Luis Asensio de Miguel

"Figura txikirik ez dut lortzen"

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko abe. 28a, 13:00

Etxeko estalpeak gordetzen du han jarritako jaiotza. Kalean egonik, Bureña auzoko Opolin kaletik hainbat dira Luis Asensio de Miguelen jaiotza ikustera pasatzen direnak. 

Joan den asteaz geroztik etxeko ate ondoan dago erakusgai.

1. Nondik heldu zaizu zaletasuna?
Nire etxean betidanik egon dira jaiotzak. Etxarrin bizi garenetik beti jarri ditugu. Txikiagoak, ez hau bezalakoa. Etxe barruan jartzen genuen, hau kanpoan dago. Itxurako tokia delako, eta oso ongi gelditzen da. Eta urak ihes egiten badu, kalera doa. Ez dago arazorik. 

2. Eta nolakoa jartzen zenuten etxean?
Sorian txikitxo bat genuen, portale batean, izkinan. Baina Etxarrira etorri ginenetik pixka bat handiago bat jartzen genuen. Amaren etxean beti jartzen genuen jaiotza. Gero handiago bat, mahaitxo baten parekoa edo. 

3. Noiz jartzen duzu jaiotza?
Joan den astean. Guk, normalean, jaiotza abenduaren 24an pizten dugu. Norbait begira badago pizten dugu. Baina, bestela, 24an gaueko mezara joaten garenean pizten dugu jaiotza. Eta 25ean baliteke egun guztia piztuta egotea, jendea ikustera etortzen baita. 

4. Muntatzea kostatzen da?
Joan den astean lau egunetan egon nintzen prestatzen, tarte batez egunero. Zorionez arratsaldean eguzkia atera zen eta hor kalean ederki jotzen zuen. Laino egun bat balitz, hotzez akabatzen egonen nintzateke. Jaiotza egindako modulutan banatuta dago. Sei dira. Haiek hartu eta muntatzea besterik ez da. Nahi izanez gero urte batetik bestera bideak desberdinak egin ditzakezu. 

5. Bakarrik aritzen zara, edo laguntza duzu?
Nik bakarrik egiten dut. Etxolak, gazteluak, iturriak, jaiotzak, kortak… etxean egin ditut. Iturrietako bat Leteren etxe parean zegoenaren berdina da, izarra. Poliespanarekin eginak daude eraikinak.  Pinuak ere nik egindakoak dira. Fardoetako sokekin eginak daude. Muntatzen lagundu egiten didate. Semeak igotzen laguntzen dit, bestela nik ezinen nuke igo.  

6. Figurarik gabeko gabeko jaiotza ez da ezer. Berritzen zoaz edo betikoak dira?
Figura zaharrak dira, baliorik gabekoak. Baina orain halako figura txikirik ez duzu lortzen. Zeren etxe txikiak badira ez duzu figura handi bat sartuko. Ardi, zaldi, ahuntz edo halako zerbait gehiago opatu nahi nituzke, baina hiruzpalau cm-ko altuerakoak. Interneten begiratzen hasten zara eta halako txikikeria batek hiruzpalau euro balio ditu. Eta hogei erosi behar badituzu, dirua da. 

7. Urtetik urtera berrikuntzak sartzen dituzu?
Bai, paretako iturria berria da, ez da lehen zegoena. Joan den urtean ur ihesa izan zuen eta ezin zen konpondu. Hura bota eta berria egin dut. Hondatzen dena berritu beharra dago. Ibai bat egiteko asmoa nuen, baina heldu den urterako beharko du. Figura guztiak estatikoak dira. 

8. Nola bururatzen zaizkizu berrikuntzak?
Hemen ibai bat jarriko banu, ederki legoke… Orain ea lortzen dudan ibai bat egitea. Eta ez dezala urak ihes egin. Hori da bestea. Udan, kalean, muntatu behar dut. Urak ihes egiten badu, joan dadila. Ura ateratzean eta biltzean dago arazoa: pertza batera erori behar da, beste aldera joan gero punpak ura igotzeko. Denbora behar da. Iturri berria bi ordutan egin nuen. 

9. Elektrizitatearekin eta iturgintzarekin, guztiarekin moldatzen zara?
Bai, guztiaz arduratzen naiz. Hor bonbilla bakoitzak bi kable ditu. Gehienak LED argiak dira. LED-ekoak lerroan konektatuta joan behar dute, ahalik eta argindar gutxien hartzeko. 12 watioko erresistentzia batera doaz. Jaiotzaren azpiko aldeak elektrizitate zentrala dirudi. Eta iturri bakoitzak bere zirkuitua du. Urak gainezka egiten badu entxufeak eta beste ez bustitzeko moduan jarri ditut kableak. 

10. Inon ikasi duzu?
Olaztiarrak artistak dira. Ikastaroak antolatzen dituzte. Niri han irakatsi zidaten dakidan apurra. Gustura egon nintzen. Ni ez naiz haiek bezalakoa. Haiekin oso eskertuta nago. Zaletasuna duenak eta ikasi nahi duenak handik pasatzea besterik ez du. Berehala lotuko da. 

11. Eta, ez zara haiekin segitzera animatzen?
Ez dut betarik. Ilobak direla, baratza dela, hau eta beste… Olatzagutian erakusketa prestatzeko behar bada martxoan edo maiatzean hasten dira lanean eta azarora arte segitzen dute. Ia egunero joaten dira. Nik dudanarekin nahikoa da. Denbora gehiago eskainiko banio gauza gehiago eginen nituzke, politagoak. Baina ,dena ezin da. 

12. Bisitak etortzen dira? 
Jendea etortzen da, bai. Auzoko haurrak parkean daudenean berehala etortzen dira ikustera. Mugitu izan dute figuraren bat. Eta eraman ere, baina gero bueltatu egiten dizkidate. 

13. Jaiotza erakusketak ikustera joaten zara?
Noizbait Olatzagutira joan naiz. Baina gauez gidatzeko ere gaizki nabil, eta 18:00etan zabaltzen dute haiek. Urteren batzuetan horregatik ez naiz joan. Iruñera ere joan izan naiz. Ez dakit betarik izanen dudan joateko. Baluarten prestatuta dutena oso ongi dago. Han ere nahikoa artistak dira. Olaztiarrak kanpora joaten dira. Behin joan nintzen Kataluniara. Hura gehiegizkoa da. Gustatzen zait erakusketak ikustea. 

14. Bestelako zaletasunik baduzu?
Andra Mari, Konzezio (zaharra) eta San Adrian ermiten maketak eginak ditut. Azken hori bukatu gabe dut, ezkila egokia ezin opatu nabil, edo handiegiak edo txikiegiak dira. Agian hiru urte dira gordea dagoela. Poliespanekin eta egurrarekin eginak daude. Batzuetan habeak poliespanez eginak daude, besteetan egurrez. Baina poliespana kolpe txikienarekin ere hondatu egiten da, ertzak berehala krask egiten du. Baina egurrezko teilatua jartzen baduzu gehiago irauten du. 

15. Herriko ermitak eginda, orain zer?
San Migel eta San Donato egin nahi nituzke.