Etxarri Aranatz futbol taldean aldaketa asko egon dira azken bi urteetan. Pandemia hasi zenean bertan behera geratu zen 2019/2020ko preferente mailako liga, eta hurrengo denboraldian, 2020/2021 denboraldian, parte ez hartzea erabaki zuen Etxarri Aranatzek. Iazko etenaren ondoren, aurten, 2021/2022 denboraldian, bueltan da talde etxarriarra, gogotsu. Urte eta erdi jokatu gabe egon eta gero, meritu handia du horrek.
Joan den urtean ez jokatzeko hartutako erabakia ez zen samurra izan. “Une nahasiak izan ziren. Nafarroako Futbol Federazioak ere ez zuen argi zein bide hartuko zuen. Hasieran esan zuen iaz aritzen ez ziren taldeek bere maila galduko zutela, gero atzera egin zuten eta arituko ez ziren taldeei maila mantentzea erabaki zuen… Guk jokalariekin bilera egin genuen eta asko prest zeuden hasteko, baina beste zenbaitek beldurra zuten, lana zela eta beste. Ez genuen nahikoa jenderik,eta guztien artean aurreko denboraldian parte ez hartzea erabaki genuen” azaldu Etxarri Aranatz futbol taldeko entrenatzaile Iosu Murgiondo Mundiñanok.
Bueltarako gogoz
Aurreko denboraldian jokatu gabe egon ondoren, aurten itzuliko ote ziren zen sakandar askok egiten zuten galdera. Ez baita batere erraza. Baina Etxarri Aranatz itzuli da, eta meritu handia du horrek. “Bagenekien hamalau-hamabost jokalarik taldean jarraituko zutela. Hasieran sei-zazpik esan zuten ez zutela segituko, baina pare batek jarraitzea erabaki zuen, behetik igo ziren beste gazte batzuekin batera. Hogei jokalarirekin liga hasi dezakezu, baina lesioak, zigorrak eta beste direla, kopuru nahiko justua da. Eta beste futbol taldeetan, Iruñean eta jokatzen ibili ziren bizpahiru jokalarik itzultzea erabaki zuten. Horrela, azkenean 24 jokalari bildu gara. Azken urteetan ez dugu horrenbesteko jenderik izan” dio Murgiondok, irribarrez.
Bueltarako gogotsu zeuden Etxarri Aranatz taldekoak. “Geldialdi honek egin duena da jendea futbolean hasteko gogotsuago egotea. Ekain edo uztail aldera jokalarien eskaera zen entrenatzea, eta horretan hasi ginen. Ia bi urte izan dira jokatu gabe egon garenak, eta nola hasiko ote ginen beldur pixka bat bagenuen. Kosta egin zen, baina nik uste orain martxa hartzen ari garela eta jendea gogotsu dago“ gaineratu du Murgiondok.
Iosu Murgiondo da, atzera ere, Etxarriko entrenatzailea. Entrenatzaile izan zen, gero utzi zuen, baina orain bueltatu da. “Iruñetik etortzen diren entrenatzaileek diru asko eskatzen dute eta gu klub txikia gara. Gainera, 2018/2019 denboraldian azkenak izan ginen, eta barnean arantza bat bezalakoa nuen. Juntak nahi bazuen, segituko nuela esan zien. Baietz erantzun zuten, eta aurrera” aipatu digu.
Preferente mailan hemezortzi talde ari dira lehian. Jokatutako zazpi jardunaldietatik, bi irabazi, hiru berdindu eta bi galdu ditu Etxarrik, hasiera txukuna. Sailkapenean hamargarrenak dira, bederatzi punturekin. “Lehen partida Berbinzanan jokatu genuen eta nahiz eta ongi jokatu 5 eta 1 galdu genuen. Partida ona egiten duzunean halako gol kopurua jasotzeak min egiten dizu, eta zalantzak pizten dira. Bigarren partida berdindu egin genuen etxean, baina ongi ibili ginen. Eta hirugarren partida irabazi genuen Aiegin, 3 eta 4, Arenasen kontra. Taldeari oso ongi etorri zitzaion, bere buruan sinisten hasi baitzen. Laguntzaileak, Jose Guillormek, esan zidan ez zela gogoratzen partida bat irabaztea zer zen, eta egia da, aritu ginen azken denboraldian bolada txarra genuelako. Horregatik, irabaztearen sentsazioa oso berezia izan zen. Hurrengo partida ere irabazi genuen, Etxarriko ferietan” dio Murgiondok. Asteburuan husna berdindu zuten San Andresekin, Lizarran, partida lehiatuan. “Taldeak ongi jokatu zuen, eta etxetik kanpo puntu bat ekartzea ez da txarra” gaineratu du.
Talde gaztea, hobetzeko tartea duena
Etxarri Aranatz talde gaztea da. “Taldea asko gaztetu da. Horrek esan nahi du hobetzeko tartea dugula, eta horretan saiatuko gara, taldea egiten” nabarmendu du Murgiondok. Preferente ligari dagokionez, “gutxi gorabehera urtero bezalakoa” izango dela uste du. “Badakizu zein talde egongo diren goian, talde onak dituztelako; beste batzuek talde majoa dute eta nahiz eta goian ez egon, ez dira jaitsiera postuetan egongo eta liga lasaia izango dute; eta beste batzuk maila mantentzeko borrokan egongo gara” dio, irribarretsu. Hiri eta herri handiko taldeek baliabide asko eta jokalari asko izaten dituzte, eta herri txikietan ez da hori gertatzen. “Herrietan zortea baduzu, tarteka belaunaldi majo bat tokatzen zaizu eta talde ona sortu dezakezu, bizpahiru urtez ongi ibiltzeko. Nik ez dut esaten orain talde txukuna ez dugunik, baina taldea ontzeko lanean gabiltza. Plana ongi egiten badugu, uste dut hurrengo urteetan talde txukuna izango dugula eta ongi ibiliko garela, lasaiago, preferentean” dio. Aurtengo helburua taldea ontzea eta preferente mailari eustea izanen da.
Joan den denboraldian aritu ez ziren taldeek gainontzeko taldeen arrastoa galdu omen dute. “Lehen beste taldeak gehiago ezagutzen genituen, baina taldeak nahiko aldatu dira, jokalari askok utzi dutelako, berriak sartu… kontrakoen partidak ikustera joaten hasi gara, nola jokatzen duten jakiteko” aitortu du Murgiondok.
Aldatu ez dena taldean duten giro ona da. “Denak ezagunak gara eta horrek aldagelako giroan asko laguntzen du” nabarmendu du. Etxarriarrak dira gehienak, baina badago Altsasu, Arruazu, Ihabar eta Irurtzungo jendea, gehienak haurren mailatik Etxarriko taldean trebatu direnak, “guretako, etxekoak”. Hala ere, belaunaldi aldaketa “oso handia” dagoela uste du. “Orokorrean bizitza ikusteko beste ikuspuntu bat dute, eta futbolarekin ere hori gertatzen da. Nik uste dut lehen jendeak konpromiso sendoagoa zuela taldeekin. Ez dakit nola esan. Horretara ere moldatu beharko dugu” adierazi du.
Larunbatean, Itaroa Huarte
Larunbat eguerdian, sailkapenean hirugarren den Itaroa Huarte hartu zuen Etxarrik San Donato zelaian, talde ona, eta 2 eta 0 irabazi zuen Etxarrik. Etxean jokatzeak beti laguntzen du. “Guk belar naturala dugu eta gainontzeko talde gehienek artifiziala. Ez daude belarrean jokatzera ohituta, eta asko nabaritzen da. Partida batean edozeinek irabaz dezake, baina oso garrantzitsua da etxean jokoan dauden puntuak ateratzea, beste zelaietara zoazenean hango puntuak ateratzea asko kostatzen delako” azaldu du Murgiondok.
Etxarriarraren ustez, belar naturalean edo artifizialean jokatzea “ezin da konparatu”, baina belar naturalak zainketa oso handia eskatzen du, eta soilik talde nagusiak joka dezake, bestela guztiz lokaztu eta hondatuko litzateke. “Arezko zelaian entrenatzen dugu eta kategoria txikiek ere bertan jokatzen dituzte ere partidak. Horrek tristura ematen dit, gaur egun hori ia hirugarren munduko zerbait da, belar artifiziala toki guztietan dagoelako, Lakuntzan eta hemen izan ezik, nik dakidala. Teknikoki ere nabaritzen da, baina belar artifiziala jartzeko diru asko ez, gehiago behar da. Beraz, dagoenarekin aurrera” aipatu du.
Etxarri-Lagun Artea akordioa
Harrobiari dagokionez, Etxarrik haurren mailako bi talde ditu, 2008koa eta 2009koa, kimuen mailako bi talde, 2010ekoa eta 2011koa, eta benjamin mailako taldea. Jubenilen mailako talderik ez du, eta kadete mailako jokalariak baditu, baina ez taldea osatzeko adina. “Horregatik Lagun Artea klubarekin harremanetan jarri ginen. Beraiek hamar jokalari inguru zituzten, guk beste horrenbeste, eta bi taldeek jokalari gazte horiei jokatzeko aukera eman behar geniela argi genuen. Zenbait bilera eta gero erabaki genuen Lagun Artea izenarekin aterako genuela taldea, lakuntzarrek jubenilen taldea dutelako eta kadeteek bertara igotzeko aukera izateko. Nahi duguna da haurrek eta gazteek futbolera jokatzeko aukera izatea, eta ahal dugun heinean hori horrela izaten saiatuko gara beti” azpimarratu du.
Preferente mailako Etxarri Aranatz 2021/2022
Atezainak: Euken Vandenhove eta Amaiur Arratibel.
Defentsak: Alain Perkaz, Xabier Igoa, Andoni Agirre, Julen Iragi, Oihan Karasatorre, Adrian Jaca, Markel Erdozia, Aritz Aristorena eta Unai Satrustegi.
Erdilariak: Iñaki Agirre, Aratz Mariñelarena, Mattin Altzelai, Jurgi Kintana, Iñigo Arratibel, Xabier Ormazabal, Javi Fernandez, Yerai Perez de Villarreal eta Mikel Arratibel.
Aurrelariak: Xabat Goikoetxea, Alain Alberdi, Darling Quezada eta Rolando Sanchez.
Entrenatzailea: Iosu Murgiondo Mundiñano. Laguntzailea: Jose Guillorme.
C.D. Etxarri Aranatz K.E. junta
Lehendakaria: Eduardo Elso.
Lehendakari ordea eta diruzaina: Iñaki Elvira.
Idazkaria: Iña Arratibel.
Bokalak: Jose Javier Urkia, Jose Guillorme, Xabier Errazkin eta Koldo Murguiondo.