Joanes Bakaikoa pilotari etxarriarrak Promozioko Lau eta Erdiko finala jokatuko du, atzo, astelehenean, Logroñon jokatutako finalerdi gogorrean Dariori 20 eta 22 irabazi eta gero. Zenbakiek argi islatzen dute partidaren gogortasuna: 402 pilotakada eta 63 minutuko iraupena izan zuen partidak.
Bakaikoak eta Dariok tanto oso borrokatuak jokatu zituzten. Bakaikoa 6 eta 8 eta 8 eta 10 aurreratu zen, baina Dariok ongi erantzun zuen eta 13 eta 10 eta 19 eta 16 aurreratu zen. Abiadura zen Darioren arma, baina Bakaikoaren defentsa eta sendotasuna bikainak izan ziren. Ongi eutsi zuen etxarriarrak.
Polemika ere izan zuen partidak. Bakaikoaren 14 eta 14koan etxarriarrak bigarren botean eramandako pilota ontzat eman zioten. Dario 20 eta 18 aurreratu zen, baina etxarriarrak hortzak estutu zituen partidari buelta eman eta 20 eta 22 irabazita, Promozioko Lau eta Erdiko finalerako sailkatu da, bigarren aldiz, 2018an finala jokatu eta txapeldun izan baitzen.
“Partida oso gogorra izan da, lesiotik atera nintzenetik jokatu dudan gogorrena. Kantxan ez naiz batere eroso sentitu, jarri ezinik ibili naiz, eta pentsatu dut lanean jarraitu behar zela aukerak izateko. Hala egin dut eta pozik nago ez dudalako amore eman” azaldu zuen etxarriarrak.
Bakaikoak Zubizarreta III.a izango du arerio oraindik data ez duen final handian.