Astekaria

"Txapelak poz handia eta topera jarraitzeko ilusioa eman dit"

Maider Betelu Ganboa 2021ko aza. 16a, 14:00

Joanes Bakaikoarendako azken txapel hau "berezia" da. UTZITAKOA

Promozioko Lau eta Erdiko txapela jantzi zuen Joanes Bakaikoa etxarriarrak, Zubizarreta III.ari 22 eta 10 irabazita. Garai txarrei buelta emanda, bere burua hobeki ikusten du eta etorkizunerako gogotsu dago.

Promozioko Lau eta Erdia aurkeztu zutenean Joanes Bakaikoa Satrustegiren izena ez zegoen kiniela askotan, baina etxarriarrak garai txarrei buelta eman –Baikoko pilotarien greba eta belauneko lesioa tarteko–, bere buruan sinistu eta igandean, Altsasuko Burunda pilotalekuan, promozioko kaiolako txapela preziatua jantzi zuen, merezimendu osoz final handian Iraitz Zubizarreta Agirreri 22 eta 10 irabazi eta gero. 

Finalaren bezperan estrategia argi zenuela esan zenuen: jokoaren ekimena hartu eta dominatzea, dominatzen duenak asko duelako irabazita. Eta aurreikusitakoa guztiz bete zenuen. 
Bai, ideiak garbi nituen. Askotan ideiak garbi izaten dituzu baina ez dira nahi bezala ateratzen; igandeko finalean, aldiz, nik nahi bezala atera ziren. Dominatu nuen eta oso kontentu nago. 

Burunda pilotalekuan zure lehendabiziko partida jokatu zenuen profesional gisa. Asko eskatzen duen frontoia da, exigentea eta estrañoak egiten dituena, baina primeran hartu zenion tamaina.
Bai, oso ongi atera zen guztia. Ezker pareta irregular xamarra denez, banekien sakearekin min handia egin zitekeela. Zorionez nik Zubizarretari min handiagoa egin nion berak niri egindakoa baino. Burundaren oroitzapen polita dut, egia esan. 

Hasieran parez pare aritu zineten eta agian zu urduriago zeundela zirudien, baina zazpira berdindu eta gero martxa sartu, eta jarraian 11 tanto egin zenituen. Partida hor apurtu zenuen.
Hasieran biok denetatik egin genituen, tanto onak eta huts batzuk ere bai, baina zazpigarren tantotik aurrera sakearekin min handia egin nion Zubizarretari. Jokoaren ekimena hartu nuen eta dominatu nuen. Berak defentsan aritu behar izan zuen, eta Iraitzek defentsan erasoan baino gehiago sufritzen du normalean. 

Jon Mariezkurrena zure botilleroak ere lan ona egin zuen. Aholku oso onak eman zizkizula aipatu zenuen, tartean Zubizarreta puntatik puntara mugiaraztea, txoko batetik bestera. Gomendio hori eman izana publikoki eskertu zenion. 
Zalantzarik gabe. Mariezkurrenarekin oso harreman ona dut, baita kantxatik kanpo ere, eta erabateko konfiantza nuen beragan. Aholku tekniko onak eman zizkidan, lasaitasuna transmititu zidan eta berarekin oso gustura egon nintzen. 

Promozioko zure hirugarren txapela lortu duzu. Horietatik bi kaiolakoak dira eta bestea Buruz Burukoa, baina nabarmentzekoa da aurreko bi txapelak 2018an lortu zenituela eta azken txapela hau hiru urteren ondoren iritsi dela. Agian horregatik txapela honi balio gehiago ematen diozu?
Niretako txapela guztiak oso garrantzitsuak dira, txapela bat lortzeko lan handia egin behar baita, baina azken hau berezia da. Txapela honek poztasun handia ematen dit, eta hemendik aurrera topera jarraitzeko ilusioa. 

“Gehien pozten nauena da nire buruarekin konfiantza hartzen ari naizela”

Burunda pilotalekuan lagunak zenituen zu animatzen, pankarta eta guzti. Nola ospatu duzu txapela?
Oso eskertuta nago ni animatzera etorri ziren lagunekin, eta baita etorri ezin izan zutenekin ere. Finala larunbatean jokatuko balitz ospakizunetarako hobe litzateke, astelehenean lan egin beharra baitago, baina guztiok disfrutatu genuen eta kontentu nago. 

Txapela zure gurasoendako zela azaldu zenuen finala irabazi bezain pronto.
Ni oso harro nago azken boladan egin dudan lanaz. Gurasoek nire egoera guztia bizi izan dute, lagundu naute eta euren izena atera zitzaidan, beraiengatik eta niregatik ere oso kontentu nagoelako.  

Zure buruan duzun konfiantza horren atzean lan handia egongo da.
Bai, lan asko dago. Bizitzan denetatik izaten dira, momentu onak eta txarrak, eta guztiari aurre egin behar izaten zaio. Horregatik, emaitzak ateratzen direnean gehiago disfrutatzen da.

Datorren astean bertan Binakako Txapelketa aurkeztuko dute. Enpresak txapelketan sartzeko aukerarik izango ote duzun aipatu al dizu?
Pilotan atseden gutxi egoten da. Aste hau lasai hartu dut baina datorren astetik aurrera Binakako Txapelketan jarriko naiz buru belarri. Oraindik ez didate aipatu noiz hasiko den edo nortzuk eta nola jokatuko dugun, baina ni Binakakorako topera entrenatzen hasiko naiz, ilusioz. 

Hurrengo urterako ziurtatuta duzuna da Lau eta Erdiko Txapelketa nagusian ariko zarela, lehen mailakoan. Igandean Altsasun jantzi zenuen txapelak saria ederra dakar.
Bai, sari polita, ezta? Baina niri gehien pozten nauena da nire burua orain hobeki ikusten dudala, azken boladan maila ona ematen ari naizela eta nire buruarekin konfiantza hartzen ari naizela. Horrek pozten nau batez ere. Hemendik aurrera hobetzen eta disfrutatzen jarraitzeko ilusioa dut. 

Ezkurdiak eta Lasok Lau eta Erdiko Txapelketan Altsasun jokatu zuten partidan pilotarien eta teknikarien artean entzuten zen oso ongi omen zeundela. Eta bete betean asmatu zuten. 
Aipatutakoan poztu nintzen, baina ez nuen ilusiorik egin nahi izan txapelketa hasiera zelako. Baina gogoan dut, eta entzuteak ilusioa egin zidan.

“Gurasoek nire egoera guztia bizi izan dute, eta txapela janztean gogoan izan ditut”

Lau eta Erdiko Txapelketa nagusiko finala igandean jokatuko da Bizkaia pilotalekuan. Laso edo Altuna, nor gailenduko da zure ustez?
Nik uste faborito Jokin Altuna aterako dela, garbi. Eta normala da. Ezkurdiaren kontra sekulako erakustaldia egin zuen. Nik gutxitan ikusi dut halako erakustaldirik, egia esan, eta faboritoa bera izango da. Baina Laso oso ausart ikusten dut. Zaila du, baina aukerak ikusten dizkiot. Txikitako lagunak gara, oso ongi ezagutzen dugu elkar eta berak irabaziko balu poz handia izango nuke. Oso ausart ari da jokatzen, eta arriskutsua da. Partida bakarra galdu du, Ezkurdiaren kontrakoa, eta finalean zaila du, baina irabazi dezake. Final irekia izango da.

Zorionak eta lortutako txapel hori goza ezazu!
Eskerrik asko, saiatuko gara, hemen atseden gutxi dago eta!