Astekaria

Herri kulturgintzaren zenbait istorio

Guaixe 2022ko urt. 25a, 11:52

'Bidaide' antzezlanaren sorkuntza. MENDI URRUZUNO

Etxarri Aranatz ' Geuretik sortuak' Udalbiltzaren kultur ekimenaren parte izan zen, eta horregatik proiektuan garatutako bost antzezlanak herriko kultur etxean izanen dira. Lehenengoa ilbeltzak 28an, Metrokoadrokaren ‘Bidaide’

"Azken urtetan, globalizazioarengatik eta espainiar eta frantziar estatuen ahalbide guztiengatik, atzerriko hizkuntzetan egindako kultura nagusitzen ari da, gure hizkuntzan egindako artearen kalterako". Egoera horri erantzuteko Udalbiltzak Geuretik sortuak euskal kultur proiektuak martxan jarri zuen. Helburua euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena da, baita ekoizpena sustatzeko dituen zirkuitu bat sortu ere. Udalbiltzak eskainitako beken bidez, 25 bat artistek egonaldiak egin zituzten Euskal Herriko zenbait txokotan. Hiru sailetan banatu zituzten lanak: literatura, zinemagintza eta antzerkigintza. Sakanaren kasuan, Yolanda Arrieta Etxarri Aranatzen egon zen liburua sortzen.

Sorkuntza prozesua amaituta, euskal artisten lanak aurkezteko garaia heldu da, eta Etxarri Aranatz Geuretik sortuak ekimenaren egoitza bat izanik, ekimenean sortutako antzezlanak eskaintzeko aukera izanen du. Hortaz, ilbeltzaren 28an, ostirala, 19:00etan, Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Bidaide antzezlana izanen da Etxarri Aranazko kultur etxean. Martxoaren 25ean Bonbon beltz konpainiaren Harri minak antzezlana izanen da, apirilaren 8an Tanttakaren Sexberdinak, apirilaren 19an Oier Zuñigaren Eresia eta uztailaren 20an, kalean, Lore Moreren Trapu zikinak antzezlana. Gainera, otsailaren 3an Yolanda Arrietak herrian inspiratutako Hamazazpigarrenean aidanez liburua aurkeztuko du.

Herriko kultura
Metrokoadroka Sormen Lantegiak Atarrabian eta Uharten egin zuen egonaldia. "Sormen egonaldiak bi herrietan egin ditugu, eta bertako kulturgileei eginiko elkarrizketak izan dira obraren ardatza". Bertako artistek kontatutakoa "inspirazio iturria" izan dela esan dute konpainiako Iraia Elias eta Idoia Beratarbide kideek. Bidaide antzezlanak "herriz herriko kulturgileei" hitz egiten du. "Gure irudipena, gaiari dagokionez, gutxitan landu den kulturari buruzko ikuspegi bat eskaintzen saiatu garela da". Gai nagusiak anonimotasuna, ikusezintasuna, kontatu gabekoa, artea eta herrigintzaren arteko harremana eta abar dira, "modu poetiko eta umoretsuan". Antzezlanean kontatzen direnak "edozein herriko kulturgileek" ezagutuko dituela esan dute.

Geuretik sortuak Udalbiltzaren ekimenak "sorpresaz" hartu zituen, "euskal antzerkiko eragileok urte luzez aldarrikatzen ari garen gauza asko aintzat hartzen zituelako: sormen prozesuaren garrantzia, euskarazko sorkuntzari zentralitatea ematea, berezko estetikaren bilaketa, laguntzaren barruan sortzaileen sormen askatasuna errespetatzea, sorkuntzarako baldintza egokiak bermatzea eta sortu osteko banaketarako baliabideak jartzea".

Bidaide antzezlana Atarrabian eta Uharten mustu zuten, lana sortu zuten herrietan. “Lehenengo saioa guretzat proba moduako izan zen”. Bigarrenari begira eta lehenengoaren esperientziarekin “azken ukituak” eman zizkioten, “eta oso ondo funtzionatu zuen”. Publikoa oholtzan ikusten duen egoerekin identifikatzen da, “askok bizi izan ditugulako modu oso anitzetan herriz herriko kulturgintzaren eta antolakuntzaren dinamikak”. Publikoak “barre asko” egin zuen.