Amak, Bulego, Unidad Alavesa, Leihotikan, Zelanda, Onki Xin, McOnak eta Modus Operandi taldeek osatzen dute 2022ko Zama Doinuz Arindu jaialdiaren kartela. Gainera, Antton Telleria, Mirari Martiarena, Joxe Aldasoro eta Nerea Arriola bakarrizketalariek parte hartuko dute ere. Elkartasun jaialdia urtarrilaren 16an, igandea, izanen da, Etxarri Aranazko kultur etxean. Egoera zaila den arren aurrera egin nahi dute antolatzaileek, Etxarri Aranazko Sare Herritarrak eta herriko presoen senide eta lagunak: "Azken urtean urratsak eman direla, baina oraindik orain urrunketak eta, oro har, salbuespenezko espetxe politikak indarrean jarraitzen dutelako". Zazpigarren edizioaren mezua "gatazkak oraindik orain itxi gabeko ondorioak" dituela izanen da. Sarrerak dagoeneko eros daitezke Etxarri Aranazko Udaleko webgunean eta Xapatero eta Leku Ona tabernetan.