Duela bi urte inguru Skolae sexu eta afektibitate hezkuntzarako programaren inguruan sortutako zalaparta izan zen Porno vs Afrodita (edo I ♥ #gorkaurbizu) antzezlanaren abiapuntu. "Gazteen artean pornoaren kontsumoaren zenbakiak aztertzean ikusten da hezkuntza sexual eta afektibo hori ez dagoenean nora jotzen duten: Internetara". Eta Interneten pornoa aurkitzen dutela azaldu du Patricia Urrutia BenetaBe antzerki konpainiako kideak eta antzezlanaren sortzaileak. "Ikerketa lan bat egiten hasi ginen".
Ikerketa egin ondoren erabaki zuten gazteen eta haien ezjakintasunak ez zirela hain desberdinak, eta taularen gainean, "maitasun osoz", jarriko zituztela. "Behintzat hausnarketarako bidea izateko". Barrearen bidez "mamuak uxatzea" lortzen badute, hobe. Horrela sortu zen Porno vs Afrodita (edo I ♥ #gorkaurbizu) antzezlana. Ostiralean Nafarroako mustu zuten, Etxarri Aranazko kultur etxean egindako emanaldiarekin.
Bederatzi pertsonaia egiten dituzte hiru aktoreek. Gaztetxe baten azkenengo gaua da, ez dagoelako errelebo generazionalik. 40 urte inguruko gazteak dagoeneko ez dira hain gazteak, eta familiak, lanak eta bizitzak gain hartu dituzte. Rock banda bateko hiru kide gelditzen dira, hasi zirenean hamaika zirenean. Azken kontzerturako soinu probak egiten ari dira. Hortik ere nerabeak agertzen dira, eta mamuak eta desioak. Piramidearen goikaldean Porno eta Afrodita jainko eta jainkosa agertzen dira. "Hilkorrak, helduak eta gazteak, euren bizitzekin ahal dutena egiten; beste errealitate batean bi heroi super cool daude, bi rock star, Aneren egoera emozionalarekin lotuta, eta gero Porno eta Afrodita gizakien pasioak muturreraino eramaten".
Urrutiak abiatu zuen ikerketa albistetatik jasotako datuekin eta gertukoen zituen gazteengatik. "Pentsatzen duzu hainbat gauza gaindituta daudela, afektibitate eta sexualitatea modu askotan bizitzen dela. Baina atzera goaz". Jakin-min horretatik testua idazten hasi zen. Idazteko dirulaguntza jaso zuen, eta Durangoko Azokan mustuko du. Testua sortzen zuen bitartean, Elena Olivieri eta Pablo Ibaluzearekin zuzendaritza taldea sortzen duten pertsonekin eta Juanjo Oterorekin eta Ion Zumelaga aktoreekin konstatatzen zuen, baita Asier Iturarte musika zuzendariarekin ere. "Nik idatzitako testu hori guztion ekarpenekin kolorez betetzen hasi zen, berridatzi nuen, eta testu behin betikoa osatzen joan gara". Prozesu horretan urte eta erdi pasa dute, ia bi urte, eta aurreko urtean, pandemiaren erdian, aurkeztu zuten antzezlana.
Antzerki kontzertua
Musika zuzenean jotzen dute. "Ez da aitzakia. Eszenan bi anpli, gitarrak, bateria, baxua eta hiru mikrofono badituzu, jo behar duzu". Abesti originalak sortu dituzte, eta klasikoen bertsioak egiten dituzte ere. "Musika emozioen garraiatzailea da, eta elkartzen gaituen zerbait da". Konektore lanak egiten ditu, "heldu eta gazteen artean, gazteen artean, antzezle eta publikoaren artean…". Bizitzan bezala. Egoera zela eta, non pubikoa ezin zen altxatu eta kontzertu gutxi egin diren, jendeak "dantzatzeko gogoa" izan duela esan diote emanaldiren baten bukaeran.
"Traolak ematen du pista". Antzezlanaren izenburuan traola bat agertzen da eta sare sozialek harremanetan jokatzen duten papera adierazi nahi izan dute. "Nola areagotzen den hori rock star baten irudiarekin eta sortzen den sasi gertutasun bat. Zeinen erraza den agertzea eta desagertzea, zein mailaraino egiten diren harremanak…". Muturrera eramateko rock starraren irudia erabili dute, eta Gorka Urbizu "ez izan rock starraren estereotipoa" berera eraman dute.