Sakanako Trail Estazioa aurkezteko primerako ideia izan zuen Etxarri Aranazko Triku Trail taldeak: Sakanako Trail Estazioan jasoa dagoen Triku Trail ibilbidean erronka mundiala antolatzea. Horrela, Igor Artiedad eta Ander Iñarrak betiko noranzkoan osatuko zuten ibilbidea, eta Aritz Munarrizek eta Xabier Zarranzek, aldiz, kontrako noranzkoan. Ekimenak sekulako ikusmina sortu zuen, eta makina bat apustu eta porra egin ziren, nor gailenduko zen asmatzeko.
Larunbat goizean Etxarriko kanpinean zegoen jarrita hitzordua. Bertatik abiatzen da, hain zuzen ere, Sakanako Trail Estazioan jasotako Triku Traila. Erronka “jendeak uste baino estuagoa” egongo zela zioen Arkaitz Munarrizek bezperan, eta 2 ordu eta 15 minuturen bueltan ibiliko zirela uste zuen. Nor gailenduko ote zen eta zein denboran, hori zen jakinmina. Batzuk norabide batean eta besteak besteak, ibilbideari ekin zioten eta, azkenean, Arkaitz Munarriz eta Xabi Zarranz gailendu ziren (2:12:35), Igor Artiedari eta Ander Iñarrari 2 minutu ateraz (2:14:59).
Munarrizek sare sozialetan aitortu duenez “mendiko maratoi erdi bat 2 ordu eta 12 minututan egiteko trebe izango nintzenik ez nuen uste”. Gaineratu duenez, ez da denbora ofizial bat, baina “sekulako motibazioa” eman dio. Igor Artieda ere kontentu dago, eta eskerrik beroenak eman izan dizkie Xabier Zarranzi eta Ander Iñarrari euren ekarpenagatik eta ekimenean parte hartzeagatik.