Pala

Sakanako Nesken Pala Torneoa igandean erabakiko da

Maider Betelu Ganboa 2021ko abe. 23a, 13:00

Emakumezkoen pala partida.

Gure Pilota Sakanako XVII. Nesken Pala Torneoko final handiak hartuko ditu igandean, abenduaren 26an, Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuak. 11:00etan Lehen Mailako finala jokatuko da, eta segidan Elite Mailakoa. Gaztetxoen mailako finalak abenduaren 23an izanen dira, 16:30etik aurrera

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta Etxarri Aranazko Gure Pilota Klubak antolatutako Gure Pilota Sakanako XVII. Nesken Pala Torneoa aste honetan erabakiko da. Asteburuan torneoko finalerdiak jokatuko ziren Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan, eta toki berean jokatuko dira final handiak. Gaztetxoak kategoriako finalak ostegunean, abenduaren 23an, erabakiko dira, 16:30etik aurrera. Helduen Lehen Mailako eta Elite Mailako finalak igandean jokatuko dira, abenduaren 26an, 11:00etatik aurrera. 

Maila handiko txapelketa da Sakanakoa, palista onenak lehiatzen direlako. Bikote oso orekatuak egiten saiatzen da antolakuntza, eta horrek txapelketaren ikusgarritasunean emaitza du, orain arteko partidetan emaitzak estu-estuak izan direlako. Asteburuan jokatutako finalerdietan bezala. Lehen mailan, Gure Pilotako Naroa Otxoa etxarriarrak eta Olatz Zulaika gasteiztarrak 25 eta 16 hartu zituzten mendean Nahia Eizmendi eta Andrea Lusarreta, partida borrokatuan. Bigarren finalerdia are estuagoa izan zen. Uxue Agirresarobek eta Olaia Eizagirre etxarriarrak bi tantoren aldearengatik galdu zuten, 23 eta 15, Saioa Berakoetxearen eta Paula Gorostiagaren kontra. Beraz, Zulaika-Otxoa eta Berakoetxea-Gorostiaga bikoen arteko final handia oso borrokatua izango dela ez dago zalantzarik. Ea Naroa Otxoak Lehen Mailako bere lehen txapela lortzerik duen. 

Eliteen mailan ere estu joan ziren finalerdiak. Tanto baten aldearekin sailkatu ziren final handira Uxue Murillo eta Itsaso Erasun, Leire Galdosi eta Maider Huiziri 25 eta 24 irabazita. Aldiz, Amaia Irazustabarrenak eta Gure Pilotako Irati Igoa etxarriarrak 17 eta 25 irabazi zieten Irati Saragetari eta Ariane Arrietari. Murillo-Erasun eta Irazustabarrena-Igoa bikoen arteko finala ere handia izango da. Ea Irati Igoak bigarren txapela jarraian janzten duen. 


Gure Pilota Sakanako XVII. Nesken Pala Torneoa
Finalak
Abenduak 23, 16:30ean, gaztetxoen finalak

Abenduak 26, 11:00etan, helduen finalak:
-Lehen Maila: Olatz Zulaika-Naroa Otxoa / Saioa Berakoetxea-Paula Gorostiaga 
-Eliteak: Uxue Murillo- Itsaso Erasun /  Amaia Irazustabarrena-Irati Igoa

Finalerdien emaitzak
-Lehen Maila:
Olatz Zulaika-Naroa Otxoa 25 / Nahia Eizmendi-Andrea Lusarreta 16
Uxue Agirresarobe-Olaia Eizagirre 23 / Saioa Berakoetxea-Paula Gorostiaga 25
-Eliteak:
Uxue Murillo- Itsaso Erasun 25 / Leire Galdos-Maider Huizi 24
Irati Sarageta-Ariane Arrieta 17 / Amaia Irazustabarrena-Irati Igoa 25