Astekaria

“Etorkizunean txirrindulariak lagungarria izan nintzela esatea da lortu dezakedan altxorrik hoberena”

Julen Soto Satrustegi 2022ko urt. 4a, 14:10

Egoi Martinez de Esteban.

Bere kirol bizitzan faltan sumatu zuen laguntza txirrindulari gazteei ematea da Egoi Martinez de Estebanen helburua.

Berehala zortzi urte beteko dira Egoi Martinez de Esteban txirrindulari ohia 2013an azken aldiz profesionalki lanean ibili zenetik. Gaur egun etxarriarrak kirol horri lotuta jarraitzen du, nahiz eta beste modu batera izan. Txirrindularien ordezkaria da, eta orain profesionalki jarduten duten txirrindulariekin egiten du lan. 

Abenduaren 28an zortzi urte egingo ditu erretiratu zinenetik. Zer sentiarazten dizu honek?
Ez da erraza. Bizimodu erabat ezberdina daukat. Egunero betebehar bat, motibazio bat, ilusio bat daukazun bizimodu batetik ezberdina den beste bizimodu batera pasatzen zara, askatasun askoz gehiagorekin, baina erreferentzia gutxiagorekin, eta ez da erraza. Hasiera batean kostatu zitzaidan, ez zen erreza izan pausoa ematea. Baina denborarekin ikasten duzu beste erritmo batean bizitzen, eta orain beste fase batean nago, askoz hobe, nahi dudana egiten dut eta gehiago disfrutatzen dut. Nire bizimodu berria askoz hobeto eramaten dut. 

Orain txirrindularien ordezkaria zara. Nola hasi zinen honetan?
Nire azkeneko pedal kolpeak ematen ari nintzela, nire ordezkaria zen Angel Edok bere proiektuan laguntzeko eskatu zidanean izan zen, nik txirrindularien eguneroko bizitza errazago edo hobeto egiteko gaitasuna neukala pentsatzen baitzuen, eta hori dela eta pentsatzen ibili nintzen. Hasiera batean ez nekien oso ondo zer zen lan hori, baina beti pentsatu izan nuen nire kirol bizitzan pertsona bat faltan bota nuela, nire lagun, familia ordezkari edo gidari moduko bat. Ikusi nuen figura hori betetzeko ahalmena edo ilusioa baneukala eta horrela hasi nintzen, pixkanaka kirolariengana hurbiltzen. Lehenengo urtea nire ahalmena frogatzeko hartu nuen. Gauzak ondo atera ziren eta hemen gaude, zazpi urte beranduago eta jarraitzeko asmoz.

Ez zenuen aukera ikusten txirrindularitza guztiz uzteko, eta bertan jarraitzeko beste bide bat ikusi zenuen.
Bai, garrantzitsua da zuk esaten duzuna. Nik beste modu batean jarraitzeko aukera eduki nuen, baina kirolak daukan gauza txarretako bat etxetik kanpo egun asko pasatzen dituzula da, eta nik ez nuen hori nahi. Txirrindulari bezala gauza asko galdu nituen, gazte garaikoak edota familiakoak, eta argi neukan nire hurrengo lanerako etxeko gizon izaten ere saiatuko nintzela. Normalean etxean nago, bertatik egiten ditut lanak, eta noizean behin txirrindulariekin egoteko edo negoziazio batzuk aurrera eramateko mugitzen naiz. Lan honek bere alde txarrak ditu, baina gauza oso on bat dauka, eta hori etxean nagoela da. Hemen egoten naiz, semeekin egunero nago eta hori da lan hau hartzeko pisu gehien izan zuen arrazoia.

Zer da zehazki lan hau?
Helburua txirrindulari batek lana edukitzea da. Gauzak ondo doazenean ahalik eta diru gehien irabaztea, eta gauzak txarto doazenean talde bat edo aukera bat edukitzea. Horren atzetik gauza asko daude, eta azkenean txirrindulariaren ezinbesteko pertsona bat bihurtzen zara, bai familiaren, bai ekipoaren, bai bikotearen edo eguneroko entrenamenduen lotura modukoa. Lan pila bat dago, eta txirrindulariaren konfiantzazko gizona bihurtzen zara. Momentu politak elkarrekin bizitzen ditugu, eta momentu txarrak ere. Normalean momentu onetan nik ez dut hori partekatzeko beharrik sentitzen, eta txirrindularia bere familiarekin uzten dut. Momentu txarretan egotea tokatzen zaigu gehiago. Nik uste dut atzetik gauza asko daudela, eta gustatuko litzaidakeena da etorkizunean txirrindulariak esatea lagungarria izan nintzela bere kirol bizitzan. Hori da lortu dezakedan altxorrik hoberena. 

Txirrindulari bezala, nire burua ez zen nire armarik hoberena, eta askotan konfiantzazko pertsona baten falta sentitzen nuen, momentu oro nik zer sentitzen nuen ulertzen zuena.

Gainera zuk ere konexio berezia daukazu txirrindulariekin, zu ere txirrindularia izan baitzara, eta beraien egoeran egon zara. Horrek ere ordezkatzen dituzun txirrindulariekin konexioa handitzen du.
Hori da. Txirrindulari bezala, nire burua ez zen nire armarik hoberena, eta askotan konfiantzazko pertsona baten falta sentitzen nuen, momentu oro nik zer sentitzen nuen ulertzen zuena. Bizitza zaila da eta txirrindularitza oraindik zailagoa, oso emozionala baita. Momentu onak oso politak dira, baina oso gutxi bizitzen dituzu, eta momentu txarrak oso gogorrak dira. Emozionalki hain gogorra den zerbait bizitzean, badaude zorte handiagoa duten batzuk eta beraiek bakarrik emozio horiekin aurrera jarraitu dezaketenak, baina beste askok laguntza behar izaten dute. Nik etapa txar baten ondoren sentitzen duzuna bizi izan nuen, entrenamendu txar baten ondoren, gaixotasun baten ondoren, lesio baten ondoren… Badakit zer sentitzen duen txirrindulariak, zer hitz behar dituen. Hori guztia bizi izan nuen, eta banekien zer sentitu nuen faltan, hortaz, gaur egungo txirrindulariei laguntza hori ematen saiatzen naiz.

Figura honen irudiaren kontra asko kostatu zait, baina zahartzen ari naiz, eta geroz eta gutxiago inporta zait besteek pentsatzen dutena.

Zein izan dira eduki dituzun oztopo eta erraztasunak proiektu berri honekin hasterakoan?
Oztopo handiena ordezkariaren figura da. Ordezkaria ez dago ondo ikusia pelotoian, normalean txirrindularia garestitzen duen pertsona baitzara. Txirrindulariak beti nahi du diru gehiago, eta taldeak beti gutxiago ordaindu nahi du. Orduan, zu zara egoera zail horretan aurpegia eman behar duena. Normalean txirrindulariak beti pentsatzen du daukana merezi duela, eta taldeak beti pentsatzen du ordezkaria hor egongo ez balitz txirrindularia merkeagoa izango litzatekeela. Kirol munduan askotan ikusi izan da ordezkaria diruan bakarrik pentsatzen duen pertsona bat bezala. Honek negoziazio bat itxi nahi du horretatik portzentaje bat irabazten duelako, eta zenbat eta negoziazio hobea, orduan eta portzentaje handiagoa… Figura honen irudiaren kontra asko kostatu zait, baina zahartzen ari naiz, eta geroz eta gutxiago inporta zait besteek pentsatzen dutena.

Zer uste duzu dela garrantzitsuena lan hau ongi egiteko?
Gauzak argi eta moral puntu bat edukitzea. Nik uste dut alde guztiak pozik sentiaraztea lortu daitekeela. Askok esango dizute ordezkari ona izateko pertsona hotza izan behar zarela. Azkenean, ordezkari onena zein da? Kontratu handienak lortzen dituena. Beno. Beste batek esan dezake kontratu justuak lortzen dituena dela onena. Niretzat ordezkari onena gauza justuak egiten dituena da, oreka horretan, txirrindulariak soldata on bat dauka, eta taldea sinatu duen kontratuarekin pozik dago. Zaila da, baina lortzen duzunean oso polita ere bai.

Nola ikusten duzu txirrindularitza Sakanan?
Sakanak oso urte onak pasa izan zituen profesional askorekin, Etxarrin bi, Urdiainen hiru, Altsasun bat, Uharten beste bat… Eta orain, ba Gorka Izagirre dago Ziordian bizitzen, nahiz eta hemengoa ez izan, eta Igor Arrieta Uharten. Ez bakarrik Sakanan, Euskal Herrian, eta baita estatuan jaitsi egin da txirrindularitza, argi dago. Ez dakigu zergatik. Beste herrialde batzuetan, Ingalaterran, Danimarkan, edo Eslovenian adibidez, txirrindulari berri asko daude, baina hemen ez. Nik uste dut gauza jarraitzea dela, hemen txirrindularitza garrantzitsua izan da beti, gustatu izan zaigu, eta nik uste dut garai onak itzuliko direla. 

Oraintxe bertan pandemian gaude. Eragin handia izan du zure lan egiteko moduan?
Nahiko ondo salbatu da gauza. Egia esan 2020 urtea zaila izan zen, lasterketa asko ez ziren egin, baina babesleek ondo erantzun zuten, txirrindulariek beraien soldata normalean ehuneko ehuna ez baina maila altu batean lortu zuten, eta zirkuak jarraitu zuen. 2021ean ia lasterketa guztiak egin dira, txirrindulari burbuiletan ez baitziren positiborik egon. Hortaz, ekonomikoki ez da desastre bat izan. Baina pertsonalki niretako, esaterako, bai. Nik daukadan gauza politena txirrindulariekin mantentzen dudan kontaktua da, beraiekin entrenatzea, egun bat elkarrekin pasatzea, eta aurrez aurre hitz egitea. Telefonoz eduki dezakezun elkarrizketa batek ez dauka zerikusirik bizikleta baten gainean daukazun elkarrizketarekin. Bertan konexio berezi bat lortzen duzu, gazteek hitz egiten dizute eta zuk zure iritzia ematen duzu. Askoz politagoa da niretako, eta pandemia honekin kontaktu hori faltan sentitu dut. Orain berriro hasi gara, baina betiere kontuz ibiliz egoera honek jarraitzen baitu, eta nik ez dut nahi txirrindulari batek nirekin egon ondoren positiboa dela esatea. Niretako ez da arazo bat, baina beraientzat bai, ezin baitira lasterketetara joan egun horietan. Hori dela eta kontaktua murrizten duzu gazteekin, eta nire lana ez da hain polita izaten. 


Egoi Martinez de Esteban eta Mulu Kinfen Hailemitxael. EITB

Mulu Kinfen Hailemitxael txirrindulariarekin egiten duzu lan. Nola bukatu duzu berarekin lanean?
Bizitzan bezala, badaude aurkitzen saiatzen zaren gauza batzuk, eta beste batzuk zuri aurkitzen zaituztenak. Nik hori argi daukat. Askotan lortzen dituzun gauza politak, batzuetan zuk bilatzen dituzu eta beste batzuetan zuregana etortzen dira. Eta Mulu niregana etorri zen. Istorio berezi bat da. Duela pare bat urte etiopiar batzuk egon ziren hemen, Euskal Herrian, txirrindulari izaten saiatzen, baina etxera itzuli ziren ez zutelako profesionaletara iristea lortu. Mulu orduan hasi zen txirrindularitzan. Talentu berezia zeukala ikusi zuten eta laguntzen saiatu ziren. Etiopiar haiek bazituzten kontaktu batzuk Euskal Herrian, eta nire berri jakin zuten, orduan Muluk idatzi zidan eta Delko ekipoa lortu genuen Frantzian. Horrela hasi zen. 

Zertan ari da orain Mulu?
Benidorren entrenatzen dago. Hemengo hotza zaila da entrenatzeko eta prestaketa luze batzuk egitea behar zuen, hortaz han dago, baina Etxarrin bizi da. Duela gutxi bere ekipoa desagertu egin zen, eta bi urte oso txar eduki ditu. Hasieran dena oso polita zen, hiru urteko hitzarmen profesional batekin. Lehenengo urtean Covid-a iritsi zen, hortaz ez zuen ia lasterketarik egin. Gero etxera joan zen negu horretan gerra hasi zen han, Etiopian, eta bi hilabete egon zen entrenatu gabe. Etorri zenean bi orno puskatu zituen, hortaz bigarren urtean ezta ez zuen ia lasterketarik egin, eta azkenean berriro hasi behar zenean, aurten, 2021ean, ekipoa desagertu egin da. Heldu den urterako zeukan kontratua. Hau da ordezkarien beste lan bat, arazo guzti hauetan konponbidea aurkitzea. Abokatuekin batera, zeukan kontratua errespetatzea lortu dugu eta dena ordainduko diote. Gauza da, bi urte zail hauen ondoren, orain ekipo txiki batean egotea tokatzen zaigula. Ametsaren lehenengo urratsa, zailena, emanda geneukan, kontratu profesional bat lortzea, eta orain berriro atzera egin dugu. Heldu den urtean ekipo txiki bat edukiko du, lasterketa onekin, eta berriro kontratu on bat edukitzeko borrokatzen saiatu beharko gara.

Nola moldatzen da Etxarrin?
Oso ondo. Hemen berak behar duena aurkitu du. Han gerrak jarraitzen du, ez dauka familiarekin kontaktua, ez daki ezer beraietaz, ezin da etxera itzuli… Berak familia bat, maitasun hori behar zuen, eta Etxarrin aurkitu du. Herri txikia da, denak ezagutzen dugu elkar, eta orain Mulu hemen famatua da! Nirekin familia bat dauka, nire gurasoekin eta nire haurrekin aurkitzen du maitasun hori, eta oso gustura dago. Frantziatik dator eta han etxe batean bakarrik bizi zen. Hemen etxean bezala sentitzen da. Baina barruan beti dauka bere amarekin edota anaiekin ez duela aspalditik hitz egiten, eta ez daki nola dauden. Baina badauka indar oso garrantzitsu bat, momentu honetan bizikleta dena. Horrelako egoeretan bi aukera dituzu, ezer egin gabe bakardadean deuseztatu, edo indar guztia zerbaitetan zentratu, eta berak Etxarrin aurkitu du indar hori, energia guztia txirrindularitzan jarriz. Bai ala bai txirrindulari izaten saiatzen ari da, horrela gauzak konponduko direla eta bere familiari behar duten guztia berak emango diela pentsatzen. 

Nolakoa esango zenuke izan dela Muluren ibilbidea orain arte, bai maila profesionalean  eta pertsonalean?
Oso gogorra. Berak determinazio handia dauka. Etiopian txirrindulari izatea ez da erraza. Bere amarekin urte bat egon zen hitz egin gabe, amak ez zuelako ulertzen. Gainera, bera familiako zaharrena da, ez dauka aitarik, hil egin zen, eta han horrelako kasuetan familiako zaharrenak aitaren papera hartu eta etxeko lanak egiten ditu. Baina berak txirrindulari izan nahi zuen, eta hiriburura joan zen. Hau dela eta, familiarekin kontakturik eduki gabe egon zen urte batez. Gero hiru urteko kontratua lortu zuen, dirua irabazten hasi zen, eta orduan ez hitz egitetik, errege izatera pasatu zen bere etxean. Baina orain ekipoa desagertu eta berriro hasi behar da, bere jaioterrian gerra dago… Mulurekin asko ikasten duzu, nola izan daitekeen norbait hain adoretsu eta hain indartsua. Berak argi dauka daukan energia guztia honetarako erabili behar duela, eta ez malkotan egoteko. Guretzat ere adibide bikaina da.