Astekaria

“Jendeak uste duena baino estuago egongo da erronka”

Maider Betelu Ganboa 2021ko aza. 19a, 12:00

Igor Artieda eta Arkaitz Munarriz, Triku taldeko egoitzan, erronka bezperetan.

Sakana Trail Estazioa aurkezteko erronka mundiala antolatu dute bihar, larunbata, 10:00etan Etxarriko Kanpinean. 'Pul Pul'-ek eta Zarranzek, batetik, eta Artiedak eta Iñarrak, bestetik, Triku Traileko ibilbidea egingo dute. Nork irabaziko du?

Azken egunotan Sakanako Trail Estazioa aurkezten ari dira estazioak hartzen dituen bost ibilbideetako herrietan. Bihar, larunbata, Etxarri Aranatzi dagokio txanda, Triku Traila estazioan jasotako ibilbidetako bat baita. Triku Trail taldeari Sakanako Trail Estazioa aurkezteko ideia ezin hobea bururatu zaio: erronka mundiala antolatzea. Horrela, Arkaitz Munarriz Igoa ‘Pul Pul’-ek eta Xabi Zarranzek kontrako norabidean osatuko dute Triku Traila, eta Igor Artiedak eta 
Ander Iñarrak betiko noranzkoan. Ekimenak arrakasta izan du eta denetariko porrak eta apustuak daude. 

Nola sortu zitzaizuen Sakanako Trail Estazioa erronka edo apustu batekin aurkeztea?
Sakanako Trail Estazioa nola aurkeztu pentsatzen egon ginen Triku Trail taldean. Zer antolatu, nola… bilera horietako batean Igor Artiedari esan nion: Triku Traila estazioaren barne dagoenez zergatik ez dugu probaren edo apusturen bat egiten? Apustu bat egingo dizut! Berak baietz, eta harrikada horretatik sortu zen erronkaren ideia. 

Ideiak sekulako harrera ona izan du. Bolo-bolo dabil kontua.
Bai (kar, kar…). Gauza polita da. Eta pentsatzekoa da zurrumurru horrek jendea larunbateko erronkara erakarriko duela, eta bitartean Sakanako Trail Estazioa eta estazioaren barruan dagoen Triku Trail ibilbidea ezagutaraziko dugula. Baita Trikuharrien eta Haritz Zaharren ibilbideak ere. Bertan daude, ibilbide ederrak dira eta ezagutaraztea ez dago gaizki.  

Sakanak Trail Estazioan dagoenez, guztiz markatuta egonen da Triku Trail ibilbidea, eta mugikorretan ‘Station de trail’ izeneko APPa jaitsita, ibilbidearen tracka eta informazio guztia eskuragarri egonen da. 
Bai, ibilbidea berez 2020ko udan markatu zen gehiena eta gero, azken xehetasunak egin ziren. Mugikorrerako APPa ere erabilgarri dago. Zerbitzu hauek beti ongi daude, ibiltariak eta korrikalariak erakartzeko. Aurretik ere jendea etortzen zen Trikuharrien ibilbidea eta Haritz Zaharren ibilbidea egitera, eta Triku Traila ere markatua egotea positiboa da. Gauza horiek bizia ematen diote herriari, erakartzen dute. Sakanako Trail Estazioaren Triku Trail ibilbidea Etxarriko kanpinaren goiko parkingetik abiatzen da. Hor dago panel nagusia, Trikuharrien ibilbidearen panelaren ondoan. 

Sakanako Trail Estazioa aurkezteko antolatu duzuen erronka mundialerako ez dituzue bikote makalak aukeratu: Xabi Zarranz eta Ander Iñarra. 
Bi figura dira, bai. 

Elkarrekin entrenatu duzue? 
Ez, unean uneko kontua izango da. Beraiek gurekin egin beharko dute Triku Trail ibilbidea. Xabi Zarranz nirekin, kontrako noranzkoan, eta Ander Iñarra Igor Artiedarekin, betiko norabidean. Agian beraiek txistuka joango dira, gurekin alderatuta beste maila batean daudelako. Baina polita izanen da. Zarranz aspaldi ezagutzen dut, Aritz anaiak eta biok lagun zaharra dugu. Hasiera batean, Triku Trailen irabazle pare bat ekarri nahi genuen, gizon bat eta emakumezko bat. Oihana Kortazarrekin eta Oihana Azkorbebeitiarekin hitz egin genuen, baina ezinezkoa zuten, eta pena genuen, emakume bat ere egotea nahi genuelako, baina horrela tokatu da. Xabi Zarranz ez da irabazlea, baina goi mailako korrikalaria da, pertsona ona eta nik argi nuen berak partaideetako bat izan behar zeuela. Eta Iñarraz zer esan. Hara nolako mailan dagoen orain, beste maila altuagoan. Bera Triku Traileko irabazlea izan da. 

Arkaitz, arraroa egingo zaizue zuri eta Zarranzi Triku Traila kontrako norabidean egitea. 
Bai, arraroa egiten da. Duela bi asteburu Igorrek eta biok kontrako noranzkoan egin genuen ibilbidea, elkarrekin, eta arraroa egiten da. Eta gogorra. Izan ere, azkeneko tartea dena beheraka izaten da, baina kontrako noranzkoan, aldiz, hasi eta berehala, dena goraka egin behar duzu. Baina polita izango da. 

Erronka hau hasiera batean urriaren 2an egitekoa zen, baina atzeratu behar izan zenuten.
Bai, ni gaizkitu nintzen, birusen batek harrapatu, eta egun batzuk gaixorik egon nintzen. Baina jada guztiz errekuperatuta nago. 

Ez da berdin erronka urriak 2an edo azaroaren 20an jokatzea, neguaren ateetan. Honek proba gogortuko dezake, ezta?
Berez, urriaren 2an zen egitekoa eta egun hori primerakoa atera zen, egun ideala. Agian bero handiegia egiten zuen, baina ibilbidea lehor zegoen, korrika egiteko primeran. Dena den, oraindik ez du euri gehiegirik egin, lohia dago baina ibiltzeko ongi. Nik korrika egiteko nahiago dut fresko egotea, hotza egitea. Zalantzarik gabe. Lohia badago gogorragoa izango da, eta denborak motelduko dira, baina beno. 

Badirudi larunbatean ez duela euririk egingo. 
Bai, eguraldi ona iragartzen dutela aipatu dute. Egia esan, nik ez dut eguraldia begiratu. Erronka eguna da, eta berdin du zein eguraldi dagoen. Disfrutatu, sufritu eta egun polit bat izan dadila ekimenean biltzen garen guztiondako. 

Triku Trailak 20 km ditu, eta 1.217 metroko desnibel positiboa. Zenbat denbora beharko duzue osatzeko?
Erronkaren inguruan sekulako mugimendua sortu da: apustuak, porra... Nik sekula ez dut Triku Trail lasterketa egin, denbora erreferentzia fundamentuzko bat izateko. Antolakuntzakoa naizenez, beti lan egitea tokatu izan zait. Galdezka etortzen zaidan jendeari esaten diot 2 ordu eta 15 edo 20 minuturen bueltan ibiliko garela. Horrela iruditzen zait. Igor Artiedak ere horrela dio. Duela bi aste kontrako norabidean egin genuen, eta horrela ibili ginen. 2 ordu eta 15 minututik behera egiten badugu, sekulakoa litzateke. Gero eguraldiaren eta lohiaren faktorea egongo da, baina hor nonbait ibiliko gara. 

Ikusmina handia da, eta giro ederra egongo da bihar goizean Etxarriko kanpinean.
Hala espero dugu. Esan digutenez, 70 pertsonek egin dute porra. Ea giroa dagoen, erronka horrela askoz ere politagoa izango delako, dudarik gabe. 

Nola prestatu zara?
Ni desastre xamarra naiz. Nire kabuz ibiltzen naiz. Boladak izaten ditut: batzuetan errepideko bizikletarekin, besteetan mendiko bizikletarekin, edo korrika… egunaren arabera. Azkenaldian mendia ez dut asko zapatu, egia esan. Ez dut prestakuntza seriorik egiten. Baina ongi sentitzen naiz; ongi nago, sasoian. 

Aritz anaiak zer esaten dizu? Bera korrikalari peto-petoa da.
Urduri ikusten nauela esaten dit, eta lasai egoteko. 

Ea bikiak zure tokia hartzen duen.
Anaia beste maila batean dago. Bera aterako balitz ez zen kolorerik egongo. Ni aterako naiz, eta ateratzen dena aterata, kontentu. Ea anaiak hasieran laguntza eta babesa ematen didan. Ibilbideko hornidura guneetan taldekideren bat egongo da, ura eta jateko zerbait eskaintzen. Zarranzek eta Iñarrak agian ez dute urik ere edango, baina Igorrek eta biok beharko dugu (kar, kar...). Nik uste dut ibilbidean ere jendea egongo dela. Lagunak, kuadrillakoak, familiakoak… han izanen dira, ziur. 

Sare sozialetan ikusi dugu erronka nork irabazten duen asmatzen dutenen artean txaleko bat zozketatuko dutela.
Bai, A4XKM dendak egin du zozketa. Asmatzaileen artean mendiko txaleko bikain bat zozketatuko dute, eta horrek ere giroa berotu du. 

Eta zuek? Zerbait irabaziko duzue edo bakarrik ohorea?
Guk soilik irabaztearen ohorea, hori dugu bakarrik jokoan. Gero bazkariren bat edo zerbait egingo dugu, baina jokoan soilik ohorea dugu. Nik eta Igorrek bestelako apustu bat egingo bagenu gaizki pasako nukeen, presio gehiago sumatuko nuen. Beraz, jokoan soilik ohorea dagoenez, nahikoa eta soberan. Irabazi edo galdu, harro nago antolatu dugunarekin, gehienbat ekitaldi polita izango delako. Horregatik bakarrik, ni kontentu. 

Zarranzek eta Iñarrak zer diote?
Zarranz sare sozialetan ibili da esaten egun polita izango dela eta ez dakiela nork irabaziko duen, baina “Arkaitzek eta ile kuxkurdunak (berarengatik) irabaziko dutela”. Hasieratik ekimenean parte hartzeko prest zeuden, eta eskertuta gaude. 

Apustuak nola daude? Parean?
Parean daudela diote. Eta jendeak uste duena baina estuago izan behar da. Oso pareko ikusten dut kontua, agian uste baino pareago. Izan ere, Zarranz eta Iñarra gurekin etorri behar dira, eta Igor eta biok antzeko gaude, oso pare. Strava aplikazioan egin ditugun entrenamenduak ikusita, parean gaude. 

Ideia bikaina da Sakanako Trail Estazioa saltzea estazioko ibilbide bat egiten, eta are gehiago tartean erronka bat badago. 
Zalantzarik gabe. Goiz berezia izatea espero dugu. Gutxi geratzen da egun handirako. Dena ongi atera dadila, eta disfrutatu eta sufritu dezagula, eta ikusleek ere ongi pasa dezatela. Jendeak galdetzen du, non jarri daitezkeen desafioa ikustera eta nik Lizarrustira bidaltzen ditut. Lasterketa erdia da, autoa han bertan utzi dezakete eta minutu batean lasterketa pasan zaude. Edo, bestela, irteera eta helmugan, Etxarriko kanpinean. 

 

Erlazionatuak