Futbola

Etxarri Aranatzek puntu bat ekarri du Lizarratik

Guaixe 2021ko urr. 25a, 12:20

Preferente maila. Lehenengo multzoa. Zazpigarren jardunaldia: San Andres 1 – Etxarri Aranatz 1

Etxarri Aranatz taldeak Lizarran jokatu zuen, San Andres taldearen kontra. Bi taldeak serio aritu ziren, indartsu, garaipenaren bila. Hasieran San Andresek dominatu zuen gehiago, baina Etxarrik ere aukera ederrak izan zituen. Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen partidak, baina corner baten jaurtiketaren ondoren Mattin Altzelaik Etxarri Aranatz aurreratzea lortu zuen. Berehala, eta polemika handiko jokaldia tarteko, San Andresek bana berdindu zuen. Partida bukaerara arte tentsio handia izan zuten bi taldeek eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. 

Injerto da preferente mailako lehen multzoko lider (19 puntu). Etxarri Aranatz hamargarren da, 9 punturekin. Datorren jardunaldian Etxarrik sailkapenean hirugarren den Itaroa Huarte taldea hartuko du San Donato zelaian.