Etxarri Aranatzek ez zuen Amigó taldearen kontra 0 eta 1 galtzea merezi izan, inondik inora. Hasieratik dominatu zuen talde etxarriarrak, baina egoera zaildu zitzaion partida hasi eta ordu erdira arbitroak Julen erdilariari txartel gorria atera zionean. Jokalari bat gutxiago eta kontrako penaltia, ez zen egoera samurra. Baina Amaiur atezainak penaltia geratu zuen eta, jokalari bat gutxiagorekin ere, dominatzen jarraitu zuen Etxarrik. Bigarren zatian bere horretan jarraitu zuen partidak, baina jokaldi inozo eta zoritxarreko batean Amigók gola sartzea lortu zuen. Etxarrik dominatzen jarraitu zuen, partidari buelta emateko asmoz, baina ez zuen Amigóren taldea zulatzea lortu eta hiru puntuek ihes egin zuten.
Sailkapenean San Miguel da liderra (25 puntu) eta Etxarri Aranatz 11. postuan dago (13 puntu). Asteburuan Etxarrik sailkapenean 14 punturekin bederatzigarren den Beriain izango du aurkari, arerio zuzena.