Astekaria

"Euskal Herrian dagoen aizkora eskola bakarra da Sakanakoa"

Maider Betelu Ganboa 2021ko aza. 3a, 12:00

Juanito Erdozia, aizkora lanetan, alboan Juanjo Erdozia semea eta Jon Erdozia iloba dituela.

Juanito Erdozia Mauleon Sakanako Aizkora Eskolako irakasleetako bat da, bere anaia Miguel Angel eta bere seme Juanjorekin batera.

"Oso gustura" aritu zen Irañetako Sakanako Herri Kirol Egunean.

Beste urte bat Sakanako Herri Kirol egunean, eta urte mordoxka Sakanako Aizkora Eskolan.
Bai, urte asko. Sakanako Aizkora Eskolan 15 urte eramango ditut, eta Sakanako Herri Kirol Egunean, guztietan ez bada, gehienetan. 

Oso kontentu ikusten zaizu, handik hona, Sakanako Aizkora Eskolako neska-mutilei erakusten, erakustaldia egiten… Halako egunek beste bost urteko bizitza ematen dizute.
(Kar, kar…) Egia da, niri poza ematen dit honek. Iruditzen zait ahal duguna egin behar dugula aizkoraren eta herri kirolen alde, bestela galdu egin behar direla. Ilobei esaten diet, etxera etorri eta egur batzuk puskatzen jakiteak bakarrik asko balio duela. 

Badirudi kasu egin dizutela, ilobak ere aizkolariak atera zaizkizulako. Beste urte batez hor aritu zarete, hiru belaunaldiak: zu, Juanjo semea eta iloba lanean. 
Bai, eta gustura. 

78 urte dauzkazu, eta sasoi onean zaude.
Begira, pentsatzen ari naiz 80 urte betetzerakoan hirurek erakustaldia egin beharko genukeela, baina kanako enborrarekin, enborra handiagoa mozten. Ilobekin nabil, haiei erakusten, eta ikusten badut ongi ari direla mozten, hurrena kanakoa. 

Zein ilusiorekin ibili diren Sakanako Aizkora Eskolako neska-mutikoak, ezta?
Bai, ilusio handia dute. Aizkora eskolara oso gustura etortzen dira. 

Pandemia hasi zenetik lehendabiziko Sakanako Herri Kirol Eguna izan da Irañetakoa, eta  murrizketak kendu zirenetik lehenengo erakustaldia. 
Bai, eta jendea gogotsu zegoen. Okerrena izan da lau egunetan prestatu behar izan dugula dena. Sakanako Herri Kirol Eguna Sakanako Aizkora Eskolarekin parean izango balitz, eskolako neska-mutiko guztiak etorriko lirateke, baina ezinezkoa izan da. Ea hurrengoan. 

Horrek martxoan martxan hasiko den Sakanako Aizkora Eskolan hasteko gogo gehiago emanen die. 
Bai. Berehala Amaia Gerrikagoitiarekin bilduko naiz eta Nafarroako Diputazioari eskolarako zuhaitzak eskatuko dizkiogu, Diputaziotik ematen baitizkigute. Gero Manolo Gorritiri esango diot, berak botako ditu, gure bordara jaitsi egingo ditugu eta anaiarekin batera guztia prestatuko dugu, hurrengo urteko martxoan Sakanako Aizkora Eskola berriro prest egoteko. 

Beraz, primerako osasunean zaudete guztiak: Sakanako Aizkora Eskola, aizkolariak eta Juanito eta Miguel Angel Erdozia, irakasleak. 
Bai (kar, kar...) Nik badakizu zer esaten dudan? Euskal Herrian aizkora eskola bakarra dagoela eta guk ematen dugula. Euskal Herrian ez dago beste eskolarik. Eta hona kanpotik eskolara etorri nahi dute, baina ezin da. Ez dago tokirik. Garai batean ibili ziren Zegamako batzuk eta Bizkaitik ere denboraldi batean etorri ziren. Eta galdetzen digute, ea etorri ahal diren, baina hemengoekin nahikoa dugu. Berez, topea hamabi ikasletan dugu. Hamar urtetik hogei urtera bitartean hamabi aizkolari hartzen ditugu, baino aurten hamabost izan ziren. Batzuk kanpoan gelditu ziren, eta galdetu nion Amaiari ea hemengoak ziren, baietz erantzun zuen eta esan nion sar zitzala, baina gehienez hamabost. Enbor bat gehiago jartzea da. Hemengoekin nahiko, bestela gehiegi da.