Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako prest

Guaixe 2021ko aza. 26a, 11:04

Nafarroko Bertsolari Txapelketako finalera sailkatutako zortzi bertsolariak finalaren aurkezpenean. NBT

Finalera zortzi bertsolari sailkatu dira, tartean Eneko Lazkoz Martinez etxarriarra. Igandean, azaroak 28, izanen da, Iruñeko Anaitasuna Kiroldegian.

Nafarroa ia osoa zeharkatu ondoren, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren amaierara iritsiko da igandean, 17:30ean, Iruñeko Anaitasuna Kiroldegian. Lehian Eneko Fernandez Maritxalar, Eneko Lazkoz Martinez etxarriarra, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Xabat Illarregi Marzol eta Xabier Silveira Etxeberria arituko dira. Sarrerak salgai daude, eta ETB4 katean eta bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan zuzenean ikusteko aukera izanen da ere.

29 bertsolarik abiatu zuten bidea, eta zortzi iritsi dira finalera. Anaitasunako oholtzan ariko dira kantari. Batek jantziko du txapela, Estitxu Arozena Albizuren eskutik. Alaitz Rokondok eta Ander Aranburu Arriolak aurkeztuko dute saioa. Bi atal izanen ditu: lehenengoan zortzi bertsolariak ariko dira. Bigarrenean, lehen atalean puntu gehien eskuratutako bi bertsolariak pasako dira. Bi ataletako puntuazioak batuta puntu gehien lortzen duenak jantziko du txapela.

Finalistak
Bi dira lehen aldiz final batean parte hartuko dutenak: Josu Sanjurjo eta Saioa Alkaiza. Gainerakoak, finalean arituak dira. Xabier Silveirak hamaseigarren finala izango du, Julio Sotok hamargarrena, Eneko Lazkozek zazpigiarrena, bosgarrena Eneko Fernandezek eta bigarrena Joanes eta Xabat Illarregik. Finalisten artean txapeldun izandakoak ere izango dira: Julio Soto da oraingo txapelduna, eta bost txapela ditu irabazita, Xabier Silveirak zazpi txapela ditu.

Alaitz Rekondo Ferrero Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak nabarmendu zuenez, txapelketaren bidez kultur sorkuntza, bertsolaritza eta euskara herrialdeko “bazter ugaritara” eraman dituzte. 1600 lagunek izan dira txapelketaren sailkapen etapan: “bertsolaritza sendo, osasuntsu eta anitza egertu da”. Pandemiak sortutako egoerari erantzun eta “kultur plazak biziberritzeko ahaleginean” bere alea jarri dutela aipatu zuen. “Finala ere izan dadila bultzada eta aldarri”.

Hainbat ohar
Nafarroako Bertsozale Elkarteak finalaren aurrean hainbat ohar jakinarazi ditu. Finala zuzenean jarraitzeko hainbat bide izanen dira, telebistaz, internetez zein irratiz. Telebistan, zuzenean, 17:00etatik aurrera, ETB4 katean izanen da eta 21:00etatik aurrera ETB1ean. Abenduaren 5ean Hitzetik Hortzera berezia emitutuko dute. Interneten eitb.eus, bertsoa.eus eta berria.eus ataritan emanen dute streamingez. Naiz Irratiak ere zuzenean emanen du finala, Anaitasunatik, baita Xorroxin Irratiak ere, estudiotik.

Covid ziurtagiririk ez dela eskatuko jakinarazi du, ekitaldian ez delako edari edo janari kontsumisiorik izanen. Hortaz, debakatuta dago areto barruan jan edo edatea, baita erretzea ere. Maskara uneoro jantzita izan beharko da, salbuespena ekitaldiko artista taldea osatzen duten taldea. Pikaletak ekiditeko, 15:00etan irekiko dituzte ateak. Herrialdeko hainbat puntutan elur abisua eman dutenez, garaiz abiatzea eta iristea "are garrantzitsuagoa" dela esan dute.