten duzu eta zer egiten duzu horrekin? Agortzen ari da. Geroz eta gehiago abestiak bakarrik kontsumituko dira. Unitatea abestia izango da. Garaiak aldatzen ari dira, eta orain dena kontsumo azkarra da. Hamar segundutan konbentzitu behar duzu.
Baina diskoek kontzerturako prestaketarako balio zuten...
Abesti multzo bat zen, eta kontzerturako oinarri bat, batez ere hasiberria zarenean. Zer gertatuko da kontzertuekin? Oraindik ez dugu ordu bateko kontzertua betetzeko. Ez dugu presarik. Bagaude horretan hizketan; noiz, nola eta zer egin. Orain atera dugu abesti hau, eta hemendik hilabete batera beste bat aterako dugu. Gero gerokoak. Ez gaude oso arduratuta.
Bideoklipak garrantzitsuak dira?
Gaur egun ezinbestekoa. Irudi euskarri bat eman behar duzu. Letrekin izan daiteke. Ez da zertan bideoklip bat izan behar. Hurrengoetan horrelako zerbait egitea pentsatu dugu. Lehenengo bideoklipa Mikel Cubillo zuzendariarekin egin dugu eta harrigarria izan da. Profesionaltasun izugarria.