Pilota

Joanes Bakaikoa, Promozioko finalerdietara

Guaixe 2021ko urr. 26a, 12:16

Aurrelari etxarriarrak atzo 22 eta 18 irabazi zion Salaberriari eta finalerdietara sailkatu da. Bakaikoak Dario izango du aurkari Domu Santu Egunean Logroñon jokatuko den finalerdian

Joanes Bakaikoa etxarriarrak Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketan aurrera egitea lortu du. Atzo, astelehena, hasierako ligaxkako hirugarren jardunaldi erabakigarria zuen jokoan Tolosako Beotibarko jaialdia zabaltzen zuen partidan, eta lehia oso estuan, Salaberriari 22 eta 18 irabazi zion etxarriarrak. Beraz, finalerdietara meritu handiz sailkatu da Bakaikoa. 

Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketako bi finalerdiak Logroñon jokatuko dira, astelehenean, Domu Santu egunean (ETB1, 17:00etan). Lehenik eta behin Bakaikoak Dario izango du aurkari. Ondoren binakako partida jokatuko dute Victorrek eta Zabaletak Peña II.aren eta Albisuren kontra, eta jaialdia ixteko Promozioko bigarren finalerdia jokatuko dute Zabalak eta Zubizarreta III.ak.