Astekaria

"Jaialditik pasa direnen zerrendak erakusten du maila"

Eneida Carreño Mundiñano 2022ko urt. 10a, 12:35

2019ko 'Zama doinuz arindu' jaialdiaren aurkezpena. ARTXIBOA

Zazpigarren urtez urtarrilaren 16an Zama doinuz arindu jaialdia eginen dute Etxarri Aranazko kultur etxean. Mikel Mundiñano ikuskizunaren antolakuntza taldeko kidea da.

Beste urte batez, eta dagoeneko zazpi dira, Zama doinuz arindu elkartasun musika ikuskizuna eginen dute urtarrilaren 16an Etxarri Aranazko kultur etxean, Sarek, bertako presoen senideak eta lagunak antolatuta. Bi saio e ginen dira: 17:00etan eta 19:30ean. Dagoeneko sarrerak salgai daude udaleko webgunean, baita herriko Xapatero eta Leku Ona tabernetan ere. Mikel Mundiñano antolakuntza taldeko kidea da.

Zer da 'Zama doinuz arindu'?
2016an Etxarri Aranatzen martxan jarri genuen egitasmo bat da, jaialdi bat, kontzertu ikuskizun bat, Euskal Herriko abeslari ezagunak gurera ekarri eta herriko kultur etxean formatu akustikoan egiten duguna. 2016an ekin genion jaialdiari eta zazpigarren edizioari begira gaude dagoeneko. Aurreko sei urtetan jaialditik pasa direnen zerrendak argi erakusten du zer nolako maila duen ekimenak: Esne Beltza, Oreka TX, Ruper Ordorika, Vendetta, Naroa Gaintza, Tapia ta Leturia, Su ta Gar, Zopilotes Txirriaus, La Chula Potra, Hutsun, Gozategi, Anje Duhalde, Doctor Deseo, Fermin Valencia, Hesian, Gorka Urbizu, Mikel Urdangarin, Niko Etxart, Ines Osinaga, Kutxi Romero, Petti, Gatibu, Ekiza, Irati Lasa, Juantxo Arakama-Lil Martin, Fermin Muguruza-Deskontrol, Pantxoa Carrere, Akelarre, Huntza, Afu, Anari, Esti eta Mikel Markez, Zea Mays, Rottem XIII, Bad Sound, Keu Agirretxe-Haimar Arejita, Estitxu Pinatxo, Juantxo Skalari, Eñaut Elorrieta, Zetak, Brigade Loco, Erramun Martikorena, Skabidean eta Anita Parker.

Zeintzuk dira jaialdiaren helburuak?
Euskal presoei eta haien senide eta lagunei urrunketak eta salbuespenezko espetxe politikak sortzen dien zama arintzea du helburu. Datu esanguratsu bat: azken 46 urtetan, hamabost hilabete besterik ez dira egon, Etxarri Aranazko herritarren bat preso edo exilioan egon gabe. Denbora honetan, 40 etxarriar inguruk ezagutu dute kartzela, osotara hirurehun urte baino gehiagoko espetxe zigorra pilatuz. Datu horiek izugarriak dira 2.500 biztanle dituen herri txiki batendako. Gaur egun Asierrek, Luisek, Gurutzek, Juan Ramonek, Unaik eta Karlosek espetxean segitzen dute. Gatazkak oraindik orain itxi gabeko ondorioak ditu. Kartzela politika anker honek giza eskubideak urratzen ditu. Motxila horren zama, zentzu guztietan, arintzeko ariketa da ikuskizun hau. Azken hilabetetan urrats garrantzitsuak eman badira ere oraindik bidea dugu egiteko. Urrunketarekin amaitu beharra dugu, eta salbuespen legedia behin betikoz amaitu, etxerako bidea egin dezaten behingoz euskal preso guztiek. Bitartean, zama arintzen segituko dugu.

Nork antolatzen du jaialdia?
Etxarriko Sarek eta herriko presoen senide eta lagunek aurrera eramaten dugun ekimena da. Honetarako propio martxan jarritako lan talde bat dago antolaketan. Laguntzaileen artean Etxarri Aranazko Udala, Ahotsa. info, Naiz eta Hamaika Telebista daude.

Urtero gai bat jorratzen duzue. Zein gai jorratu dira orain arteko edizioetan?
Gai desberdinak landu izan ditugu, baina guztiek urrunketak eta euskal presoei ezartzen zaien salbuespen neurrien salaketa dute ardatz: urrunketaren gordintasuna, motxiladun umeen errealitatea, senideen zein presoen bizipenak…

Nork parte hartuko du aurten?
Azken sei urtetan bezala kartelarekin oso pozik gaude. Berriz ere lehen mailako musikariak izanen ditugu gure artean. Aldez aurretik, eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartuko duten guziei: Amak, Bulego, Unidad Alavesa, Leihotikan, Zelanda, Onki Xin, McOnak eta Modus Operandi. Gainera, Antton Telleria, Mirari Martiarena, Joxe Aldasoro eta Nerea Arriola bakarrizketalariek parte hartuko dute. Musika estilo desberdinak, adin eta gustu desberdinetarako aproposa. Azkenean, estilo aldetik zortzi talde izanen dira, bakoitzak bi kantu eginen ditu, eta denen artean jaialdi handi bat eginen dute, denen gozamenerako.