Astekaria

"Behobiarako sentsazio oso onak lortu nituen Ataunen"

Maider Betelu Ganboa 2021ko aza. 9a, 14:30

Ataungo Hiru Auzoetako Lasterketa irabazita, Behobia-Donostian eta Sevillan jokatuko duen Espainiako Taldekako Kros Txapelketan du burua Asier Estarriaga korrikalari etxarriarrak

Urriaren 31n, Ataungo Hiru Auzoetako 40. Mantzaren Oroimenezko Lasterketa jokatu zen, Ataungo San Gregorio, San Martin eta Aia auzoak batu zituena. 100 korrikalariren artean 24 urteko Asier Estarriaga Navarro gazte etxarriarra (1:00:47) eta Oihana Kortazar Arantzeta mutrikuarra gailendu ziren (1:04:52). Azken honek minutu bat eta zortzi segundotan apurtu zuen Maite Maiora Elizondok aurretik ezarrita zuen errekorra (1:06:00). Ataungoa irabazita, igandean, azaroaren 14an jokatuko den 56. Behobia-Donostiara sentsazio bikainekin iritsiko da etxarriarra eta aste bat beranduago Espainiako Taldekako Kros Txapelketan parte hartuko du, Sevillan. 

Ataungo Hiru Auzoetako Lasterketan garaipen ederra lortu zenuen. Minutu bateko tartea atera zenion bigarrenari, Angel Vazquez Iglesias lazkaotarrari (1:01:47). 
Minutu bateko alde horrek ez du esan nahi lasterketa erraza izan zenik. 17 kilometroko proba zen, eta lasterketa lehiatua izan zen; hasieran guztiak batera atera ginen, baina gero Angel Vazquezek eta biok aurrera egin genuen eta hamabigarren kilometrora arte elkarrekin joan ginen. Bata besteari begira geunden, elkarri aztertzen, aurretik ez ginenez ezagutzen, ez genuelako erreferentziarik eta ez genekielako batak besteari non egin ahal genion mina. 

Non jo zenuen azken erasoa?
Lasterketa erdialdean, Aiara iristen ari ginela, berak aurrera egin zuen. 10 segundo atera zizkidan, eta buelta hartuta beheraka hasi ginenean estutzeko garaia zela ikusi nuen, eta bera harrapatu arte ezin nintzen gelditu. Kaxetara iritsi ginenean, portua bukatu zen eta hortik aurrera beheraka egiten zuen lasterketak, baina ez horrenbesteko maldarekin. Hor nire erritmoan hasi, aurrea hartu eta tartea ateratzen hasi nintzen, bukaerara arte. Distantzia motzetan oso azkarra ez naizenez, banekien tartea ateratzeko lehenago egin behar nuela aurrera. 

Ataungo hiru auzoak lotzea, auzoak eta soroak tartekatuz, proba berezia izango da.
Bai. Gainera, "normaltasunean" gaudenetik lehendabiziko probetako bat zen, oso lasterketa herrikoia. Auzoetan jendeak asko animatzen zuen, eta nahiz eta auzotik auzorako tarteetan bakarka aritu, beti zebilen antolakuntzako norbait bueltaka, bizikletak pasatzen ziren… Polita izan zen. Animatzen zaituzte eta horrela errazago egiten duzu. 

"Ataunera Behobia prestatzera joan nintzen; ez nuen irabaztea espero"

Ataungo lasterketa irabaztea espero zenuen, asmo horrekin joan zinen? 
Ez, ni Ataunera joan nintzen azaroaren 14an jokatuko den Behobia-Donostia lasterketa prestatzera, antzeko distantzia delako eta Ataungo lasterketa ere gogorra delako; Behobiarekin antzekotasuna du. Behobiari begira, neure burua neurtzeko eta sentsazioak ikusteko lasterketa perfektua zen, baina ez nuen uste irabaziko nuenik. 

Bezperan, larunbatean, Iruñean Harresien Lasterketa jokatu zen. 4.219 korrikalari aritu ziren, sakandar dezente tartean. Behobia prestatzeko Iruñekoa baino Ataungo ibilbide gorabeheratsua nahiago izan zenuen?
Bai, Ataungoak zituen malda eta erritmo aldaketengatik eta baita ere igande goizean zelako, Behobiako igandearekin gehiago nabaritzen delako. Iruñeko lasterketak arratsaldean eta gauean ziren, eta niri arratsaldez lehiatzea ez zait gehiegi gustatzen, egun guztian buruan duzulako; nahiago dut lasterketak goizean egin. 

Noiz hasi zinen korrika?
Aita korrika ibiltzen zen, arreba baita, eta ni futbolean. 18 urterekin futbola utzi, eta geroztik korrika ibili izan naiz, baina pandemia garaian fundamentu gehiagorekin hasi nintzen; serioago hasi nintzen entrenatzen. 

"Pistari gustua hartu diot. Azkenean pistak zure tokian jartzen zaitu. Hor ez dago bromarik" 

Federatuta zaude eta Nafarroako Atletismo Txapelketetan aritzen zara, pista probetan eta krosean. Hau da, ez duzu soilik lasterketa herrikoietan eta halakoetan parte hartzen. 
Pandemiagatik lasterketak bertan behera geratu ziren. Nafarroako Atletismo Federazioak antolatutako pista eta bestelako lasterketetan aritzea guretako salbazioa izan zen. Lasterketa herrikoiak beroagoak dira, jendeak animatzen duelako, eta pistan dena hotzago da, kalkulagailua bezala. 400 metro dituzu, eta X buelta egin behar ditugu, beti erlojuari begira, segundo bat gutxiago, bat gehiago… baina pistari gustua hartu diot. Azkenean pistak zure tokian jartzen zaitu. Hor ez dago bromarik. Distantzia luzeak nahiago ditut, 5 kilometrotik gorakoak, eta 10 eta 20 kilometro tartean badira, hobeki. Esprinta ez da nire indargunea. 

Pistan Espainiako Txapelketetan aritzeko gutxieneko denborarik lortu ahal duzu? 
Pistan distantzia asko daude, eta maratoi erdian, 21 kilometrotan, aukeraren bat egoten da gutxieneko denboragatik Espainiako Txapelketara joateko, baina 10 kilometroko eta hortik beherako probetan oso zaila da joatea, ia ezinezkoa. 

Pistan ez, baina krosari esker Espainiako Kros Txapelketan parte hartzeko aukera izango duzu, berriki jokatutako Lizarrako Krosean, aldi berean Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa zenean, zure taldea, Beste Iruña, hirugarren sailkatu zelako. 
Bai. Lizarran lehen postua Hiru Herrik lortuko zuela bagenekien. Espainiako Txapelketara lehengo bi klubak joaten dira, eta bigarren postuarengatik lehiatzen ibili ginen Zizurko Ardoirekin. Puntu gutxi batzuengatik irabazi gintuzten eta gu hirugarrenak izan ginen. Baina Espainiako klub guztien arteko zerrenda bat dago, eta sailkatutako norbaitek huts egiten badu zerrenda horretan dauden taldeak haien ordez sar daitezke; eta ia konfirmatuta dago azaroaren 20an eta 21ean Beste Iruñakoak Sevillara joango garela, Hiru Herrikoekin eta Ardoikoekin batera. 

"Hiru Behobia-Donostia eginak dauzkat eta aurtengoa laugarrena izango litzateke. Helburua nire marka hobetzea da"

Lizarrako Krosean hamazazpigarren sailkatu zinen.
Ez nuen nik uste nuen maila eman, eta alde horretatik ez nintzen oso gustura gelditu, nahiz eta orohar ongi aritu. Horregatik, Ataungo lasterketan lortu nituen sentsazio horiek sentitzea behar nuen; egindakoarekin ongi sentitzea. Azkenean exigente xamar bihurtzen gara (kar, kar). 

Azaroaren 14an Behobia-Donostian ariko zara. Ez da zure lehenengo Behobia, ezta?
Ez, hiru Behobia-Donostia eginak dauzkat eta aurtengoa laugarrena izango litzateke. Helburua nire marka hobetzea da (1:18:30). Buruan denbora batzuk ditut, baina Behobiatik Donostiarako 20 kilometrotan denetatik gertatu ahal zaizu. Eguraldiak asko baldintzatzen du. 25 graduko egun bat atera daiteke, korrika egitea ia ezinezkoa dena, edo 10 graduko eguna eta txirimiria. Orduan bai gozamena. 

Igandean Ataunen irabazita, sentsazioak onak izango dira, ez?
Argi dugu bi asteren faltan lanak eginak daudela, hortik aurrera ezin duzu miraririk egin. Are gehiago, gehiegi pasatuz gero kalterako izan daiteke. Beraz, entrenatu eta lasaitasunez hartuko dut asteburua, psikologikoko deskantsatzeko oso ongi etortzen baita. 

Hemendik bi astera Sevillan jokatuko diren Espainiako Kros Txapelketarako (10 km) ongi etorriko zaizu aste bat lehenago Behobian parte hartzeak?
Behobia ondoren gehienbat ongi errekuperatzea izango da egin beharrekoa, Sevillara hankak ongi deskantsatuta joatea. Norberak badaki zein maila duen, baina hala ere, edozein probatan edozer gerta daiteke. Krosean nekea askoz gehiago nabaritzen da, segundoak azkarrago erortzen dira eta hori ere plus bat da. 

Uztailean Larrate Trail Laburra irabazi zenuen Zarrakaztelun. Mendia, asfaltoa, pistak… zein nahiago?
Asfaltoa guztiaren gainetik. Nabari du aspergarriagoa dela baina hobeto defendatzen naiz asfaltoan. Mendian asko sufritzen dut txorkatiletatik. Batetik beldur hori, gero goraka ere ez naizela oso trebea... nahiago dut asfaltoa. Une horretan ez zegoen apenas lasterketarik, eta hiru trail antolatu zituzten, Lerinen, Andosillan eta Zarrakaztelun. Ez zirenez oso luzeegiak eta ez zutenez desnibel askorik, denboraldia sentsazio onekin bukatzeko aproposak iruditu zitzaizkigun eta bertan aritzera animatu ginen. 

Hortaz horregatik animatu zinen trailera, besterik ez zegoelako?
Hasieran ez nuen asmorik aipatu trail horiek egiteko, denboraldia nahiko luzea izan zelako. Lasterketa gutxi zeudenez, batetik bestera desgastatuta bezala iristen nintzen; sentsazio onak izatea zaila izaten zen. Pistako probak ziren, eta horrek ere nekatzen zuen. Denboraldi bukaera zenez, pentsatu nuen: zergatik ez trail horietara joan eta disfrutatu? Eta horrela izan zen.

Larrate Traila irabaztea sorpresa izan zen?
Bai. Aurretik Lerinen egon ginen altsasuar bat eta ni, eta 9 kilometroko trail laburrean ni bigarren sailkatu nintzen eta bera, Ivan Sobredo Paz, hirugarren, eta Larrate Trailera animatu ginen (10 km). Hura irabaztea (46:55) sorpresa izan zen, bai. 

Etxarri Aranazko mendi lasterketetan aritzen zara?
Triku Traila egiteke dut. 17-18 urte nituela Triku Trail laburra egin zen, juniorrendako, eta bertan aritu nintzen, baina proba osoa ez dut egina. Aldiz, Ferietako Mendira Joan Etorria hirutan egin dut. Aurten ezin izan nuen parte hartu, Valentzian 10 kilometroko lasterketa batean parte hartzen ari nintzelako. 

"Behobia ondoren ongi errekuperatzea izango da egin beharrekoa, Sevillara hankak ongi deskantsatuta joatea"

Ongi ibili zinen Valentzian?
Bai, baina hura beste errealitate bat da. 7.000 korrikalari geunden, pentsa. Hara joaten zara denbora ona egitera eta marka lortzera, postuak berdin du. 

Noiz arte luzatuko duzu aurtengo denboraldia?
Bakoitzak denboraldia bere modura antolatzen du. Ni abuztuan hasi nintzen. Pandemiako neurriak arindu zirenez, jakina zen lasterketa guztiak itzuliko zirela, eta horrek esan nahi du egutegian lasterketa asko ditugula aukeran. Denboraldia noiz bukatuko den, ez dakit. Hankek laguntzen badute, ekainera arte edo maiatzera arte ez gara geldituko. Urtea ongi bukatzeko Altsasuko San Silvestrea egingo dut, eta hortik aurrera egutegiarekin jarriko gara topera. 

Zergatik aukeratu zenuen Beste Iruña taldea?
Sakandar batzuk bertan gabiltza: bi lakuntzar, olaztiar bat, nire arreba eta ni… Beste Iruñako presidenteak ezagutzen gintuen, eta eurekin aritzeko animatu gintuen. Pausoa eman, eta oso gustura aritzen gara. Bakoitzak bere entrenamenduak egiten ditu, baina taldean entrenatzeko hiruzpalau egun daude.