Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoak 2021eko Kirol Merezimenduaren Urrezko Dominen eta Zilarrezko Dominen banaketa ekitaldia hartu zuen atzo, asteartea, Maria Chivite presidentea buru zela, Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldien barruan. Aimar Olaizola pilotari ohiak eta Juan Carlos Unzué futbolari eta entrenatzaile ohiak jaso zuten Urrezko Domina, emozioz betetako ekitaldian. Euren ibilbideari aitortza egin zien Chivitek, eta Unzuék ELA gaixotasunari nolako duintasunarekin egiten dion aurre azpimarratu zuen.
Bestalde, entrenatzaile eta teknikari lanetan hogei urte luze baino gehiago daramatzaten 28 pertsonei aitortza egin zitzaien atzo, tartean Miguel Angel Aristorena Lakuntzari. Aristorenak emakumezkoen pala sustatzeko lan ordainezina egin du eta lanbide horretan jarraitzen du, eta Zilarrezko Domina jaso zuen aitortza moduan. Chivitek kirolaren alde egindako lana eskertu zien guztiei.