Larunbatean, sekulako erakustaldia egin zuen, Balmasedan, Joanes Bakaikoa Satrustegi pilotari etxarriarrak. Promozioko Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako 1. jardunaldian Aitor Elordi Txakartegi izan zuen aurkari, eta ikusgarri aritu zen etxarriarra, 5 tantotan utzi baitzuen mallabiarra. Sekulako garaipena izan zen, eta lehen puntua poltsikoan izanda, ligaxkako beste bi jardunaldietan maila ona eman nahi du Bakaikoak, finalerdietara sailkatu ahal izateko.
Kontentu egongo zara Balmasedako partidan egindako lanarekin, ezta?
Bai, oso pozik. Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketako lehendabiziko partida zen, eta beti egoten dira zalantzak, ea partida ongi edo gaizki aterako den. Beraz, garaipena lortuta oso pozik nago, eta horrela segitzeko gogoz.
Pilotariek errespetu handia diozue txapelketa bateko lehen partidari. Nonbait, txapelketa ongi hasita, lasaitua hartzen duzue.
Bai, nik uste dut hori pilotari guztioi gertatzen zaigula. Entrenatzen ordu asko pasatzen ditugu, baina benetako maila partidan eman behar da, eta hori ez da beti erraza izaten. Normalean bigarren eta hirugarren partidatara lasaiago joaten gara lehendabizikoa irabazita.
Belauneko lesio bat gainditu berri duzu. Zenbat denbora egon zara behar bezala osatzen?
Belauneko lesioa iragan martxoan izan nuen, eta lau hilabete behar izan ditut erabat osatzeko. Luze egin zait. Lesioa sendatuta, nire burua nahi baino mantsoago nabaritzen nuen kantxako entrenamenduetan. Defentsan aritzea gehiago kostatzen zitzaidan, baina beldurra gainditu dut, eta duela hilabete batetik erabat %100ean sentitzen dut nire burua. Hilabete bat daramat ongi.
Zer nolako lesioa zen? Ebakuntza egin behar izan dizute?
Zorionez ez. Belauneko atzeko lotailua partzialki hautsita nuen. Erabat hautsita izango banu ebakuntza egin beharko lidateke, eta ebakuntza hori oso gogorra izaten da. Baina partzialki hautsita zegoenez, errehabilitazioa eginez erabat osatu da, eta oso pozik nago. Ez dit inolako minik ez eragozpenik ematen.
Txapelketa garaipen sendo horrekin hasteak aparteko konfiantza emango dizu. Une honetan nola sentitzen zara?
Nire burua ongi sentitzen dut, eta pozik nago, ea horrela segitzerik dudan. Lau eta Erdiko Txapelketa oso azkar jokatzen da, beste modalitateak baino azkarragoa da, eta topera egon beharra dago, edozein ezusteko gerta daitekeelako, bai onerako eta baita txarrerako ere. Hortaz, txapelketan buru belarri zentratuta egon beharra dago.
Zein da zure helburua Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketan?
Orain finalerdietara sailkatzea da helburua. Ligaxkan gaude, lehenengo partida irabazi dut eta bi gelditzen zaizkit, eta finalerdietarako sailkatzeko bi partida horietatik bat irabazi beharko dut, gutxienez. Beraz, orain partida horietan pentsatu beharra dut. Aurrera begira nire ilusioa finalean egotea litzateke, eta ahal izanez gero, txapela irabaztea, baina badakit edozeinen kontra partida zaila izango dudala, eta edozeinen kontra partida irabazi ala galdu dezakedala.
Hurrengo partida larunbatean jokatuko duzu Labriten, zure frontoi kuttunean, Zabalaren kontra. Jaialdi berezia izango da, andemiaren ondotik murrizketarik gabeko lehen jaialdia delako, eta giro ederra espero da, horretaz gain Lau eta Erdian Ezkurdiak Urrutikoetxea izango duelako arerio.
Bai. Lesioaren ondotik Labriten jokatuko dudan lehen partida izango da, eta oso pozik nago, Labriteko betiko giro eder hori berriz bizitzeko gogotsu. Zabalaren kontra partida zaila espero dut. Lau eta Erdian sakearekin min handia egiten da, eta hau edozeinendako izan daiteke, bai onerako eta bai txarrerako. Beraz, sakea dudanean tanto ilarak egiten saiatuko naiz, eta sakea ez dudanean, eusten.
Beti da garrantzitsua txanponak lehen sakea ematea, baina Lau eta Erdian eta Buruz Burukoan gehiago.
Bai, zalantzarik gabe, eta esango nuke Lau eta Erdian gehiago. Geroz eta azkarrago jokatzen da, eta abiadura ematen duenak asko du irabazita.
Aurreko ostiralean, Altsasuko frontoiko jaialdian, pilota zaleen artean zure izena aipatu zen. Maila oso onean zaudela, eta Promozioko Lau eta Erdian zeresana emango duzula entzun zen. Zer deritzozu?
Ba ez dakit... egia esan entrenamenduetan gustura sentitzen naiz eta poztekoa da jendeak nitaz hori pentsatzea, baina hori gero kantxan erakutsi behar da. Askotan entrenamenduetako sentsazioak onak dira, baina gero partidan ez da berdina izaten. Baina beno, nitaz hori esaten badute seinale ona izango da (kar, kar…).
Konfiantzaz ongi?
Bai, tope nabil. Lesioa erabat gaindituta, orain gozatzen ari naiz.
Zorte on txapelketan.
Eskerrik asko. Ikusiko da txapelketa nola doan, baina ni lana ongi egiten saiatuko naiz.