Futbola

Etxarrik hiru puntu ekarri zituen Lezkairutik

Guaixe 2022ko urt. 10a, 11:25

Preferente maila. Hamaseigarren jardunaldia: Lezkairu 2 – Etxarri Aranatz 3

Eguberrietako geldialdia ongi etorri zaio Etxarri Aranatz futbol taldeari, itzulera ederra izan baita. Etxarriarrek Lezkairu arerio zuzena izan zuten aurkari asteburuan, eta jaitsiera postuak atzean uzteko ezinbestekoak ziren hiru puntu preziatuak Sakanara ekarri zituzten. 

Partida oso lehiatua izan zen, erritmo bizikoa. Lezkairu izan zen markagailuan aurreratu zena, 2 eta 0. Baina etxarriarrek eusten jakin zuten eta atsedenaldia baino lehen Oihanek sartutako golari esker 2 eta 1 hurbildu ziren markagailuan. Bigarren zatian etxarriarrek ekinean jarraitu zuten, asko baitzegoen jokoan, eta markagailua irauli zuten, 71. minutuan Iñigok bina berdindu eta azken minutuan Xabatek garaipenaren gola sartu zuelako. 

Injertok jarraitzen du Preferente mailako lider (36 puntu) eta Etxarri Aranatz hamahirugarren postuan dago (16 puntu), jaitsiera postuetatik bi puntura. Asteburuan sailkapenean hamargarren den Ondalan taldea hartuko dute San Donaton, eta garaipenaren xendan jarraitu nahi dute etxarriarrek.