Etxarri Aranazko Udalak jendarte eta kultura egoera ahulean dauden ikasleek eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko dirulaguntza deialdia egitea onartu du. Horrela ikasle horiek Etxarri Aranatzen duten integrazioa handitu nahi du udalak. Diruz lagunduko ditu ikasturte honetan eta udan eginen diren eskolaz kanpoko jardueretan. Neguko jarduerek gutxienez lau hilabete eta udakoek astebete iraun behar dute.
Lagunduko diren eskolaz kanpoko jarduerek baldintza batzuk bete beharko dituzte: talde dinamika baten parte izan behar dute; ikastetxeko ordutegitik kanpokoak izan behar dute; herri guztiko haurrei irekita egon behar dute eta ez bakarrik ikastetxe bateko ikasleriari; antolatzaileak legearen arabera osatutako guraso edota kirol elkarteak izatea. Udalak 2.600 euro bideratu ditu laguntza deialdi horretarako. Neguko jarduerengatik gehienez 160 euro emanen dizkio eskatzaile bakoitzari eta 200 udako jarduerengatik. Neguko eskabideak egiteko epea zabalik dago dagoeneko. Udako jardueretarako garagarrilaren 1etik 25era izanen da.