Elurrari eta pandemiari aurre eginez, 1.750 lagun elkartu ziren atzo Iruñeko Anaitasun Kiroldegian, 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala jarraitzeko. Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Eneko Fernandez Maritxalar, Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez etxarriarra, Josu Sanjurjo Altzuri, Xabat Illarregi Marzol eta Xabier Silveira Etxeberria bertsolariak izan ziren oholtzaren gainean. Ander Aranburu Arriolak aurkezle lanak egin zituen eta Alaitz Rekondo Ferrerro izan zen gai jartzailea. Amaia Telletxeak, Cesar Etxeberriak, Joseba Beltzak, Mikel Beaumontek, Nerea Bruñok eta Saioa Mitxelenak osatu zuten epaimahaia.
Ekitaldiaren lehen zatian, bost ariketetan aritu ziren zortzi bertsolariak. Saioa Alkaizak eta Eneko Lazkozek lortu zuten puntu gehien, eta buruz burukora pasa ziren. Buruz burukoan puntuka eta seiko motzean aritu ziren hasieran, eta kartzelako lanarekin bukatu zuten saio puntuagarria. 995punturekin Alkaizak irabazi zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela. Lazkoz, 992 punturekin, txapeldunordea da. Lehen bost sailkatuek 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte harzteko eskubidea eskuratu dute, Nafarroako ordezkari gisara. Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da.
Estitxu Arozena Albizuk jantzi zion txapela Alkaizari, eguneko unerik hunkigarrienetako batean. Bertsolaritzaren alde egindako lana eskertu nahi izan dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Oroigarria Igor Elortza Aranoak Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lehendakariak elkartearen izenean eman zion eta gainontzeko sariak lau elkarteko ordezkariek eman zituzten: Goizuetako Umore Ona, Iruñeko Zaldiko Maldiko, Lesakako Arrano eta Tuterako Beterri.