Gaztetxokoak bihar zabalduko ditu ateak

Guaixe 2022ko urt. 21a, 11:05

Gaztetxoak murala margotzen gaztetxokoan. ARTXIBOA

11 eta 16 urte arteko gaztetxoek erabil dezakete, bihartik maiatzaren 29ra arte.

Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi duenez, gaztetxokoak larunbatean zabalduko ditu ateak. Aurreko ikasturtean, 2020-2021ean, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiagatik gaztetxokoa itxita egon zen. Ateak honako ordutegian izanen ditu zabalik gaztetxokoak: larunbatetan 17:00etatik 21:00etara eta igandetan 17:00etatik 20:30era. Gaztetxokorako sarbidea 11 eta 16 urte arteko gaztetxoek izanen dute. Beti ere, aurretik izena emanda badute. Horretarako, adin tarte horretako gaztetxoen gurasoei jakinarazpena bidali die udalak. Izena emateko edo zalantzak argitzeko udaletxetik bulego ordutegian pasa, 606 239 008 telefonora 09:00etatik 14:00etara hots egin, edota kultura@etxarriaranatz.eus helbide elektronikora idatzi behar da.