Etxarri Aranazko Gazte Asanbladako (EGA) kideak urte lanpetua dute aurretik, urteurren bikoitza ospatuko baitute. Alde batetik, gazte erakundea 1982an sortu zenetik 40 urte pasa dira. Eta bestetik kale Nagusiko 32. zenbakian dagoen gaztetxeak 15. urteurrena du. Bi data horiek kontuan izanda, EGAko kideek urte guztirako egitaraua prestatzea erabaki dute. EGAko kide batek azaldu duenez, “bizi dugun egoera dela eta urte guztiko egitaraua aurkeztea zaila denez, gaur apirilera artekoak aurkeztuko ditugu”. Gaineratu duenez, “urtean zehar data esanguratsu batzuk finkatu ditugu eta horien berri ere emanen dugu”.
Aipatutakoaz aparte, gaurko gaztetxeko aurkezpenera joaten direnek EGAren eta bi gaztetxeen historia biltzen duen dokumental baten aurrerapena ikusteko aukera izanen dute. Aurkezpenaren ondoren, 21:00etan, musikari etxarriarrek kontzertu akustikoa emanen dute. Oholtzara jotzera eta kantatzera igoko dira Fran Urias, Armo, Xanet, Juanpa Agirre eta Hanot.