Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten Promozioko Binakako Txapelketa, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Zortzi bikotek hartuko dute parte, enpresa bakoitzeko lau bikotek. Baiko enpresatik, Zubizarreta III.a-Eskiroz, Larrazabal-Salaberri, Alberdi-Uriondo eta Bakaikoa-Elizegi izanen dira bikote parte hartzaileak, eta Aspetik Victor-Gaskue, Egiguren V.a-Untoria, Zabala-O.Etxebarria eta Salaberria-Erostarbe.
Txapelketak lehen mailakoaren lehiaketa sistema ia bera izango du. Alde bakarra da, kasu honetan, finalerdiak partida bakarrera jokatuko direla, eta ez ligaxkan, maila nagusian bezala. Txapelketa asteburu honetan hasiko da, Berriozarren, eta martxoaren 27an despedituko da.
Joanes Bakaikoak eta Iker Elizegik larunbatean jokatuko dute lehen jardunaldiko partida, Larrazabalen eta Salaberri II.aren kontra, Iruñeko Labriteko jaialdia zabalduko duen partidan (17:15, ETB1). Bakaikoa pozik dago Elizegirekin aritu izanagatik eta txapelketa borrokatua espero du.