Astekaria

"Asmoa istorio errebelde bat islatzea zen"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2021ko abe. 3a, 14:48

Joxe Aldasoro Jauregi eta Anaitz Igoa Goñi liburuaren aurkezpena prestatzen. UTZITAKOA

Haurrei gai baten inguruan erantzunak eman nahia izan zen ‘Rolihlahla’ ipuin ilustratua sortzeko arrazoia. Joxe Aldasoro Jauregi idazleak eta Anaitz Igoa Goñi ilustratzaileak kaleratu dute, eta abenduaren 5ean aurkeztuko zuten.

Baten batek album ilustratu bat zer den galdetu duela esan du Joxe Aldasoro Jauregi idazle etxarriarrak. “Halako komiki bat” dela erantzuten du, baina hori esatea “kristoren astakeria” dela aipatu du. Album ilustratu bat ipuin bat testuaren eta ilustrazioaren bidez kontatzen duen liburua da. Bi elementuek bat egiten dute. Aldasororen testuarekin eta Anaitz Igoa Goñi ilustratzaile etxarriarren irudiekin Rolihlahla ipuin ilustratua kaleratu dute eta igandean, abenduak 5, 17:30ean, Etxarri Aranazko kultur etxean aurkeztuko dute. Haurren aurrean helduak heldu kanpainaren barruan egingo dute aurkezpena, ekimenari amaiera emanez. Liburua dagoeneko salgai dago Irurtzungo Martxueta, Etxarri Aranazko Kaxeta eta Altsasuko Arkatz liburudendetan.

Rolihlahla’. Zer dago izen horren atzean?
Joxe. Pertsona baten hiru izenak dira: Nelson Rolihlahla Mandela. Nelson Mandela izenez ezagutzen dugun pertsona ospetsua. Bere istorioa haur bati kontatzen saiatu gara. Historia nahiko egoera berezian sortu zen. 2016an epaiketa izan nuen Audientzia Nazionalean eta garai hartan, eta gaur egun jarraitzen dut, Pedro Lope de Larrea Aguraingo haur eskolan lan egiten nuen. Bost urteko haurrekin lan egiten nuen eta gurasoei epaiketa neukala esan nien, eta auskalo zer gertatuko zen. Baina haurrei ere nahi nien zerbait esan. Kartzelan ez daudela bakarrik lapurrak eta gaiztoak azaldu nahi nien. Haurren iruditegian hori dago. Nola erakutsi? Nelson Mandelaz oroitu nintzen. Espetxean egon zen eta presidente izatera iritsi zen. Lehendabizi Interneteko testuarekin eta irudiekin muntaia bat egin nuen, epaiketa pasatu zen, eta gero Anaitzi testuan eman nion.

Gauza zen horrekin zerbait gehiago egitea, ezta?
J. Banekien Anaitz artista zela eta eman nion ea zerbait inspiratzen zion edo zerbait sortzen zion istorioak.
Anaitz. Oso gustura hartu nuen. Niretako kristoren aukera zen niri gustatzen zaidan horretan aritzeko eta Joxe lagun bezala eta bere istorioa azaltzeko aukera ematen zuenez, ilusio egin zidan. Haur bati azaldu kartzela barruan daudenak ez direla bakarrik gaizkileak. Interesgarria iruditu zitzaidan puntu hori ere.

Epaiketa 2016an izan zen, eta orduan hasi zen prozesua?
J. Urte bat beranduago edo bidali nion Anaitzi.
A. Denboran luzatu den proiektu bat da. Aipatu zuenean ideia batzuekin hasi nintzen, baina hasiera horretan bakoitzak gure istorioekin jarraitzen genuen. Gero bai Iruñeko Bikoteka ekimena atera zela, ilustratzaile eta idazleak elkartzen dituen ikastaro bat, eta hori esan nion: “Hasiko gara? Probatuko dugu?”. Ilustratzaileak ilustrazioak aurkeztu behar ditu eta idazleak bere lanak. Bikotean edo banaka aurkez zaitezke. Proiektua aurkeztu genuen, onartu ziguten, eta han istorioa gorpuzten hasi zen. Bai ilustrazio aldetik bai testu aldetik forma gehiago hartzen joan zen.

Lagundu zizuten?
J. Hamar edo hamabi bikote geunden. Irakasleak Harkaitz Cano idazlea eta Aitziber Alonso ilustratzailea ziren. Ariketa batzuk komunean egiten genituen, denak elkarrekin, eta beste une batez bikote bakoitza bere proiektua garatzen ibiltzen zen. Batzuk zerotik hasi ziren. Guk bageneukan proiektua, eta aurrera. Bost egunetan asko aurreratu genuen. Testua eta ilustrazioak nahiko definituta gelditu ziren.
A. Egitura behintzat egina gelditu zen. Aitziberren ikuspegiak asko laguntzen zuen; gaia kontuan hartuz eta nola kontatzen genuena kontuan hartuz, paisaiak, zabaltasuna, koloreekin jokatzea…

Zer kontatzen du liburuak?
J. Liburu honek irakurketa desberdinak ditu. Alde batetik, testuak berak beste mundu batera eramaten zaitu. Konbinazio asko egin daitezke. Arbasoekin lotutako istorio bat izan daiteke, ingurugiroaren zaintzarekin, beste plano batean psikologikoa izan daitekeela edo zerbait nahi duzunean gauzak egitea eta lortzea kostatzen dela, baina batzuetan arriskatu behar dela; gauzak gaizki ateratzen direla, baina ez duela esan nahi ez direla egin behar. Gure asmo nagusia istorio errebelde bat islatzea zen. Zapalkuntzaren kontrako istorio bat haurren kodigoetara moldatuta. Espetxeen ideia hor ere dago, nahiz eta espetxe hitza ez den aipatzen. Ilustrazioan ikusten da zer gertatzen zaio protagonistetako bati.

Zein protagonista daude?
A. Rolihlahla, bere laguntzailea Urdin, gaizkilea Zuri deitu diogula eta gero komunitatea. Hasieratik bukaerara ateratzen da komunitatearen indarra.

Nolakoa izan da ilustrazioen sortze prozesua?
A. Eskuz egina dago. Marraztea asko gustatzen zait, eta ez naiz oso abila digitalki. Ilustrazioaren mundua, mundu bat da. Ilustratzaile bakoitzak bere sormena dauka, bere teknika, eta gauza oso ederrak daude. Kasu honetan kolasa egin dut. Agertzen den gauzatxo bakoitza kartulina batean marraztu dut, moztu eta gero jolastu egiten nuen. Digitalki egingo banu bezala, baina eskuz. Behin ongi ikusten nuela, itsasten nuen. Gero eskaneatu genituen, eta egia esan neurri horretako eskanerrak ez dira oso ohikoak. Gainera, kolasa zenez ezin zen edozein tokitan sartu. Azkenean, topatu genuen leku bat hain tamaina handiko ilustrazioak hartzen zituena. Maketazioan Olatz Aldasorok lagundu digu eta inprentaren arteko zubia izan da ere.

Igandean Etxarri Aranazko kultur etxean aurkeztuko duzue. Nolakoa izango da?
A. Aurkezpen berezia izatea nahi genuen, eta Joxeren ipuina kontatzeko eta antzezpena baliatu dugu.
J. Album ilustratua da, baina garrantzia handia ematen diogu ahozkotasunari ere. Nahi genuen haurrak albuma eramateaz gain, eramaten badute, gutxienez istorio bat eramatea etxera. Jendeari ipuinak kontatzera animatu nahi diogu ere. Guztira, hiru ipuin kontatuko ditugu: Afrikako bi herri ipuin girotzeko, eta azkenekoa Rolihlahla istorioa izango da.
A. Ilustrazioak ere bertan jarriko ditugu ikusteko nola egin den; prozesua ikusteko.

Zenbat urtetako haurrei bideratuta dago?
J. 5 edo 6 urteko haur batek irakurri zuen eta istorioa ulertu zuen. Testuak badauka bere gauza. Ez da kontakizun oso sinplea.
A. Poesia puntu bat badauka.