Israel Arbizu Albertok (29 urte) 2021 urtea Altsasuko San Silvestreko txapela janzten despeditu zuen, eta COVID-19 gainditu eta gero, urte berria igandean jokatuko duen Altsasuko krosean lan ona eginez hasi nahiko luke. Altsasukoa Nafarroako Banakako Kros Txapelketa izanen da eta bertan espezialista onenak bilduko dira, Espainiako Kros Txapelketako txartela lortu nahian. “Arituko garenen zerrenda ikusita, zaila ez, hurrengoa izango da, baina ez dugu itxaropena galduko” dio etxarriarrak.
Noiztik egiten duzu korrika?
Txikitatik. Dantzaleku Sakanako Altsasuko atletismo taldean aritzen nintzen, oso gustura, baina jende guztia futbolera edo pilotara joaten hasi zen eta bakarrik geratu nintzenez, Burlatara joan nintzen, Hiru Herri klubera, ordutik nire taldea denera.
Hiru Herrin sakandar bakarra zara?
Ez, aurten Ihabarko Mikel Astiz triatleta hasi da taldean.
Igandean jokatutako Elgoibarko Nazioarteko Krosean proba bukatu zuen sakandar bakarra izan zen Mikel.
Bai. Bere lehenengo krosa izan zen, eta esan nion ezin izan zuela mustutze hoberik izan.
Zuek Hiru Herrin, beste hainbat sakandar Beste Iruña taldean–Iraitz eta Adur Senar, Asier eta Leire Estarriaga, Izaskun Beunza…– eta Dantzaleku Sakana Atletismo Klubean makina bat sakandar. Pike sanoa al duzue?
Bai, pike sanoa dugu eta harreman ona. Eguerdian egon naiz Asierrekin korrika egiten. Nahiz eta klub ezberdinekoak izan, entrenatzeko elkartzen gara eta oso giro ona dugu denok.
Azkenaldian izan dituzun emaitzak ikusita, badirudi azken urtean atletismoan zentratuago zaudela.
Hala da. Atletismoa kirol gogorra da. Asko zaindu behar duzu, entrenatu, asteburutan ez atera... Sasoian egoteko urte guztian barna zaindu behar duzu. Gurea epe luzeko kirola da. Agian hiru urte zaude entrenatzen, denbora edo emaitza jakin batzuk dituzu, eta bat batean urte horretan zure markak pila bat hobetzen dituzu. Hori gertatzen da urte batzuetan konstante izan zarelako. Nik ez dut konstantzia hori izan. Orain arte nik ez dut denboraldi oso bat inoiz egin; joan zen urtean, 2021ean osatu nuen nire denboraldi oso bakarra, hau da, neguan krosa egin, udaberrian pista, gero errepidea…
Beraz, konfinamenduan atletismoan gehiago zentratu zinen.
Bai, niri konfinamendua ongi etorri zait, egia esan (kar, kar…).
Ordutik lortu dituzu emaitza onenak. 2020an Los Arcosen Nafarroako 5 Kilometroko Txapelketa herrikoian hirugarren izan zinen, eta 2021ean Nafarroako Milian txapeldunordea izan zinen, otsailean Altsasuko Kros Luzean zortzigarren izan zinen, azaroko Lizarrako Kros Laburrean zazpigarren eta denboraldia borobiltzeko Altsasuko San Silvestrea irabazi zenuen, zure lehendabiziko garaipena.
Bai, nire lehendabiziko garaipena Altsasuko San Silvestrean lortu nuen. Ilusioa egin zidan, oso kontentu. Pandemiagatik ez zen betiko ibilbidea izan, multzoka atera ginen, ez zen betiko ordua, eta probak xarma asko galdu zuen, baina hala ere kontentu nago. Osasun egoeragatik ezin izan nuen garaipena parranda batekin ospatu, baina arratsaldean lagunekin ardo batzuk gustura hartu nituen.
Altsasuko San Silvestrea irabaztea espero al zenuen?
Ez. Nik uste dut proba bat irabaztea ez dela sekula espero. Atletismoa, azkenean, zenbakiak dira. San Silvestrea baino aste bat lehenago 3.000 metroko lasterketa bat egin nuen Donostian, eta marka oso ona egin nuen. Marka hori ikusita, esaten zidaten: “marka horrekin ez duzu San Silvestrean arazorik izango”, eta nik erantzuten nien: “marka ona da, baina egun horretan lasterketara joan beharko da eta irabazi”. Irabazi arte nik ez dut inoiz esango faborito argia naizela.
Korrikalariek entrenatzen bezainbeste ordu sartzen dituzue egindako entrenamendu eta lasterketen denborak eta zenbakiak begiratzen eta analizatzen.
Egia esan mundu honetan ibiltzen garenak nahiko frikiak gara (kar, kar…). Entrenamendu on bat egin eta berehala datuak lagunei bidaltzen dizkiezu. Friki hutsak gara.
Aurreko igandean Elgoibarko Nazioarteko Krosean aritzeko asmoa zenuen, baina azkenean ez zinen atera.
Parte hartzekoa nintzen, baina COVID-19 gaitzaz kutsatu nintzen eta ezin izan nuen. Sekulako pena. Gaixotasunagatik bi egun nahiko gaizki pasa nituen. Korrika egitera atera nintzen lehen egunean birikak oso azkar betetzen zitzaizkidan. Egun horretan korrika gutxi egin nuen, erritmo oso mantsoan, eta zer pentsa eman zidan, baina hurrengo egunean atera nintzen eta oso ongi ibili nintzen. Ordutik normal entrenatu dut, baina igandean esango dizut nola nagoen, Dantzalekun.
Begirada Altsasuko krosean duzu. Jende asko ibili da azken egunotan ibilbidean entrenatzen. Zu ere?
Asteburuan Ardoikoak etorri omen ziren entrenatzera, baina nik larunbat eguerdian joateko asmoa dut. Asteazkenetik ez du euririk egin, eta astebururako ere ateri egongo omen da. Beraz, igandean ibilbidea nola egongo den ikusteko hobeto aurreko egunean joatea.
Altsasuko kroseko proba nagusian 9.800 km dituzue aurretik. Proba gogorra da.
Bai, gogorra da. Lokatza, harriak, sustraiak... ibilbidean denetatik dago. Kros batek ez du asfaltoko lasterketarekin zerikusirik. Hanketan beste indar bat izan behar duzu, bestela oso luzea eta oso gogorra egiten zaizu.
Krosean, pistan edo asfaltoan hobe?
Esango nuke hiruretan nahiko erregularra naizela. Hiruretan ongi moldatzen naiz; agian, okerren, errepidean. Krosean eta pistan errendimendu gehiago ateratzen dut.
Altsasuko Krosa aldi berean Nafarroako Banakako Kros Luzeko Txapelketa da, eta lehendabiziko postuetan sailkatzen diren korrikalariek ilbeltzaren 30ean Jaenen jokatuko diren Espainiako Txapelketarako txartela lortuko dute.
Bai, Altsasukoak sekulako saria du: Espainiako Txapelketara sailkatzea. Ez dakit lehenengo seiak edo zazpiak lortuko duten hori. Izan ere, Tuterako Nassim Hassaous korrikalariak dagoeneko Espainiako Txapelketan aritzeko plaza ziurtatuta du. Bera beste maila batean aritzen da, oso ona da. Ez du Altsasuko Krosean parte hartuko, eta, hortaz, ziurrenik lehenengo sei sailkatuek lortuko dute Espainiako Txapelketetarako tokia, Nafarroako selekzioarekin.
Nortzuk dira faboritoak? Postu horien artean sailkatzeko aukera ikusten duzu?
Niretako, zalantzarik gabe, joan den urtean Altsasuko Kros Herrikoia irabazi zuen Abdelkader Louaar da faborito argia. Marokoarra da sortzez, baina nazionalitateko paperak lortu ditu, eta jada nafarra da. Eta, gero, betikoak daude: Javier Nagore, nire taldekide Atharratze Rota eta Miguel Aristu, Estanis Ruiz, Iker Diges, Ayrton Azkue... aurten jende oso ona ariko da, eta lehen postu horietan sartzea oso oso zaila izango da. Emakumezkoetan, aurreko igandean Valentzian ikusgarri aritu zen Maitane Melerok uste dut ezingo duela aritu, baina nire taldekide Vanesa Pacha ezaguna egongo da, Ainara Alcuaz, oso ongi ari dena...
Eta baita zurekin San Silvestre irabazi zuen Izaskun Beunza olaztiarra (Beste Iruña) ere.
Bai, sakandar dezente egongo gara proba nagusian: Mikel Astiz nire taldekidea, Dantzalekuko Jabi Gasanz, Eukeni Goikoetxea, Iban Sobredo, Fermin Azkargorta, Aritz Etxeberria, Isidro Asurabarrena, Beste Iruñeko Senar anaiak, Izaskun Beunza, Eneritz Karasatorre eta ni neu. Talde majoa.
Bertakoek ibilbidea oso ongi ezagutzen duzue eta hori alde izango duzue.
Ni oso motibatuta nago. Lizarran bezala aterako naiz; hau da, ez naiz onenekin joango, eurek beste erritmo bat dutelako. Bigarren taldean geratuko naiz. Ea bateren batek egun txarra duen; nik, aldiz, nire egunik hoberena izan beharko dut. Ea zortea alde dugun eta aurreko postu horietako batean sartzen garen. Oso zaila ikusten dut, egia esan, baina saiatuko naiz. Sentsazioak onak dira. Igandean serie batzuk egin nituen eta oso gustura ibili nintzen, eta asteazkeneko serietan ikusiko dut ea ondo nagoen (elkarrizketa asteartean egin zen).
Espainiako Txapelketarako sailkatzea lortuko bazenu...
Kristorena litzateke, egundokoa (kar, kar…)
Lanaldi zatituan egiten duzu lan Ramos Electricidad enpresan. Nola moldatzen zara lana eta entrenamenduak uztartzeko?
Ero baten moduan ibiltzen naiz, egia esan. Esaterako, astelehenean zazpietan atera nintzen lanetik, eta zegoen eguraldi petralarekin, frontala hartu eta pentsatu nuen: “baina nora noa ni horrela?” Baina igandean Altsasuko Krosa zela gogoratu, eta atera nintzen. Serieak egitera Burlatara joaten naiz, kalitatezko entrenamendu on bat ateratzeko jendea behar duzulako. Bakarrik arituz gero, ez duzu ateratzen barruan duzun guztia, zure burua estutu beharra duzu zure onena ateratzeko, eta Burlatako taldekideekin entrenamendu onak egiten ditugu. Baina gainontzeko entrenamenduak Etxarri ingurutik egiten ditut.
Fresko baina eguraldi eguzkitsua iragartzen dute iganderako. Altsasuko Krosa are politagoa izango da.
Bai. Sakandar guztiak Dantzalekura gerturatzea animatzen ditut, igandeko krosa sekulako ikuskizuna izango delako. Eguraldi ona, zirkuitu polita, lasterketa jarraitzeko toki ederrak eta sekulako maila egon behar da. Korrika asko egingo da, Nafarroako korrikalaririk onenak etorriko direlako, Espainia mailan oso ongi ibiltzen den jendea.
Agian bertakook ez dugu horrenbeste baloratzen, baina Altsasuko zirkuitua ikusgarria da.
Bai. Iruñekoek esaten dute Altsasukoa dela Nafarroan dagoen benetako kros bakarra. Lizarrako eta Tuterako zirkuituak... azkenean ez dira basoan jokatzen, Altsasun bezala. Horregatik Altsasuko lasterketara hurbiltzera animatzen dut jendea, ikuskizun handia izango delako. Goiz pasa ederra egin daiteke. 9:45ean proba herrikoia izango da, oso polita izaten dena, bertako korrikalari askorekin. Benetako krosa zer den probatzeko aukera bikaina. Gero Nafarroako Kirol Jolasetako erreleboak jokatuko dira, eta, azkenik, Altsasuko Krosa, Nafarroako Txapelketa izanen dena, ordu bata inguruan. Dantzalekun taberna dago, igandeko marianitoa eta fritoa dastatzeko. Beraz, ez dago aitzakiarik.
Eta Altsasuko Krosaren ondoren zer? Zein asmo dituzu denboraldirako?
Ilbeltzaren 23an Nafarroako Pista Estaliko Atletismo Txapelketa jokatuko da Anoeta Belodromoan, Nafarroan pista estalirik ez dagoelako. Oraindik ez dakit ariko naizen, baina arituz gero 1.500eko lasterketan edo 3.000koan parte hartuko nuke. Ondoren, astetxo batez atseden hartuko genuke, neguko entrenamendu guztiak errekuperatzeko, eta maiatzean eta ekainean jokatuko den pistako denboraldia prestatzeko aurre denboraldia hasiko genuke.