Frontoietan aspaldiko ezaguna da Miguel Angel Aristorena Lakuntza, emakumezkoen palan batez ere. Etxarri Aranazko Gure Pilota elkartean lan ordainezina egin du neskak palan trebatzen. Eta lanbide horretan jarraitzen du. Egindako lanaren fruitua jasotzeko garaia heldu zaio, aurten bi aitortza egin dizkiotelako: Etxarri Aranatzen Emumezkoen Master Cup Pala Txapelketako finalak jokatu zirenean jaso zuen lehen omenaldia, eta asteartean Nafarroako Jauregian Maria Chivite presidentearen eskutik Nafarroako Zilarrezko Domina jaso zuen, 20 urtetik gora emakumezkoen pala sustatzeko ahalegina saritzen zuena. Ez da omenaldien oso zalea, eta aitortza berak ez, neskek merezi dutela uste du, baina merezitako omenaldia da.
ALABAK ENTRENATZEKO
Baten beharrean, bi omenaldi.
Beno… (kar kar). Ez dakit hainbeste urteko lanaren ondorioz etorri diren omenaldiak edo zerbait polita egin dugulako. Horrekin geratuko gara.
Egin dezagun atzera. Gaztetan pilotaka edo palan ibiltzen zinen?
Garai hartan herrietan mundu guztia eskupilotan, palan edo futbolean ibiltzen zen. Ni 16 urtetaraino eskupilotan aritu nintzen. Txapelketaren bat edo beste irabazi nuen, baina esku txarrak nituen. Horregatik eskupilota utzi eta palan hasi nintzen, lagunekin. Kirol hau, pilota, maite genuen, eta palaz jokatzen segitu genuen, oso gustura. Kuadrillan txapelketa batzuk jokatzen genituen.
Herriko txapelketak ziren?
Bai. Esaterako, urte dezentetan sekulako pala txapelketak egiten ziren Etxarri Aranatzen. Luis Igoak, Telletxeak, nik... talde batek antolatzen genituen eta sekulako giroa egoten zen.
Neskak palan entrenatzen hasi zinen zure alabek, Yanirak eta Saioak, pala gustuko zutelako eta haiei irakasteagatik.
Bai, hala da. Garai hartan alabak euren lagunekin etortzen ziren frontoira gu ikustera. Orduan Etxarri Aranatzen neskendako ez zegoen ezer ere ez. Nesken areto futbola egoten zen, baina gutxi gehiago. Alabei pala gustatzen zitzaien eta behin esan nien nahi izanez gero kuadrillarekin etortzeko eta hasiko ginela pixka bat palan entrenatzen. “Zuendako kirol polita da hau” aipatu nien. Bospasei neska animatu ziren, alabak tartean, eta horrela hasi ginen. 20-22 urte izango dira.
Garai hartan Etxarri Aranatzen Gure Pilota elkartean esku pilota landuko zuten, ezta?
Bai. Etxarri Aranatzen orduan esku pilota izarra zen. Guk leku pixka bat egin genuen. Geldi-geldi sartzen hasi ginen: hasieran nesken palarako ordu bat, gero bi ordu… kostatu egin zen.
Neskak palan jokatzea arraroa egiten al zen?
Bai. Asko kostatu zen. Badakizu, garai hartan frontoia mutilena zen. Betiko borroka. Borroka batekin hasi nintzen, baina gero ohartu nintzen beste borroka bat ere bazegoela. Garai hartan eskupilota eta pala mutilen barruti pribatua zen, eta emakumeak kirol hori egitea... Gu entrenatzen egon eta sarritan atariari joka ibiltzen ziren, halakoak; asko kostatu zen, urte batzuk.
“Bospasei neska trebatzen hasi nintzen; kostatu egin zen, arraroa egiten zelako”
Frontoia eta tokia lortzeko borroka latza al zenuten?
Gure Pilota eskolan ordutegiena oso zorrotz eraman izan dugu beti, eta talde bakoitzak bere ordutegia zuen. Hortaz, nesken palarako genituen orduak errespetatzen ziren, hasieratik. Baina negua iristen zen, mutilak frontoira joaten ohituta zeuden, eta gurekin topo egiten zuten; saltsa pixka bat egoten zen hor.
Gure Pilota eskolakoei neskekin palan hasteko asmoa zenuela esan zenienean nola hartu zuten?
Ongi. Ventura Mundiñanok urte askotan eraman izan zuen pilota eskola, eta berarekin batera, jende jatorra zegoen: Felix Mozo, Venancio... Neskekin palan hasteko ze ilusio nuen ikusi zutenean animatu ninduten: “aurrera”, esan zidaten. Beraz, Gure Pilota klubetik ez zegoen arazorik; are gehiago, sekulako laguntza izan dut. Gehiago zen kaleko kontua. Pilota munduan badirudi esku pilota dela bakarrik garrantzitsua. Pala eta gainontzeko erremintak azpian egon dira, eta emakumeena zer esan, beti izaten da bigarren mailakoa.
Sakanan gizonezko palista oso gutxi daude. Aldiz, emakume pila bat, egindako lanaren emaitza.
Talde bat aurrera ateratzeko atzean ilusioa duen monitore edo arduradun bat behar da, motibazioa duena, txapelketak antolatzeaz arduratuko dena, beste klubetako jendearekin harremana izango duena, hango palistak hemengo txapelketetan parte hartzeko. Lan asko egin behar da. Nik oraindik emakumezkoen pala aurrera ateratzeko ilusioa dut, urte asko daramatzagu lanean eta urte hauetan Gure Pilota taldetik txapeldun pila bat atera dira eta ateratzen jarraitzen dute; horrek berak ilusioa mantentzen du.
Hasi zinetenetik hona, emakumezkoen palak gora egin du nabarmen.
Izugarri. Emakumezkoen pala sekulako osasunarekin ikusten dut. Baina gertatzen ari dena da azkeneko urteetan emakumezkoak ere eskupilotan hasi direla eta nolabait esateko, erdibanatu dira. Hau da, palista asko ere badabiltza eskupilotan. Ez dakit honek zein norabide hartuko duen, baina gaur egun nire iritziz maila palan dago; emakumezkoek eskuz oraindik lan handia dute egiteko, aurretik palan egin zen bezala. Gero aterako dira eskupilotako emaitzak, baina gaur egun benetako maila emakumezkoen palan dago. Lau katu daude emakumezkoen palan eta pilotan, eta erdibanatuta daude. Pena ematen dit, baina nik guztiekin kontatzen dut: alde batekoekin, beste aldekoekin, eta ni erdian.
GURE PILOTA ESKOLA
Bospasei neskarekin hasi zen Gure Pilota Emakumezkoen Pala eskola. Gaur egun zenbat palista daude?
Emakumezkoen pala taldea eraman izan dut beti, baina horretaz gain azkeneko urteetan Gure Pilota klubeko presidentea naiz. Emakumezkoen pala taldean 36-38 palista inguru ditugu, benjaminetatik hasita helduetara arte. Bestalde, eskupilota taldea indartzen saiatu gara. Izan ere, gutxika eskupilotako taldea itzaltzen joan zen; azkeneko bi urteetan ez zen mutikorik egon. Pena ematen zigun, eta taldea berriz martxan jartzen saiatu gara. Aurten lauzpabost mutil eta neska bat ditugu eskupilotako taldean.
Emakumezkoen palak arrakasta izaten jarraitzen du. 36-38 neska trebatzen, hori asko da.
Bai. Bakarren batek beti uzten du, baina beti sartzen dira berriak. Ezingo genituzke askoz ere gehiago hartu, azpiegiturak ez duelako gehiagorako ematen. Bestalde, aurten oso pozik nago zenbait palista taldera itzuli direlako. Bere garaian oso onak ziren, txapeldunak izandakoak, baina kanpora joan ziren ikastera eta pala utzi zuten. Orain bueltatu dira, eta horrek sekulako indarra eta ilusioa eman dit.
Zenbat entrenatzaile zaudete?
Olaia Eizagirre eta alaba, Yanira Aristorena dira entrenatzaileak. Ni gehiago ibiltzen naiz antolakuntza eta paper kontuak eramaten, Nafarroako Pilota Federazioko bileretara joaten, epaile lanetan eta bestelakoetan, baina entrenamenduetatik buelta ematen dut. Yanirak entrenatzaile titulua du, geroz eta gehiago eskatzen dutena, eta alde horretatik pozik gaude. Astean lau egunez ditugu entrenamenduak. Lehen talde handiagoak izaten ziren, baina orain sei pertsonako taldeak egin ditugu eta entrenamenduak hobeak dira, dedikazioa ezberdina delako. Ahalegin handia egin dugu, ea nola ateratzen den. Emaitzak ere iritsi dira, Nafarroako Kirol Jolasetako Txapelketetan goraka egin dugulako. Oso pozik gaude.
Itzuli direnen artean Ane Eskala eta Uxue Mendinueta daude. Ekainean Etxarri Aranatzen jokatutako Emakume Master Cup Paleta Goma Txapelketako Lehen Mailako finalistak izan ziren, eta oso gutxiagatik galdu zuten Maider Saralegiren eta Maddi Galarzaren kontra.
Ane eta Uxue oso palista onak dira. Bere garaian Euskal Herriko txapeldunak izan ziren, oso onak, eta orain hor dabiltza, garai bateko erritmoa hartzen, gustura. Frontoian beraiek ikustearekin bakarrik sekulako gorakada dut. Masterseko finalerako sailkatzea oso polita izan zen. Gure Pilotako beste zenbait ere oso ongi ibili ziren, Andrea eta Izar Parot, esaterako. Irati Igoa ere Gure Pilotakoa da, eta oso maila onean dago. Todoterrenoa da, denetarako balio du: Mulierreko futbolaria, palista, pilotaria… Yanira bueltatuko balitz, sekulako bikote polita egingo lukete.
Alaba bueltatzera animatu beharko duzu. Txapeldun handia zen.
Hori berak ikusi beharko luke, baina ona zen, txapeldun handia. Makina bat txapel dauzka. Hasi berriak eta beteranoak, familia osoa gaude, eta hori da politena. 8 urteko neskek, beraiek ikusita, palan jarraitzeko ilusioa izango dute. Izan ere, hemendik ez dira profesionalak izaten aterako. Zergatik jarraitu? Gustukoa dutelako.
“Ez dakit palak zer duen, baina hasi eta guztiz harrapatu ninduen”
Zer du palak?
Ez dakit zer duen, baina esku txarrak nituelako utzi nuen eskupilota, palan hasi eta guztiz harrapatu ninduen. Kirol osoa da, gorputza guztia mugitu behar duzu eta pentsatu behar duzu. Teknika, fisikoa, taktika… guztia lantzen da. Ez da garestia eta ez duzu urrutiraino joan beharrik, herri guztietan frontoia dagoelako. Bi pertsonarekin oso gustura jokatzen da, eta laurekin hobe. Antzeko maila izanez gero, gozamen hutsa da. Jende askok esaten dit palak guztiz harrapatzen zaituela. Nik 45 urterekin utzi nuen, gorputzak nahikoa zela esan zidalako. Ez nuen pilota bat galduta ematen eta jada ez nituen 18 urte, 45 baizik.
Gure Pilotan izena eman daiteke oraindik?
Nik beti aukera ematen diet, atea zabalik dugu. Probatu dezatela, hori da garrantzitsuena, eta gustuko badute segi dezatela.
Emakume Master Cupek pala txapelketa antolatu izanak emakumezkoen palari bulkada eman dio?
Nolabaitekoa, hor utziko dugu.
Emakumezkoen palak eta eskupilotak aurrera egiteko federazioen inplikazioa ezinbestekoa da.
Federazioak bere espedientea betetzen du, baina oraindik lan handia egin behar da emakumezkoen pala eta eskupilota sustatzeko. Eta lan serioagoa. Federazioan badago gai honen inguruko kezka eta ilusio handia duen kide bat, baina banago pixka bat hegoak mozten dizkiotela.
“Gure txapelketa Euskal Herriko torneo onenen artean dago; sekulako maila du”
GURE PILOTA NESKEN PALA TXAPELKETA
Aurreko asteburuan hasi zen Gure Pilota Sakanako XVII. Nesken Pala Txapelketa, 17. edizioa. Mankomunitatearen eta udalen babesarekin antolatzen duzue, eta lan handia egin izan duzu beti txapelketa hau ateratzeko.
Palistak entrenatzea errazena litzateke, baina emakumezkoen pala sustatzeko eta zabaltzeko txapelketak antolatu behar dira, beste klubetako palistekin harremana izan behar da beraiek gure txapelketetan aritzeko eta kluben arteko harremanak sustatu behar dira. Sakanako txapelketara etortzeko desiotan egoten dira palistak. Iparraldekoak, bizkaitarrak, gipuzkoarrak, nafarrak… denetatik etorri izan dira, oso gogotsu. Aurten 65 palista inguruk hartuko dute parte, Gaztetxoen Mailan 40 inguruk, Eliteetan 6 bikotek eta Lehen Mailan 7 bikotek. Euskal Herriko txapeldunak deitu zidan azken orduan esateko parte hartu nahi zutela, eta ezetz erantzun nion ez nuelako leku gehiago. Horretarako azpiegitura gehiago beharko litzateke eta izena eman nahi duten guztiendako ordu eta toki nahikorik ez dago. Txapelketan, aurten ere, sekulako maila dago.
Urtero esaten duzu hori Miguel Angel.
Bai, egia delako, neska palisten maila goraka doalako. Gure txapelketarekin maiteminduta nago. Benetan, sekulako maila dago. Bikoteak orekatzen saiatzen gara, eta nik uste dut palistak horregatik etortzen direla hain gustura, partidak oso parekatuak direlako. Gure txapelketan partida asko oso estuak izaten dira, partida borrokatuak.
Zeintzuk dira faboritoak?
Izen handiak daude, baina gero partidak jokatu behar dira. Ikusiko dugu, oso bikote politak daude. Larunbat goizean Gaztetxoen partidak jokatzen dira, arratsaldean Lehen Mailakoak eta igandean Elite mailakoak.
Federazioek antolatzen dituzten pala txapelketak kenduta, Sakanakoa izango da emakumezkoen paleta goman antolatzen den txapelketa onenetakoa?
Zalantzarik gabe. Txapelketa politak daude Euskal Herrian, eta dauden bizpahiru onenen artean dago gurea, ziur. Palistak oso gustura etortzen dira.
“Emakumezkoen pala eta eskupilota sustatzeko lan handia egin behar da, lan serioagoa”
OMENALDIAK
Etxarri Aranatzen jokatutako Emakume Master Cup Pala Txapelketako finaletan jaso zenuen lehen omenaldia, 20 urte luzez emakumezkoen pala sustatzen lan nekaezina egiteagatik. Etxarriko alkate Silvia Marañonen eskuetatik oroigarri ederra jaso zenuen, palistak ondoan zenituela. Tartean zegoen ere Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari Miguel Pozueta.
Herritik sortutako omenaldia izan zen, palistak han zeudela, eta oso polita izan zen, egia esan.
Badakigu ez zarela halako omenaldien oso zale, baina gertukoengandik etortzen direnean, berezia izango da, ezta?
Jakina, nola esango dut kontrakoa? Oso polita da, baina bihotz barrutik esaten dizut nik ez dudala omenaldirik merezi. Nik uste dut neskek merezi dutela omenaldia, palistek. Hasierak nola izan ziren kontuan hartuta, eta ikusita oso langileak direla, alde batetik bestera korrika ibiltzen direla, eta entrenatzeko eta lehiatzeko duten ilusioa… Beraiek merezi dute omenaldia, nik ez. Oso laguntza gutxi dute, eta horrek amorrarazten nau.
Baina zuk izugarri laguntzen diezu. Ez dago frontoi batera joatea bezalakorik hori ikusteko. Palista eta teknikari guztiak hurbiltzen zaizkizu agurtzera. Emakumezkoen palan erreferente bat zara.
Niretako hori da omenaldi politena. Joaten naizen frontoi guztietan: “Zer moduz Miel?” guztiak hurbiltzen zaizkit. Behin Iparraldera joan ginen, Yanirak eta Maite Ruiz de Larramendik trinketeko txapelketa bateko finala jokatu behar zutelako. Txapelketa oso garrantzitsua da, ordura arte Hegoaldeko palistek inoiz ez zuten irabazi, baina urte horretan Yanirak eta Maitek irabazi zuten. Finaleko egunean trinketera iritsi eta hango arduradunek pasatzen utzi zidaten, “coach” nintzelako. Eta gainontzeko guraso guztiei sarrera kobratu zieten. Egun hartan egin nituen barreak... “Hainbeste urtez bakarren batek ezagutzen nau” pentsatu nuen.
“Neskek oso laguntza gutxi dute, eta horrek amorrarazten nau”
Asteartean Nafarroako Jauregian Nafarroako Zilarrezko Domina jaso zenuen, horrenbeste urtez emakumezkoen pala sustatu izanagatik. Norbaitek zure izena proposatu zuen, eta zu hautatu zintuzten, beste 27 teknikarirekin batera.
Hori ere polita da, baina berriro diot, nik neskak aipatuko nituzke, euren gurasoak eta inguruan lana egiten dutenak, ez ni bakarrik.
Zilarrezko Domina zuk jasoko duzu, baina nori eskainiko diozu?
Lehendabizi emazteari. Asteburu askotan frontoian sartuta egoten naiz, atera gabe, eta pentsa berarendako hori zer den. Bera ere partida askotara etorri izan da, lehendabizi ni ikustera, gero alabak ikustera eta orain ilobak ikustera. Eta geldi-geldi bilobak iritsiko dira. Bestalde, neskei eskainiko diet eta inguruan dudan talde guztiari.
Gehienetan kirolariek jasotzen dute aitortza, baina horrenbeste lan egiten duzuen teknikari eta monitoreak ezinbestekoak zarete eta zuek ere merezi duzue errekonozimendu hori.
Kirolariak ateratzeko atzean gu bezalako jendea behar da, hori zalantzarik gabe. Baina pentsa nork jaso duen urrezko domina, Aimar Olaizolak eta Juan Carlos Unzuek. Horiek hitz potoloak dira, gero…
Baina zuek atzean isil-isilik sekulako lana egiten duzue. Olaizolak eta Unzuek ere zuek bezalakoren bat izango zuten alboan.
Jakina. Kirolari handiak dira, profesional gisa diru asko irabazi dutenak.
Zuek ez. Zuek dirua jarri behar izan duzue, seguru.
Bai, hori da, guk poltsatik jarri (kar, kar…). Eta gustura.