Futbola

Etxarrik dominatu zuen, baina Injerto liderrak eskuratu zituen hiru puntuak

Guaixe 2022ko urt. 24a, 10:45

Etxarri Aranatz futbol taldea. INJERTO

Preferente Maila. Lehen Multzoa. Hemezortzigarren jardunaldia: Etxarri Aranatz 0 – Injerto 2

Preferente mailan, Etxarri Aranatzek Injerto liderra hartu zuen San Donato futbol zelaian. Bi taldeek lehia bizia eskaini zuten, asko baitzuten jokoan: Injertok lidergoari eustea, eta Etxarri Aranatzek jaitsiera postuetatik alde egitea. Etxarri Aranatzek dominatu zuen, baina kontrako atean ez zen oso fin ibili. Aldiz, bere lehen aukera bikain aprobetxatu zuen Injertok, eta 12. minutuan gol ikusgarria sartu zuen Goikoetxeak, areatik kanpotik sartutakoa. Etxarrik ez zuen etsi eta saiatu zen, baina ez zuen kontrako atean asmatzen. Liderrak ez zuen aukerarik galdu eta 46. minutuan korner baten ondoren Injertok Etxarriren atea zulatu zuen bigarrenez. Bigarren zatian Etxarri Aranatz saiatu zen, baina ez zen gol aukera argirik sortzeko gai izan eta hiru puntuak Berbintzanara joan ziren. 

Injertok jarraitzen du lider (43 puntu), puntu batera Larragako San Miguel taldea duela (42 puntu). Etxarri Aranatz hamalaugarren postuan dago, jaitsiera postuetan (16 puntu). Datorren jardunaldian sailkapenean azkena den Bidezarra taldearen kontra jokatuko du Etxarri Aranatzek.